Herri burujabea izateko bidean

Hernaniko zenbait eragilek elkarlanean proiektu bat sortu dute, egungo eredu sozioekonomikoak kezkatuta: Hernani Burujabe. Tokiko garapen «jasangarrian» oinarritzen da.

Hernani Burujabe proiektuaren aurkezpen ekitaldia, Hernanin. HERNANIKO UDALA.
Oihane Puertas Ramirez.
Hernani
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Urtebete daramate lanean Hernaniko (Gipuzkoa) hainbat sektorek gaur egungo «eredu sozioekonomiko kapitalistari» aurre egiteko asmoz. Horretarako sortu dute Hernani Burujabe proiektua; orain arteko ereduarekin «hausteko» eta baliabideen gaineko burujabetza «berreskuratzeko».

Pandemia garaian hasi ziren proiektua lantzen; izan ere, Kontxi Zubiondo Henase baserritarren elkarteko lehendakariordearen arabera, koronabirusak «hankaz gora jarri zuen herri osoa», eta orduan hasi ziren «hobeto» ikusten Hernanin zeuden beharrak. Xabier Ezeiza Henase baserritarren elkarteko kideak azaldu duenez, behar horietaz jabetzeak bultzatu zituen herriko sektore desberdinak biltzera, «orokortasunean hobetzeko» eta etorkizun «bideragarri» bat bermatzeko; ez direlako «konformatzen» dauden bezala jarraitzearekin.

Tokiko garapen «jasangarrian» oinarritzen da proiektua, eta Hernaniko Udalak, herri tarrek eta herriko sektore ekonomikoek elkarlanean sortu dute. «Herriaren proiektua» da Hernani Burujabe, adierazi du Oihana Aristegi Herrilur kontsumo elkarteko kideak. Horregatik, egitasmoa aurrera atera ahal izateko, «oso garrantzitsua» da herritarren parte hartzea, eta, bereziki, herritarrengan «ohitura aldaketa» sortzea.

Aristegiren arabera, Udalarena izan da proiektua sortzeko ideia, baina herritarrak ari dira Hernani Burujabe aurrera ateratzen. Udalak «hasierako bultzada» eman bazuen ere, orain modu «autonomoan» ari dira lanean. Fermin Arruabarrena Energia Berriztagarrien komunitateko kideak azaldu duenez, «beste eragileek bezala» parte hartzen du Hernaniko Udalak.

Egitasmo «transbertsala»

Burujabetzaz gain, «justizia soziala eta ongizate handiagoa» ere eskuratu nahi ditu Hernani Burujabek. Horretarako, herritarren eguneroko bizitzan eragiten duten hainbat sektore biltzen ditu: besteak beste, energia, teknologia, zaintza, merkataritza, moneta eta elikadura.

Arruabarrenaren arabera, esparru horiek guztiak dira «transbertsalak». Izan ere, bakoitzak bere sektorean egiten du lanketa propio bat, esparru bakoitza «indartzeko» asmoz, baina bakoitzaren proiektuak aurrera eraman ahal izateko «beharrezkoa» da sektore guztien arteko «konplizitatea». Elkarlan horren bitartez, Hernaniko kontsumoa «herrian bertan» geratzea nahi dute eragile guztiek, parte hartzen dutenen arteko «zirkuitu itxi bat» sortuz. Proiektua «hasi besterik» ez da egin, eta, Arruabarrenaren iritziz, hasiera da «neketsuena», baina behin martxan jarrita, «ez du frenorik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.