Abanton emaztea eta alaba hil zituen gizona, bi hilketa delituren errudun

Epaimahaiak «azpikeria, ahaidetasun eta genero» larrigarriak onartu ditu, eta aringarririk ez

Abantoko hilketen auziko epaiketaren une bat. Lehen lerroan, F.M.S. akusatua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azpikeriaz eginiko hilketa matxista izan zen. Berariaz egina, biktimak babesik gabe zeuden une batean. Hori ebatzi du Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zinpeko epaimahaiak, Miren Uranga eta Paola Mendez ama-alaben hilketaz. 2020ko martxoaren 10ean hil zituen senar eta aita zuten gizonak, Abantoko euren etxean (Bizkaia). Hala azaldu zuten fiskalak eta akusazioek, hala aitortu zuen gizonak berak, eta hala ebatzi du auzitegiak orain. Epaileak sententzian ezarriko duen kartzela zigorraren zain gelditu da auzia.

Zinpeko epaimahaiaren ebazpenak ez du zalantzarako abagunerik utzi: 57 urteko F.M.S. akusatua bi hilketa delituren egiletzat jotzeaz gain, astungarri gisa onartu ditu «hiltzailearen eta biktimen arteko ahaidetasuna» eta «biktimen generoa». Hilketa matxista izan zela onartu du, alegia, akusazioek eskatu bezala. Horrez gain, atzera bota ditu defentsak aringarri gisa aurkeztutako hiru argudio nagusiak: krimenaren aitorpena, alkoholismoa eta depresioa. Hori dela eta, 50 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete akusatuari.

Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra galdegin du emaztea hiltzeagatik, eta beste 23koa alaba hiltzeagatik. Hain zuzen, epaimahaiak frogatutzat eman dituen hiru astungarrietan —azpikeria, ahaidetasuna eta generoa— oinarritu zuen zigor eskaera hori. Akusazio partikularrak —familiarenak— eta herri akusazioak —Clara Campoamor elkartearenak— 25 urteko kondena eskatu zuten hilketa bakoitzagatik. Defentsak, berriz, zortzi urtera murriztu zuen eskaera.

Epaiketan argi geratu zenez, aldeak bat zetozen gertatutakoan, baina ez delitu motaren definizioan. Fiskaltzak eta akusazioek hilketa matxistatzat jo zituzten hasieratik: nabarmendu zuten akusatuak «jokabide autoritarioa» zuela, «erabat azpiratuak» zituela bi emakumeak, eta inongo babesik gabe zeudenean hil zituela. Defentsak, berriz, ukatu egin zuen hori: delitu arinagoa egotzi zion akusatuari —giza hilketa—, eta argudiatu zuen edanda zegoela eta «krisi psikotiko» bat izan zuela. Gizonak adierazi zuen bere buruaz beste egiteko asmoa zuela, eta ez zituela emaztea eta alaba «bakarrik» utzi nahi.

Irailaren 13an eginiko deklarazioan, akusatuak aitortu egin zuen bi emakumeak hil izana: «Errudun naiz», esan zuen. «Kontrolatu ezinezko bulkada» sentitu zuela argudiatu zuen, eta berretsi zuen bere buruaz beste egin nahi zuela.

Indarkeria handiko krimena

54 eta 24 urte zituzten Miren Urangak eta Paola Mendezek, hurrenez hurren, F.M.S.-k bortizki hil zituenean. Zinpeko epaimahaiak atzo emandako ebazpenaren arabera, akusatuak lehenik emaztea hil zuen, egongelan, eta gero alaba, logelan. Gizonak buruan jo zituen bi mailutzarrekin, eta, ondoren, lepoa moztu zien aizto batekin. «Ezusteko erasoak izan ziren», irakur daiteke ebazpenean. «Biktimek ez zuten aukerarik izan beren burua babesteko».

Epaimahaikideen arabera, gainera, akusatuak neurriak hartu zituen biktimak hilko zirela ziurtatzeko, «sufrimendu handiko metodoak» erabilita. Akusatuak etxean igaro zuen gaua, gorpuekin, eta biharamunean aitortu zien egindakoa senide batzuei, baina «lau orduko tartea» eskatu zien, «lasai suizidatu ahal izateko». Epaimahaiaren arabera, ordea, Poliziarengana ez jotzeko eskaera «inplizitua» izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.