Etxegabetzea eragotzi dute

Eskuin muturreko Desokupa enpresa Bilbora etortzekoa zela eta, berehala antolatu dira Zazpikaleetako auzoak. Jabearen dei baten ondoren, kaleratzea bertan behera geratu da.

Dozenaka auzotar bildu ziren atzo goizean Unamuno plazan. MAIALEN ARTEAGA.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Antolatuta esnatu ziren atzo Bilboko Zazpikaleak. Eskuin muturreko Desokupa enpresak joan den astean iragarri zuen atzo Bilbon etxegabetze bat gauzatuko zuela. «Zuzenean grabatuko dugu». Halaxe azaldua zuen Daniel Esteve enpresako buruak sare sozialetan. Gertaeraren berri izanda, alarma piztu zen Bilbon, eta auzokideak erantzuna prestatzen hasi ziren. Astearte iluntzean, manifestazio jendetsu bat egin zuten auzoan, eta, hurrengo egunean, goizean goiz hasi ziren erantzuna antolatzen.

Ehunka lagun agertu ziren goizean goizetik Unamuno plazan, «gosari antifa» deituta, egunaren nondik norakoak antolatzeko. Izan ere, enpresak bezperan jakinarazi zuen atzo 20:00etan agertuko zirela Bilbon. Haien zain egon gabe, aurrea hartzea erabaki zuten auzokideek. Ezjakintasunaren jakitun, taldetxoka txandak antolatu zituzten, auzoa zaintzeko eta bat-bateko ezusteak eragozteko.

Ertzaintza ere goizeko lehen ordutik agertu zen inguruan. AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak azaldu zuenez, 07:30 aldera lau furgoneta agertu ziren Arriaga antzokiaren atzean, eta egun osoan Areatzan eta Zazpikaleetan ibili ziren. Auzokideak mesfidati agertu ziren haien aurrean; izan ere, Desokupak berak adierazi du Ertzaintzarekin elkarlanean aritu izan dela. Apirilaren 15ean enpresak Abadiñon (Bizkaia) egindako etxegabetzearen harira egin zituzten adierazpenak; Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ukatu egin zuen hasieran, «asmakeria» zelakoan, baina atzo onartu egin zuen Abadiñon elkarlanean aritu zirela.

Auzo defentsaren indarra

Auzoaren irudiak berehala hedatu ziren sareetan. Hainbat eragileren pankartak ageri ziren argazkietan: Ez dira pasatuko, Auzodefentsa, Biolentzia zuena. Eguerdi aldera jakinarazi zuen Desokupak ez zirela Bilbora iritsiko: sare sozialetan zabaldutako mezuaren arabera, hustekoak ziren etxearen jabeak deitu zien, «liskarren beldur», eta kaleratzea atzeratzeko eskatu zien. «Laster itzuliko gara», ohartarazi zuten. Desokupa gabe ere, etxegabetze gehiago izango dira Bilbon. Biharko ere protestara deitu du AZET taldeak, Bilboko Gorte kalean andre bat eta haren alaba etxetik bota nahi dituztela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.