Gipuzkoako zahar etxeetako egoera «okerrera» doala diote familiek

Egoiliarren senitartekoek jarrera aldatzeko eskatu diote patronalari. Udalen babesa nahi dute

Senideek egindako protesta, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren senideek hilabeteak daramatzate protestan. Zentro horietako langileek denbora luzea daramate borrokan lan itunaren alde; 225 greba egun egin dituzte dagoeneko, eta adinekoek jasotzen duten artan eragina izaten ari da hori; horrek eragindakoa da familiartekoen arrangura. Asteak daramatzate protestak egiten Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, eta patronalari ere zuzentzen hastea erabaki dute; atzo, adibidez, elkarretaratze bat egin zuten Adegi Gipuzkoako enpresen elkartearen aurrean. Lan gatazkaren ondorioz egoitzetako egoera «okerrera» ari dela deitoratu zuten bertan, kezkatuta: «Ez dago langilerik denak behar bezala artatu ahal izateko».

«Enpresen ordezkarien aurrean ere agertzea erabaki dugu, negoziatzeko orduan interes falta erakutsi baitute», salatu zuen atzo senitartekoen elkarteko ordezkari Xabier Pierruguesek. Urtarrilaren 23an, enpresek langileen ordezkariekin izan zuten azken bilera zuen gogoan hori esatean; izan ere, guztiz asaldatuta atera ziren handik ELA, LAB eta CCOOko ordezkariak, adieraziz enpresekproposamen «onartezin» bat egin zietela. Gatazka hasi zenetik langileek ezarritako«marra gorri» hainbat ere gainditu egiten ziren proposamen horretan, langileen aburuz.

Ordutik, gordinduta dago gatazka. Hiru sindikatu horiek ez dira mahaian gehiago eseri, eta ELA orain bertan ari da egiten martxoaren 8ra bitartean luzatuko den greba bat. Gatazkaren ondorioak zeinen larriak diren gogoan hartuta, enpresen jarrera onartzen zaila da familiartekoentzat. «Gogoratu nahi diegu ez garela ari gauzei buruz; bizitzaren amaieran dauden pertsonak dira egoiliarrak», salatu zuten atzo.

Aldundiaren deiaren zain

Kexu dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere. Senideek beti gogora dakarte erakunde horren «bezeroak» direla egoiliarrak—aldundiarekin itunduak dira egoitzetako toki gehienak—, eta, hain justu, hartu-eman bat eskatua dute erakundearekin. Geldirik ikusten dute, ordea. Badira bi hilabete inguru azken bilera egin zutela: «Esan ziguten urtarrilean berriz hots egingo zigutela; oraindik zain gaude». Aldundiarengandik hitz onak jaso izan ohi dituztela diote, baina beti esaten diela ezin duela esku hartu lan gatazkan. Senideek ez dute ulertzen horren zergatia; egoeraren larria aintzat hartuta, gutxienean «bitartekari» jardun behar lukeela uste dute. Agindu zieten greba egunetan jaso gabeko zerbitzuen ondorioz kuotaren zati bat itzuliko zietela, baina hori ere dute ikusi oraindik:«Ez dakigu ezertxo ere horren inguruan».

Aldarriak ozentze aldera, datozen asteotan mozioak aurkeztu nahi dituzte hainbat udaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.