Koronabirusa

Espainiak etxeratzea ezartzeko prozedura hasi du

Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Etxeratze agindua ezartzeko bidea martxan jarri du Espainiako Gobernuak ere, nahiz eta ez duen berehala ezarriko neurria. Autonomia erkidegoekin bilera egin zuen atzo Osasun Ministerioak, eta hizpide izan zuten neurri hori, hainbat erkidegok eskatu baitute indarrean jartzeko. Lege aldetik nolako urratsak egin behar diren aztertzen ari da gobernua, nola ezar ote daitekeen etxeratze agindua, eta gero hartuko du erabakia.

Koronabirusaren eraginarekin lotuta, neurriak hartzeko dokumentu bat aztertu zuten atzoko bileran: Osasun Ministerioak taxututako proposamen bat da, eta zehaztu dute aldagai batzuen arabera nolako neurriak hartu beharko liratekeen lekuan-lekuan. Nafarroako Gobernuak bat egin du dokumentu horrekin, eta aldeko botoa eman zion atzoko bileran; Eusko Jaurlaritzak, berriz, abstentziora jo zuen, azken bertsioan jasotako neurriak ikusteko zain. Bart gauean itxi dute agiria.

Koronabirusak nolako arriskua duen eremu bakoitzean, sei adierazle jaso dituzte dokumentuan. Batetik, transmisioarekin lotutako aldagaiak: intzidentzia metatua —astebetean eta bi astean—, 65 urtetik gorakoen artean duen intzidentzia —astebetean eta bi astean—, probetan positibo ematen dutenen ehunekoa, eta aztarnarien bidez atzemandako kasuak. Bestetik, osasun zerbitzuen egoera: koronabirusarekin ospitaleratutakoen kopurua eta ZIU zainketa intentsiboko unitateen egoera.

Irizpide horien arabera, arriskua neurtzeko lau maila ezarri dituzte, eta bakoitzean hartu beharreko neurri sorta bat. Orain arte ere hartutako neurrien ildokoak dira: edukierak mugatzea, ostalaritzaren jarduna mugatzea, mugikortasunarekin lotutakoak... Ez dira aginduak, hala ere: erkidegoen esku egongo da zer neurri jarri.

Alarma egoerari begira

Egoera okertzen ari dela ohartarazi du Espainiako Gobernuak, eta neurriak hartu behar direla. «Oso aste gogorrak datoz. Bigarren olatua ez da mehatxua, errealitatea baizik», ohartarazi du Salvador Illa Osasun ministroak. Neurrien ardura erkidegoen gain utzi du Madrilek oraingoz, baina atera irekita betiere harago jotzeko. Etxeratzearen aldeko posizioa azaldu du gobernuak pandemiarako duen bozeramaileak, Fernando Simonek: «Gaueko mugikortasuna mugatzeak asko lagunduko luke egoera kontrolatzen». Aztertzen ari dira horretarakoalarma ezarri behar den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.