inaki petxarroman
Euskara. VII. Inkesta Soziolinguistikoa. ANALISIA

Beste lurzoru bat euskararentzat

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Atalka heldu dira VII. Inkesta Soziolinguistikoaren lehen datuak, eta gogoetak, iritziak eta analisiak egiteko garaia hasi da. Atentzioa ematen duen lehen datua da —ez da oraingoa, baina ez horregatik batere lasaigarria— oraingoz ez dutela zabaldu Euskal Herri osoko daturik. Nafarroako Gobernuak aurkeztu zuen hango inkesta aurreko astean, eta Eusko Jaurlaritzak EAEkoa aste honetan. Ipar Euskal Herriko daturik ez da jakinarazi, eta ezta Euskal Herri osokorik ere. Marka da, gero: ezin Euskal Herria osorik islatu, ezin argazki batu bat erakutsi, ezta inkesta soziolinguistiko batean ere.

 

Nolanahi ere, Ipar Euskal Herriko datuen faltan, eta kontuan hartuta euskararen egoera orokorraren irakurketan berebiziko pisua izan dezakeela Bidasotik iparralderako herrialdeen bilakaera linguistikoak, Hego Euskal Herriko datuetan badira azpimarratzeko moduko joerak, datuak lantzen direnetik joan diren hiru hamarkadetan pilatutako eskarmentuaren talaiatik perspektiba hobea erakusten dutenak.

1991tik nabarmen handitu da euskararen ezagutza Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. %7tik %22,4ra igo da euskaldunen kopurua Araban; %16,5etik %30,6ra Bizkaian; %43,7tik %51,8ra Gipuzkoan; eta %9,5etik %14,1era Nafarroan.

Handia da, beraz, euskarak hiru hamarkadetan egindako aurrerapena. Gazte belaunaldietan izan den ezagutzaren hazkundea azpimarragarria da, eta, baita XX. mendearen hondarrera arte ia guztiz erdaldunak ziren leku batzuetan euskarak irabazitako tokia ere: Nafarroan, Araban, hiriburuetan... Gazteak euskalduntzeko ahalegin horretan hezkuntzak eta eskolak egin duten lana itzela da, eta gurasoek seme-alabak euskal hiztun bilakatzeko egindako hautua ohoratzekoa. Atxikimendu hori gabe ezinezkoa litzateke, esate baterako, eremu erdaldunetan euskarak izan duen arnasberritzea.

Hori esanda, eta gogoratuta Ipar Euskal Herriko datuek beste egoera bat islatuko dutela, agerikoa da edalontzia erdi hutsa ikusten hasi dela euskararen arnasberritzea helburu duen herri mugimendua. Inkestak eman baititu, espero izatekoak izanagatik ere, kezka arintzen ez duten joerak. Euskararen erabilera ez da handitzen ari ezagutzaren abiadura eta maila berean. Hego Euskal Herrian, oro har, euskararen erabilera erdia baino ez da igo ezagutzaren aldean 1991tik. Logikoa ere bada, irabazi diren hiztun horietako askok —300.000 euskaldun gehiago daude lau herrialdeetan, duela hiru hamarkada baino— ez baitute gaitasun bera euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko. Nafarroako euskal elebidunen multzoa %40tik %20ra jaitsi da 1991tik, eta erdal elebidunena —erdaraz errazago eta erosoago egiten dute horiek— %30etik %60ra igo da. EAEko euskaldunen erraztasunaren bilakaerak ere eman du argazki kezkagarririk: %34 ,6 ziren duela 30 urte euskaraz errazago aritzen zirenak, eta %27,4 dira orain.

Alegia, euskara ikasi bai, baina euskaraz aritzeko gaitasuna erdizka bakarrik irabazi dute euskaldunek. Ez da hiztunen ardura. Joera dute botere publikoetan direnek norbanakoengan uzteko ondo ez doazen kontuen erantzukizuna, baina normalean ezarritako arau eta egoera orokorrek baldintzatzen dituzte norbanakoen erantzunak. Horixe gertatzen da kasu honetan ere.

Erabileraren erronka

Interesgarria da, horri dagokionez, Iñaki Iurrebaso soziologoak landu duen tesia —Argia-ko Larrun-en azken zenbakian elkarrizketa zabala egin diote—. Euskaldun elebidun batek erdaldun elebakar batekin topo egiten duen bakoitzean euren solasaldia erdaraz izango dela aintzat hartuta, Iurrebasok ondorioztatu du elkarrizketen %82 inguru derrigorrez erdaraz izan behar direla. Halaber, eta planteamendu horren arabera, elkarrizketen %1 baino ez da derrigorrez euskaraz izango. Geratzen diren %17 horiek dira hautazkoak, beraz. Ikusita gaur egun Euskal Herrian euskararen erabilera %15 ingurukoa dela, Iurrebasok ondorioztatu du, Txillardegik duela hamarkada batzuk egin zuen bezala, euskararen erabilera izan litekeen gehienekotik askoz gertuago dagoela izan litekeen gutxienekotik baino.

Hau da, inguruneak laguntzen badu, euskaldunak eusten dio euskarari. Inkestak erakutsi du, esaterako, higadura bat erakusten duela arnasguneetako euskararen erabilerak. Eremu euskaldunenetan zazpi puntu gutxitu da euskararen erabilera hiru hamarkadetan EAEn. UEMAk ohartarazi du eragin handia dutela herri txikietako biztanleen galerak eta hirigintza plan batzuek, nabarmen eralda ditzaketelako herri txikietako baldintza soziolinguistikoak. Eman dituzte beste pista batzuk ere eragin handia duten erabilera esparru batzuetako egoerari buruz. Zehazki, gazteek sare sozialekin eta pantailekin oro har duten harremana neurtu du UEMAk, eta ondorioztatu du ez dutela euskaraz kontsumitzen. Zergatik? Euskarazko eskaintzarik ez dagoelako.

Euskarak egin du aurrerapen handi bat Hego Euskal Herrian frankismoaren osteko hamarkada hauetan. Baina mundu berri baten taupadak igar daitezke jadanik. Ez dira lehen baino lasaigarriagoak, ordea. Duela hiru hamarkada bizirik irauteko zituen arazo berak ditu oraindik ere euskarak. Tresnak ere duela hiru hamarkadako antzekoak ditu eskura. Haietako batzuk, gainera, estatuen izaera jakobinoa higatzen hasiak dira, besteak beste, justiziatik iritsi diren erasoek erakusten dutenez.

Bada garaia beste lurzoru bat prestatzen hasteko, XXI. mende atzemanezin honetan irauteko baldintzak sortzeko. Horretan, euskararen eremu administratiboen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da, eta ahal diren tresna politiko guztiak jartzea euskararen mesedetan, kanpoko esku hartzeetatik babesteko. Egun gutxitako kanpaina arranditsuen gainetik, euskaraz eroso eta lasai aritzeko esparru iraunkorrak irabaztea da erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.