Lau pertsona kartzelatzeko agindu dute Oiongo gizon baten heriotzarekin lotuta

Gizonak jana banatzen zuen, eta, hainbat hedabideren arabera, egunean irabazitakoa eta bizikleta lapurtzeko jipoitu zuten, Logroñon

Isam Haddour da hildakoa. 34 urte zituen. BERRIA.
Edu Lartzanguren -Igor Susaeta
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Oionen (Araba) bizi zen gazte baten heriotzarekin lotura dutelakoan, Logroñoko (Errioxa, Espainia) 3. Instrukzioko Epaitegiko epaileak lau pertsona behin-behinean eta bermerik gabe kartzelatzeko agindua eman zuen atzo —bakarrak deklaratu zuen—, Errioxako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako ohar baten arabera. Ikerketaren harira, Espainiako Poliziak 14 eta 25 urte bitarteko sei pertsona atxilotu zituen herenegun. Bi adingabeak dira, eta horiek Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratzekoak ziren atzo.

Joan den ostiralean hil zen 34 urteko gizonezkoa. Aurreko egunean topatu zuten Logroñon, Ebroko erriberako parkean, konorterik gabe eta indarkeria zantzuekin. Udaltzainek aurkitu zuten, eta erietxera eraman zuten. Edonola ere, hurrengo egunean hil zen. Ikertzaileen arabera, hildakoa Oionen bizi zen, eta marokoarra zen jatorriz.

Zabaldu dutenaren arabera, hildakoak Isam Haddour zuen izena, eta bizikletaz jana banatzen egiten zuen lan. Oiondik egunero joaten omen zen Logroñora, lanera. Bost kilometro daude bi udalerrien artean. Logroñoko hedabideek gaineratu dutenez, ostegunean ez zen etxera itzuli, gazte talde batek jipoitu egin zuelako Ebroko parkean, egunean irabazitakoa eta bizikleta lapurtzeko.

Zaurien eta hotzaren eraginez hil zen. Hipotermia zantzuak zituen ospitaleratu zutenean. Poliziaren iturriek nabarmendu dutenez, gizonezkoa salbatzeko aukera egongo zen, erasotzaileek larrialdi zerbitzuei abisua eman izan baliete.

Biktima ezaguna zen Oionen. Eraikuntzan eta nekazaritzan egin zuen lan, eta haren hainbat senide ere Arabako Errioxako herri horretan bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.