«Diskriminazioa» amaitzea nahi dute

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du guraso bakarrek ez dutela eskubiderik beste gurasoari dagokion zaintza baimena hartzeko. AMSPE elkarteak salatu du «babesgabe» uzten dituela ama bakarrak. Eme Abokatuak taldearen iritziz, «haurren interes gorenaren» aurka doa.

Ume bat eta guraso bat, eskutik helduta, Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Etsigarria da». Alazne Paramo guraso bakarra da, eta Madres Solteras por Eleccion elkarteko (AMSPE) kidea, eta suminduta mintzo da Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 8an kaleratutako epaiaren inguruan. Babesgabetasuna eta diskriminazioa hitzak maiz erabili ditu ebazpenak guraso bakarreko familiengan izango dituen ondorioez hitz egin duenean. Izan ere, Gorenak ukatu egin dio ama bakar bati umearen beste gurasoari legokiokeen baimena gehitzea bere amatasun baimenari, eta, modu horretan, doktrina ezarri du antzeko kasuetarako. «Ulergaitza da erabakia», deitoratu du Paramok.

Guraso biko familiei aitortzen zaien gurasotasun baimena aldarrikatzeko, epaitegietara jotzen dute sarri Hego Euskal Herriko guraso bakarrek, legeak «diskriminatu» egiten dituela argudiatuta. Amaren baimen ordaindua eta bigarren gurasoarena legez parekatuta dago —hamaseina astekoa da—, baina guraso bakarreko familiek ezin dute hartu beste gurasoari dagokion zatia. «Guraso bakarrek berdintasun bila jotzen dute bide judizialera, familia horietako haurren beharrak berberak direlako bi guraso izan ala bakarra». Emakumeen eta haurren eskubideetan espezializatuta dago Eme Abokatuak taldea, eta bertako abokatuek ongi ezagutzen dituzte guraso bakarren kezkak. «Gizarte Segurantzak haur bat jaiotzen denean eman ohi duen prestazioa eskatzen dute, hau da, bi gurasodun familiei dagozkien zaintza denbora eta ordain ekonomiko berbera», esplikatu dute.

Duela pare bat urte, ELAko abokatu eta guraso bakarra den emakume batek EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen Gizarte Segurantzak bigarren gurasoari zegokion zortzi asteko baimen ordaindua ukatu ostean. Auzitegiak arrazoi eman zion, eta 24 asteko baimena izateko eskubidea aitortu. Fiskaltzak, baina, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta auzitegi horrek epaia ebatzi duen arte Hego Euskal Herriko lan arloko epaitegiekdenetariko ebazpenak eman dituzte antzeko kasuen inguruan: batzuk beste gurasoari aitortzen zaion baimena erabiltzearen alde agertu dira; beste batzuk, aurka.

Irizpidea bateratzeko urratsa egin du orain Gorenak, eta esan du guraso bakarrek ez dutela eskubiderik beste gurasoari dagokion baimena hartzeko. Auzitegiaren arabera, egungo legediak ez du eskubide hori aurreikusten, eta legeak egiten dituztenei dagokie hori ongi finkatzea, ez epaitegiei. Gorenak gogoratu du Abortuaren Legea moldatu zenean zuzenketa bat aurkeztu zela, ama bakarrei bi baimen eskuratzeko aukera emateko, baina Senatuaren «gehiengo nabarmenak» zuzenketa horren kontra egin zuela.

AMPSE elkarteak eta Eme Abokatuak taldeak kezkaz hartu dute auzitegiaren ebazpena. Paramoren ustez, epaiak sakondu egiten du guraso bakarra duten umeen eta haien amen «bazterketan»: «Aukera bat galdu da ekitatea eta tratu berdintasuna bermatzeko, familia egitura edozein dela ere». Ama bakar askok epaitegietan hasitako bidean «oztopo berri bat» dela gaineratu dute abokatuek, baina ez dute baztertu justizian koska bat gorago jotzea eskubide horien defentsan: «Berdintasun eta justizia sozial kontu bat da».

Arlo ekonomikoa

Asko dira epaitegiko bidea jorratzen duten ama bakarrak. Paramo da horietako bat. Duela hiru urte ama izan zenean, epaitegietara jo zuen beste gurasoari legokiokeen hamabi asteko baimena hartzea aldarrikatzeko, baina auzitegiek partzialki eman zioten arrazoia: eskubidea aitortu bai, baina beste gurasoari dagozkion lehen sei asteak ezin zituen hartu. EAEko Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen, eta Gorenera jo zuen Paramok. Epaiaren zain dago oraindik.

Arlo ekonomikoa izaten da guraso bakarrak epaitegietara jotzera bultzatzen dituen kezka nagusietako bat. Paramorena ere bai: «Gure kasuan, soldata bakarra sartzen da familian, eta horrekin egin behar diegu aurre gastu guztiei». Beste sendiekin alderatuta, gainera, kontziliazio gastuek soldataren proportzio handiagoa hartzen dute guraso bakarreko familietan: «Opor garaian, umearekin geldituko den pertsona bat behar dugu, familia bakar baten laguntza bi familiek eskaini dezaketena baino txikiagoa delako. Eskolan, jantokia behar dugu askotan, baina beka lortzea oso zaila dugu».

Abokatuek azaldu dutenez, guraso bakarreko familien bi eskubiderekin egin du talka Gorenak:genero berdintasunarekin eta haurraren interes gorenarekin, hain zuzen ere. Uste dute bi baimenak ez batzeak diskriminatu egiten dituztela guraso bakarreko seme-alabak; adibidez, zainduak izateko denboran. «Legeen arabera, haurrei ezin zaie eman zaintza eta heziketa tratu ezberdina familia osaeraren arabera. Haur guztiek dute babes soziala jasotzeko eskubidea, desberdintasun eta bereizkeriarik gabe». Gainera, epaiak genero arrakalan sakontzen duela iritzi dio abokatu taldeak, emakumeek osatzen dutelako guraso bakarreko familien %80. «Familia hauen baliabide ekonomikoak txikiagoak dira, emakumeek enplegu prekarioagoa eta ezegonkorragoa dutelako. Hori da errealitatea».

Guraso bakarren «diskriminazioaz» ere ohartarazi du Eme Abokatuak taldeak. Legeek beraiek sakontzen dute bazterketa horretan, familia eredu bakoitzaren ezaugarriak eta errealitate anitzak aintzat hartzen ez dituztelako, abokatuen iritziz: «Neurri ekonomikoak, zergak, diru laguntzak, bekak, pentsioak edota prestazioak arautzen dituzten legeek ez badituzte genero eta askotariko familia ereduei buruzko ikuspegia txertatzen, diskriminazioa sortzen dute, ezinbestean».

Legearen interpretazioa

Ustez neutroak diren arauetan ere diskriminazio zantzuak badirela iritzi dio Eme Abokatuak taldeak, baina ohartarazi du legeak interpretatu egin daitezkeela. Ama bakarrek aldarrikatzen dituzten eskubideak ukatzen dituzten epaien argudio nagusia izaten da ez dagoela oinarri juridikorik halako eskubide bat onartzeko, baina legeak «garaian garaiko errealitate sozialari» erreparatuz interpretatu behar direla azpimarratu dute abokatuek: «Posible da arauak interpretatzea askotariko familia ereduetako umeen interes gorena aintzat hartuta».

Preseski, 2021ean Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bi gurasoen baimena batzeko eskubidea aitortu egin zien guraso bakarrak diren epaileei, arauaren interpretazio batean oinarrituta. Geroztik, guraso bakarreko familiak osatzen dituzten epaileei aplikatzen zaien irizpidea da seme-alaben jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimenak metatu ditzaketela.

Paramoren ustez, egungo legedia «hankamotz» geratzen da guraso bakarren eskubideak babesteko orduan. «Adibidez, Espainiako Gobernuak onartzekoasmoa duen familien legeak guraso bakarren eskubideak zabalduko ditu, baina ez da aski izango, seme-alaba bakarra dugun guraso bakarreko familiak, ia %80, ez gaituztelako familia ugaritzat hartuko».

Aurrera begira, berdintasunean eta diskriminaziorik ezan aurrerapauso handiagoak eman beharko liratekeela iritzi diote Eme Abokatuak taldeko kideek. Uste dute egungo legedia «maila teorikora» mugatzen dela, baina praktikan ez duela islarik. Esate baterako, EAEko Berdintasun Legeak hainbat kontu aipatzen ditu guraso bakarreko familiei lotuta: aisialdi eta atseden programetan kontuan hartu behar direla, kontziliaziorako zailtasun erantsia dutela... «Baina asmoak garatzeko arauak egiten ez diren bitartean, berdintasunik ez da bermatuko». Legeetan, epaitegietan eta gizartean begirada zabaltzeko eskatu dute, familia eredu berriak «ikusezin» bilakatu dituen «eredu patriarkal eta helduzentristatik» haragoko bidea jorratu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.