Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Pandemia zahar etxeetan: arriskua edo aukera?

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hemeroteketan bilaketa erraz bat egitean laster konturatzen gara zahar etxeei buruzko berriak ez direla inoiz onak. Egun batean tratu txarrei buruzko berri bat dator, beste egun batean hilketa bat kontatzen dute, eta hurrengo hilabetean langileen grebak eta horiek adinekoen egoeran eragiten dituzten ondorioak jorratzen dira.

Koronabirusaren pandemiarekin batera, zahar etxeei buruzko berriak ugaritu dira: izurritea egoitzen barnean, eragindako heriotzak, ospitaleratzeko arazoak, familien kexak, eta abar. Berri horiek kaltegarriak izan ohi dira zerbitzu horien irudi publikoarentzat, eta, horrela izanda ere, gauza onak ere ekarri dituzte. Izan ere, berri txar horiek agerian jarri dituzte zahar egoitzek aspaldidanik dituzten gabeziak, eta, horrekin batera, zenbait eztabaida indarberritu dira.

Adibidez, orain zahar egoitzen arreta eredua kolokan jartzen dute geriatrian jakintsuak direnek. Alde batean, badaude zahar etxeak «medikalizatu» behar direla defendatzen dutenak. Uste dute zahar etxeetan osasun langile gehiagok egon behar dutela, eta, aldi berean, irizten diote beharrezkoa dela zahar egoitzak ikuspuntu biomediko batekin kudeatzea. Iparrorratzaren beste aldean, bizileku horiek «desmedikalizatzeko» mugimenduaren partaideak daude. Talde horretan murgilduta daudenek bizileku huts bezala ikusten dituzte zahar etxeak, eta defendatzen dute osasun beharrak asetzeko Osakidetzako zerbitzuei esleitzea. Segur aski erdibidean egongo da irtenbide egokia, baina, koronabirusari esker, behintzat, eztabaida hori berriro ireki da.

Langile nahikoa dago zaharren egoitzetan? Etengabeko guda da horixe ere. Grebak egin dira langile kopurua handitzeko; familia elkarteek behin eta berriz plazaratzen dute gabezia hori, eta ikerketek baieztatzen dute langile kopurua urria dela. Egun hauetan, koronabirusa dela medio, eztabaida hori gizartera heldu da.

Beste hainbat eztabaida berpiztu dira izurritearen ondorioz. Hauek, esate baterako: zahar etxeen tamaina egokia, kokaleku aproposa, egoitzen kudeaketa publikoa edo pribatua, langileen formakuntza edo konfinamenduaren abantailak eta desabantailak.

Krisi bat datorrenean, arazo larria aurkezten zaigu, baina emaitza onuragarriak ere ekar ditzake. Koronabirusaren krisi honek aukera eskaintzen digu zaharrentzako egoitzak hobetzeko. Gai guztiak eztabaidatzeko estimulu egokia bilakatu da, eta adineko pertsonei zerbitzu hobea emateko aparteko momentua sortu du. Krisiek arriskuak dakartzate, baina baita aukera berriak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.