Koronabirusa. Miren Markina. Dermatologoa

«Azala maizago garbitu behar da, eta krema suabeak erabili»

Hiru aste igaro dira maskaren erabilera derrigorrezkoa ezarri zutenetik Hego Euskal Herrian. Egunerokoaren parte bilakatu da dagoeneko, baina babesgarri dena kaltegarri ere izan daiteke azalarentzat.

BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Maskararen erabilera orokortu denetik, azaleko arazoak areagotzen ari direla ohartarazi dute adituek. Donostian du kontsulta Miren Markina dermatologoak, eta ondorioak nabaritzen hasi da dagoeneko: azala ondo garbitzea eta hidratatzea dira gakoak beretzat. Egoera berrira «egokitu» beste erremediorik ez dagoela azaldu du, baina azalari arreta eta zaintza eskaintzeari beharrezko deritzo.

Azken egunetan jende gehiago bildu da kontsultara maskarak sorturiko arazoengatik?

Bai, nabaritu dugu horregatik jende gehiago bildu dela kontsultara, eta gure inguruko jendearengan ere ikusi ditugu arazoak. Jendea pikortekin hasi da; batez ere, aho inguruan.

Zein dira maskarak sortzen dituen arazorik ohikoenak?

Lehendik aknea edo dermatitis arazoak zituztenek okerrera egin dute, eta inoiz ezer eduki ez dutenak ere orain arazoak izaten ari dira; batez ere, pikortatxoak. Maskara oso estu eramaten bada, urratuak ere eragin ditzake sudur gainean eta belarri atzean.

Zer egin daiteke arazo horiek eragozteko edo murrizteko?

Aurpegia oso ondo garbitu behar da, normalean baino maizago. Maskarak sortzen duen arazo nagusia oklusioa da. Aho ingurua estalita geratzen da, eta hitz egiterakoan askatzen dugun arnasa hor geratzen da. Horrek hezetasuna eta beroa areagotzen ditu, eta poroak itxi egiten dira. Ondorioz, pikortak sortzen dira. Beraz, maskara kendu ondoren azala garbitu eta krema hidratatzaile suabeak erabili behar dira, koiperik gabekoak. Maskara garbia mantentzea ere garrantzitsua da, eta tarteka maskara kentzea, inguru horrek haizea har dezan.

Aurpegia garbitzeko, ura eta xaboia?

Ura eta xaboia, bai, baina xaboi suabeak daude horretarako; syndet izenez ezagutzen dira. Izan ere, xaboi oso gogorra erabiltzen bada, azala urra daiteke.

Hiru maskara daude egun: FPP2 motakoak, kirurgikoak eta oihalezkoak. Zein da komenigarriago?

FPP2 motakoa gehien babesten duen maskara da, baina gehien okluitzen duena aldi berean. Beraz, azaleko arazoak sortzeko arriskurik handiena horrek dauka. Oihalezkoen kasuan, badirudi oihala oso estu mantentzen bada, horrek ere asko estaltzen duela.Kirurgikoaren eta oihalezkoaren artean, hortxe dago debatea zein den hobea. Halere, norberak ikusi behar du bere egoera zein den, eta, horren arabera, bata ala bestea erabili.

Azala eguzkitan jartzeak laguntzen du?

Bai. D bitamina eguzkiaren bitartez lortzen dugu gehienbat, eta horrek mesede handia egiten du. Saiatu beharra dago aire librean egoten, eguzkia beharrezkoa baita gure gorputzarentzat eta azalarentzat. Beraz, ez badaukazu kanpoaldean eguzkitan egoteko aukerarik, behintzat astean bitan edo hirutan leihoak zabaldu eta eguzkia hartzea komeni da.

Gel hidroalkoholikoak azalari kalte egiten diola zabaldu da. Egia da hori?

Ez, ez da hain kaltegarria eskuetako azalarentzat. Kaltegarriagoa da eskuak ura eta xaboiarekin hamar aldiz garbitzea, gel hidroalkoholikoarekin garbitzea baino. Maiz erabiliz gero, xaboiak azalak duen geruza hidrolipidikoa lehortzen du, eta azala urratu egiten da. Gel hidroalkoholikoekin ez da hori gertatzen, azalean aurretik arazorik ez badago betiere. Halere, garrantzitsuena da eskuak garbitzen ditugun bakoitzean ondo hidratatzea, berriro garbitzean azalak min hartu ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.