Mila intzidentzia baino gehiago

Haizeteak arrastoa utzi du ia Euskal Herri osoan: eroritako zuhaitzen ondorioz, errepide ugari itxi dituzte, eta Iparraldean argindarrik gabe geratu dira milaka lagun. Ufadek Orendaingo kultur etxeko teilatua eraman dute

Suhiltzaileak. Ehun irteera eta gehiago izan ziren Nafarroan; irudian, Iruñeko igogailu bat, kalteekin. FORUZAINGOA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Haize bolada indartsuak iragarrita zeuden eta erakundeek ohartarazia zuten arriskuaz, baina, halere, bereziki zailak izan ziren astearte gaua eta asteazken goizaldea. Haizearen indarrak loa eragotzi zien herritar ugariri: ufadek zuhaitzak bota zituzten, edukiontziak mugitu, eta eraikin zatiak askatu. Gertaera horien seinale, suhiltzaileen jarduna: mila irteera baino gehiago egin zituzten Hego Euskal Herrian; ia erdiak, Gipuzkoan. Ondorio kaltegarrienak, berriz, Iparraldean izan ziren: 12.500 etxebizitza argindarrik gabe geratu ziren hainbat orduz; besteak beste, Senperen, Azkainen, Ainhoan (Lapurdi), Alduden, Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Atharratzen (Zuberoa).

[youtube]https://youtu.be/SN5s6kn9Qwk[/youtube]

Alerta laranja jarria zegoen atzo goizalderako, eta ufada bortitzen aurreikuspenak bete egin ziren: erregistroetako markak hautsi zituen haizearen abiadurak. Eguna argitzerako, nahiko bare zebilen giroa, baina goiz osoan nabaritu zen haizetearen eragina, batez ere garraioan izandako eragozpenetan: eroritako zuhaitzen ondorioz, errepide ugari itxi behar izan zituzten. Herenegun gauean, berriz, ezustekoa izan zen Nafarroako errepideetan: haize boladen ondorioz lau kamioi irauli ziren, N-121 errepidean eta A-12 autobidean; arin zauritu ziren gidariak, baina haietako bat erietxera eraman behar izan zuten.

Kalte materialik okerrenak, berriz, Orendainen (Gipuzkoa) izan ziren: herriko kultur etxearen teilatua eta azken solairua eraman zituen haizeak. Eraikinak kristalezko paretak zituen, eta, lehenbizi, leiho batzuk apurtu ziren; haizea barrura sartu zenean, belarena egin zuen, eta dena eraman zuen.

[youtube]https://youtu.be/Kq0GzlwdyC0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.