Koronabirusa

Hidroxiklorokina erabiltzea galarazi dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak baimendu zuen COVID-19aren aurkako osabide gisa, baina atzera egin du

Hidroxiklorokina dosi bat, Murtziako erietxe batean (Espainia). MARCIAL GUILLEN / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Donald Trumpek iragarri zuenetik hidroxiklorokina hartzen ari zela koronabirusaren prebentziorako, hitzetik hortzera hedatu dira botika horren balizko onuren eta arriskuen inguruko informazioak. Orain, Frantziako Gobernuak erabaki du atzera egitea, eta hidroxiklorokina COVID-19aren kontrako sendabide gisa erabiltzea baimentzen zuen dekretua indargabetu du. Hortaz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezin izango da botika hori erabili koronabirusak jotako eriak artatzeko. Proba klinikoetan, berriz, erabili ahal izango da.

Frantziako Gobernuak martxoaren 26an argitaratu zuen orain indargabetutako dekretua. Horren arabera, baimendu egiten zen hidroxiklorokina erabiltzea koronabirusak jotako gaixo larrien kasuan, baldin eta medikuak ados bazeuden eta gaixoen «zaintza zorrotza» ezarrita.

Baina azken egunotan ugaldu dira botikaren egokitasuna zalantzan jartzen duten iritziak, horietako batzuk Frantzian bertan. Osasun Publikoaren Kontseilu Nagusiak joan den asteartean adierazi zuen hidroxiklorokinak, onuragarria ez izateaz gain, bihotz arazoak ere ekar zitzakeela. Frantziako administrazioarentzat aholkulari lana egiten du Kontseilu Nagusiak. Frantziako Medikamentuen Agentziak ere antzeko iritzia plazaratu zuen.

Ikerketaren emaitzak

Osasun Publikoaren Kontseilu Nagusiak The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa bat hartu du oinarritzat bere iritzia plazaratzeko. Aldizkariaren informazioaren arabera, hidroxiklorokina 96.000 pertsonari eman ondoren, ikerlariek ondorioztatu zuten botika hartutako pazienteek heriotza tasa handiagoak eta bihotzeko arazo gehiago zituztela, eta ez erabiltzea gomendatu zuten.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere astelehenean iragarri zuen bertan behera utziko zituela horrekin egindako proba klinikoak, ikusi zutelako heriotza tasak handiagoak zirela botika hartutakoen kasuan.

Hidroxiklorokina gaixotasun autoimmuneen kontra erabiltzen den botika bat da. Lupusa sendatzeko erabili ohi da, eta malariak jotako gaixoei ere ematen diete normalean.

Koronabirusaren kasuan, ez dago frogaturik eragin positiboa duenik, baina AEBetako presidente Donald Trumpek iragarri zuenetik hura prebentzio moduan hartzen ari zela ez kutsatzeko, haren ustezko dohainei buruzko zurrumurruak bolo-bolo hedatu dira bazter guztietara. Brasilgo presidente Jair Bolsonaro erabiltzearen alde agertu zen, eta El Salvadorko presidente Nayib Bukelek ere aitortu zuen hartzen ari zela.

Munduko zenbait agintari ez ezik, komunitate zientifikoko kide batzuk ere agertu dira hidroxiklorokina erabiltzearen alde, horietako batzuk Frantzian bertan. Horien artean ezagunena Didier Raoult da, Marseillako erietxeko zuzendaria (Okzitania). Dioenez, bere ospitalean 4.000 gaixo sendatzea lortu du botika horri esker. «Nik ez dakit beste leku batzuetan hidroxiklorokinak hiltzen duen, baina hemen bizitzak salbatzen ditu», esan du Raoultek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.