Ertzaintza. Donostiako liskarrak

«Jotzeko egingo dugu tiro»

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak babestu egin du polizien jokaera: lau lagun atxilotu eta hainbat zauritu izan ziren herenegun, Donostiako istiluetan. Gazteek «kriminalizazioa» salatu dute

Joan den asteartean, Donostiako Parte Zaharrean izandako liskarretako argazkia. Irudian, istiluen aurkako ertzainak Bulebarrean. BEÑAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA.
Maider Galardi F. Agirre.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

Lau atxilotu eta hainbat zauritu. Horixe da herenegun iluntzean Donostiako Parte Zaharrean izandako istiluen behin-behineko ondorioen txostena. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta hala diote han izandako lekukoek ere. Baina istiluen jatorria zein den, nolako bilakaera eduki zuten, poliziaren jokabidea nolakoa izan zen... Horren gaineko interpretazio eta erreakzioak saldoka heldu ziren atzo. Sare sozialetan ere irudiak eta bideoak hedatu ziren, tartean, Ertzaintzaren jarduera auzitan jarri zuen grabazio bat: «Jotzeko egingo dugu tiro» zioen ertzainburu batek. Eta horretaz gain, hainbat irudi: matrailezurra hautsia duten bi gazterena, sutan dauden zaborrontziena, Poliziaren oldarraldiena... Ez da, ordea, azken boladan Donostian halako egoera bat sortzen den lehen aldia. Azken bost egunetan Ertzaintzak auzoa hirutan hartu duela salatu dute auzokideek.

Herenegungoa, ordea, ez zen edonolako eguna. San Sebastian eguna zen, eta agintariek festarik ez egiteko agindu arren, eta danborradak bertan behera gelditu arren, hainbat hiritarrek zuten jai hartua. Are gehiago, Eneko Goia alkateak berak iragarri zuen bezperan berak igo eta jaitsiko zuela hiriko ikurrina Konstituzio plazan. Eta, hain justu, jaitsieraren unean hasi ziren istiluak, erakundeen arabera; 20:15 aldera Goiak bandera jaisteko zeremonia izan aurretik. Udaltzaingoak, egoera ezin kontrolatuta, Ertzaintzari deitu zion, eta orduan sartu zen Polizia auzoan, asteon hirugarren aldiz. Segurtasun Sailaren arabera, bart plazan bildutakoek hainbat objektu jaurti zizkieten udaltzainei, eta, ertzainak etorri ostean, aurrez aurreko liskarrak hasi ziren poliziekin.

Bestelakoa da lekukoen eta Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren bertsioa. Eguna lagun giroan eman zuen Unaik —ez du benetako izena eman nahi—, eta azaldu du goizetik zegoela Poliziaren presentzia auzoan. Egunez segurtasun neurriak bermatu baziren ere, eta ostalariek beharrezko neurriak bete zituztela ziurtatu badu ere, aitortu du iluntzean jendea bildu zela Ikatz kalean eta ingurumarietan. «Horrek ez du justifikatzen Poliziaren oldarraldi bat. Gehienez ere udaltzainak etor zitezkeen abisua ematera».

Eta, hain justu, udaltzainek egin zuten lehen atxiloketa Trinitate plazaren parean —joan den larunbatean bertan izan ziren istiluak, eta ordutik itxita egon da plaza—. Atxiloketaren berri izanda, gertatutakoa ikustera joan zen jendea, eta orduan sartu zen Ertzaintza, udaltzainek eskatuta.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak babesa adierazi dio Poliziari; bai udaltzainei eta baita ertzainei ere: «Onartu ezin daitekeen jazarpena jasan zuten». Istiluetan «bizikidetza asaldatu» eta kalteak eragin zirela esan du, eta babes osoa adierazi die han izandako poliziei.

Babesa ez ezik, «jotzeko tiro egitea» agintzea justifikatu du Josu Zubiaga Jaurlaritzako segurtasun sailburuordeak: «Protokoloaren parte da jotzeko tiro egitea». Foam motako jaurtigailuak izan ditu hizpide: «Materiala halako egoeretarako eginda dago. Aldez aurretik erabili zen, jendearengana iritsi aurretik, abisu gisa, baina, halako batean, pertsonei jaurtitzen zaizkie». Anabasa sortzen duten horiei ematea izaten da xedea, azaldu duenez.

Ertzaintzak, bestalde, ohar bat kaleratu du, eta esan du ikerketa abian duela, identifikazio gehiago egiteko. Ostalaritzan eta kaleko altzarietan kalteak eragin zituztela ere esan du. Ikatz kaleko taberna bateko jabeak, ordea, gaitzetsi egin du atzo poliziek izandako jokabidea: «Gertakizun hauek oso kezkagarriak eta salagarriak dira. Liskar guzti hauek gertatzen dira tabernak ixten direnean». Haren ustez, arazoa da tabernak itxi eta etxeratze agindura arte bi ordu daudela, eta jendea kalean gelditzen dela, etxeratu beharrean. Modu «lasaian» azpimarratu du. Polizia, ordea, 20:00etan sartzen da kaleak hustera, eta orduan sortzen da liskarra. Gainera, tabernan batzen den jendea «segurtasun neurri gehiagorekin» biltzen da, kalean baino.

Auzoan aisialdirako eskaintzarik ere ez dagoela nabarmendu du, eta, joan den larunbatetik Trinitate plaza itxita egon denez, aukerak murriztu direla ohartarazi du. Hain justu, asteon plaza itxita egon denez, Orixe eskolakoek beren jarduerak egiteko aukerarik ere izan ez dutela oroitarazi du Unai lekukoak. Alegia, izandako istiluak ez direla bakanak, eta arazoa errotikoagoa dela.

«Gerra egoera» salatu dute

Osasun neurriak bermatzeko operazioa «segurtasuna bermatzeko» lanaldi bihurtu zela esan dute Segurtasun Sailekoek, eta AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladakoek, berriz, salatu dute osasun irizpideen izenean gazteen aurkako «kriminalizazioa» egiten ari direla. Ostalaria ados da, baita Unai ere —herenegungo istiluen lekukoa—: «Jendea zegoen jai giroan, baina gaur egungo neurriak, inor ez zegoen beste ezertarako, beraiek —Polizia— izan ezik».

Sortuk oharra kaleratu du, eta esan du «jotzeko tiro egitea» gisako aginduek Iñigo Cabacasen heriotza oroitarazten dutela, eta ezin dela Poliziaren jokabidea justifikatu. EH Bilduk, berriz, gazteak kriminalizatzeaz gain, Donostiako Parte Zaharrean «gerra giroa» sortzen ari direla ohartarazi du, eta gaitzetsi egin du udalaren jokabidea: «Alkateak erabaki zuen bandera jaitsiko zuela. Pilaketak izatea espero zitekeen». Azalpenak emateko eskatu diote Goiari. Erne eta Esan Ertzaintzako sindikatuek, aldiz, polizien jokabidea babestu dute, baina haiek ere salatu dute Goia alkateak ez zuela ongi egin banderen igoera eta jaitsiera egitearekin.

Udaletik diote «gutxi batzuek» ez zituztela errespetatu neurriak, eta osasun arazoa segurtasun arazo bilakatu zela: «Tristea da benetan hiriko egun nagusia horrela amaitu izana». Adierazpen bat hitzartu nahi dute talde guztiekin, baina EH Bilduk eta Podemosek ez dute bat egin.

Mobilizaziorako deia

Joan den larunbatean izandako atxiloketak salatzeko mobilizaziorako deia eginda zegoen, baina herenegun izandako istiluekin berriz ere egin dute auzoko gazteek deialdia. Protesta egingo dute datorren larunbatean, eguerdian Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.