Koronabirusa

Neurri zorrotzagoak ezarri dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 herritan

Besteak beste, tabernak eta saltokiak 21:00etarako itxi beharko dituzte. Herritarrei udalerri horietatik ez ateratzeko aholkatu diete. Gainerakoetan, joan den astean iragarritako neurriak ezarriko dituzte

Uztailean ere izan zituzten murrizketak Ordizian, eta orain ere izango dituzte. JUAN HERRERO / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean iragarritako neurriez gain, «neurri gehigarriak» ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak zona gorrietan edo hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa altua duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan. Orotara, 25 udalerri dira: bost Bizkaikoak eta hogei Gipuzkoakoak. Herri horietan zorrotzagoak izango dira koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak, eta, besteak beste, tabernek eta saltokiek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak. Neurriok gaur bertan sartuko dira indarrean, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu orduko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako herrietan, joan den larunbatean iragarritako neurriak sartuko dira indarrean, baina ñabardura garrantzitsu batekin: sei pertsona baino gehiago elkartzeko debekua bertan behera utzi dute EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ostean, eta horrelakoak ez egiteko agindua «gomendioa» izango da orain.

JARDUERAK MURRIZTU

Osasun Sailak egoera epidemiologiko larria duten 25 herri horietarako zenbait «gomendio orokor» eman ditu, herri horietako jarduera eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko helburuz. Herritik ez ateratzeko eta herrira ez sartzeko aholkatu dute, ohiko salbuespenetan izan ezik: lana, ikastea, menpeko pertsona bat zaintzea, eta abar. Ezinbestekoak ez diren gizarte jarduera eta elkartze oro baztertzeko gomendioa ere egin du Jaurlaritzak herri horietarako, «elkarbizitzako talde egonkorretakoak» izan ezik.

NEURRI ZORROTZAGOAK

Gomendio orokorrez gain, zenbait agindu eta debeku ere ezarri ditu Jaurlaritzak 25 udalerri horietan, zerikusia dutenak kirol jarduerarekin, parkeekin eta saltokiekin. Kirol jarduerari dagokionez, eten egingo dituzte taldeko kirol jarduera guztiak, bai instalazio itxietakoak, bai irekitakoak, lehiaketa ofizialetakoak izan ezik. Hortaz, neurri horien ondorioz, kirola bakarka soilik egin ahalko da 25 udalerri horietan. Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezin izango dira erabili 21:00etatik 08:00etara artean, horietatik igarotzeko ez bada.

Saltokiek, berriz, itxita egon behar dute 21:00etatik 08:00etara, hauek izan ezik: elikadura establezimenduek, farmaziek eta erregaia zerbitzatzen dutenek. Gainera, tarte horretan ezingo dute alkoholik saldu dendetan.

TABERNAK ERE BAI

Tabernetarako eta jatetxeetarako ere indarrean egongo da ordutegi muga hori: 21:00etatik 08:00etara itxita egoteko agindua. Horrek esan nahi du intzidentzia tasa handiko herrietako ostatuak eta jatetxeak 21:00etarako jendez hustu eta itxi egin beharko dituztela. Horrez gain, tabernetan debekatuta egongo da barran kontsumitzea: mahaian eta eserita soilik hartu ahalko dira janari-edariak. Baldintza horietara egokitzen ez diren jarduerak koktelak, esaterako debekatuko dira.

GAINERAKO HERRIETAN

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako herrietan beste hainbat neurri sartu dira indarrean, gehienak joan den astean iragarritakoak: besteak beste, edukiera %50era murriztea jarduera guztietan ostalaritzan, kultur ekitaldietan, gurtza lekuetan eta abarretan, txokoak eta elkarte gastronomikoak ixtea, eta tabernak eta jatetxeak gauerdian ixtea.

Sei pertsona baino gehiago biltzea ez dute debekatuko, auzitegiak ez baitu onartu, baina gomendatu egin dute horrelakoak ez egitea. Federatu gabeko kirol jarduerei dagokienez, ez dago debeku espliziturik hasieran iragarri bezala: kontaktu fisikorik gabe eta sei pertsonatik beherako taldeetan kirola egin ahal izango da, banaka edo taldeka. Eskola kirola, ordea, eten egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.