Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Hondakinei «disuasio zerga bat» ezartzea planteatu du Arriolak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak nabarmendu duenez, hondakinak «orain arte bezala» botatzea aurrerantzean ezin da izan «hain erosoa eta hain merkea»

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua atzo, Bilbon, Basque Ecodesign kongresuaren irekiera ekitaldian. BASQUE ECODESIGN MEETING.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Hondakinen «kudeaketa eredua» aldatu behar da, Iñaki Arriolaren esanetan, eta «jasangarria» izan behar du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak enpresei esan die modu «gardenean eta argian» integratu behar dutela hondakinen kudeaketa «ekoizpen kostuen» barruan. Eta, horretarako, proposatu du hondakinei «disuasio zerga bat» ezartzea, zerga ekologiko bat. Arriolak Bilbon egin zituen adierazpen horiek, atzo, Basque Ecodesign Meeting kongresuaren hasierako ekitaldian.

«Zaldibarko zabortegian gertatutako ingurumen eta giza desastreak, zeinaren arrazoiak eta erantzukizunak dagokionean zehaztu beharko diren, gogoeta sakona eginarazi behar digu Euskadin sortu beharra dugun ekonomia zirkularreko ereduari buruz», adierazi zuen. Horrenbestez, Arriolak orain uste du ez dela «ez onargarria, ez jasangarria» enpresen «lehen aukera» izatea hondakinak zabortegietara eramatea. Haren hitzetan, «beste irtenbide batzuk egonik», hondakinak botatzea irtenbide «erraza» da. Planteatutakoan sakonduz, sailburuak uste du «orain arte bezala» hondakinak botatzea ezin dela, aurrerantzean, «hain erosoa eta hain merkea» izan.

Zerga horrek lagundu beharko luke, Arriolak esan zuenez, «irtenbide teknologikoak eta hondakinen balioztatzea indartzen», modu horretan, «lege zein zerga tresnak» baliatuz, hondakinak botatzea ez dadin izan enpresen aurreneko aukera. Beraz, sektore publikoa eta pribatua elkarlanean jarriz, hondakinak aprobetxatzeko ekinbideak sustatu nahi ditu, «kostu ekonomiko handiagoa eragin arren kutsadura gutxitzen lagunduko dutenak».

Datuak

Ingurumen sailburuak Bilbon azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 6,3 milioi tona hondakin sortzen ditu urtero. Kopuru horren %60 hondakin industrialak dira; %21, eraikuntzako materiala; eta %19, hiri hondakinak. 6,3 milioi tona horien %58 birziklatu egiten dira; %6 «balioztatze energetikoko» instalazioetara bidaltzen dituzte, eta %37, zabortegietara.

Bestalde, Zaldibarko hondamendiaren Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak Bilbon bertan egin zuen atzo eguneroko bilera. Luiziaren lau eremutan «areagotu» dituzte joan den otsailaren 6tik ezbeharraren ondorioz desagertuta dauden bi langileak bilatzeko lanak, bileraren ondoren Jesus Peña Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkariak adierazi zuenez. Mahaiko kideek aitortu zuten, hori bai, herenegun eta atzo botatako euriak ez duela horretan laguntzen.

Peñaren arabera, bilaketa lanak mugatu dituzte luiziaren erdiko eta beheko eremuetara. Izan ere, lur jausia gertatu zen unean eremu horietako baskula batean zegoen, ustez, Alberto Sololuze desagertuetako bat, baita Joaquin Beltran beste desagertuaren autoa ere. Lehendakaritzako idazkariak nabarmendu zuen, gainera, bilaketa lanetan ari direnek ia kontrolpean dutela hondakinen bidez sute berriak pizteko eta luizi gehiago gertatzeko arriskua.

Erkoreka, lasai

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak uste du ez dela arazorik egongo Zaldibarko zabortegiko hondakinak kudeatzeko. «Euskadin edo inguruan dauden autonomia erkidegoetako zabortegien ekarpen boluntarioa nahikoa izango da», adierazi zuen, atzo, Euskadi Irratian. Bozeramailearen esanetan, ezbeharraren ondorioz desagertutakoak aurkitzea da lehentasuna, «hasieratik izan den bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.