Immigrazioaren aurkako polizia kontrolak «ilegalak» direla salatu dute

Bi urteko epean bederatzi migratzaile hil dira Hendaia eta Irun arteko mugan. Migratzaileak babesteko eskatu dute Anafe elkarteak eta CAFI koordinakundeak

Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko oinezko zubia, hesiz itxirik. JAGOBA MANTEROLA/FOKU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Frantziak immigrazioa kontrolatzeko erabiltzen duen muga politika salatu dute Anafe atzerritarrentzako mugetako laguntzarako Frantziako elkarteak eta CAFI Barne Mugetako Ekintza Koordinakundeak. Maiatz hasieran txosten bat argitaratu zuten 2019 eta 2022 artean egin dituzten behaketa lan, migratzaileen lekukotasun bilketa eta tokiko eragileekin bildutakoan atera emaitzekin: agerian utzi dute kontrol horiek «ilegalak» direla, eta ondorio latzak dituztela salatu dute.

Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzeko hamabost pasabide zenbatu dituzte elkarteek. Beste pasabide bat Nafarroatik Biarnora pasatzen da; Izaba (Nafarroa) eta Ereta (Biarno) artean dago, hain zuzen.2019 hasieran poliziaren presentzia ez bazen etengabekoa, kontrolak areagotu egin direla nabarmendu dute elkarteek hiru urteetan, kontrolak iraunkor izateraino. Tartean G7koen goi bilera eta COVID-19aren pandemia erabili ditu Frantziak arrazoitzat. Hala nola, 2021ean, Euskal Herriko zortzi pasaleku behin betiko itxi zituzten gainontzeko pasabideetako kontrolak gogortzeko. Migratzaileei bidea asko zailtzen die horrek, saihesbideak aurkitu behar izaten baitituzte. 2023ko apirilean muga itxietarik soilik lau berriz irekiak izan dira, txostenaren arabera.

Kontrolak ekiditeko, migratzaileek bide arriskutsuak hartzen dituzte ezinbestean, elkarteek azaldu dutenez: mendietan barna ibiltzera, ibaiak igerian igarotzera, autobideak igarotzera eta trenbideetatik oinez ibiltzea. Horrek istripu larriak eragiten dituela azpimarratu dute. Hala nola, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra, Euskal Herrian, bederatzi lagunen heriotzak zerrendatu ahal izan dituzte: sei Bidasoan itoak; gainontzeko hiruak, berriz, tren batek harrapaturik Donibane Lohizunen (Lapurdi). Azpimarratu dute heriotza horiez gain hainbat migratzaile zauritu egiten direla, bai eta beste batzuk desagertu ere.

Salbuespen neurria, ohiko

Frantziaren mugak Schengen eremua-ren barruan kokatzen direnez, zirkulazio librerako irizpideek bermatuta egon behar lukete. Schengenen muga araudiaren arabera, estatuek printzipioari salbuespena egiten ahal diote «larrialdi egoeran». Europako zuzenbidearen arabera, barne mugetan kontrolak ezartzeak ezin du sei hilabete baino gehiago iraun, eta, eskaera berritzeko, larrialdi egoera berri batek bakarrik justifika dezake. Alta, elkarteen arabera, Frantziak 2015etik aurrera salbuespen neurria behin eta berriz berritu du. «Mehatxu terrorista» argudiatuz itxi zituzten hasieran, 2020ko pandemia izan zen hurrengo arrazoia, eta, ondotik, Ukrainako gerla.

Horrela, 2023rako, Frantziak zazpi urtez erabili du terrorismoaren aurkako borrokaren arrazoia mugak kontrolatzeko, hiru urtez krisi sanitarioarena, eta urte batez Ukrainako gerlarena. «Ezohikoago bilakatu da barne mugetako kontrolik eza, Europako araudiak eta jurisprudentziak dioenari muzin eginez», deitoratu dute txostenean.

Kontrolei dagokionez, berriz, diskriminatzaileak direla diote elkarteek, Frantziako legediak hori debekatzen badu ere. Nazioarteko zuzenbidean ere debekatua dago. Elkarteek egin behaketen arabera, soilik ezaugarri fisiko bereizgarriak dituzten pertsonak kontrolatzen dituzte, besteak beste, azal kolore ezberdina duten pertsonak.

Horrez gain, migratzaileen aurka erabiltzen dituzten beste zenbait prozedura ere ez dira «oso garbiak»: Hego Euskal Herrirako kanporaketak eta sarrera ukatze prozedurak. Orokorrean, migratzaileen eskubideak errespetatu gabe iragaten dira, itzultzailerik gabe, abiatu den prozedurari buruzko informaziorik gabe, adingabetasuna kontuan hartu gabe, asilo eskaerak kontuan hartu gabe, beteak beste. Askotan prozedurarik ere ez dago, «gibelera itzultzen» direla kontsideratzen dute agintariek, migratzaileei beren burua babesteko aukerarik eman gabe.

Iparraldetik Hegoaldera bidali dituzten migratzaileak ere izan direla diote, baita haiek Hego Euskal Herritik barrena igaro gabekoak izan direnean ere, hala nola Iparraldean bizi diren etorkinak. Hainbat testigantza bildu dituzte: «Jeanek —izen faltsua da— egonaldi baimena du, aprendizgoan dabil eta Ipar Euskal Herrian bizi da, Urruña inguruan. Aprendizgo lekura joateko, goizero autobusa hartzen du Urruñatik Baionara. Askotan kontrolatu izan dutela adierazi du. Behin baino gehiagotan eraman izan dute Hendaiako Polizia Etxera. Batzuetan, askatu egin izan dute, eta, beste batzuetan, berriz, Hego Euskal Herrira kanporatu izan dute. Horregatik, aprendizgora berandu iritsi izan da».

Horiek horrela, migratzaileen babesa aldarrikatu dute elkarteek, baita legediaren eta prozeduren errespetua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.