Koronabirusa

Urkullu: «Pertzepzio orokorra dago pandemia ez dela gure kontua»

Azken orduetan 492 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta Nafarroan herritar bat hil da

Donostiako Ramuntxo Berri tabernan egondako 683 laguni proba egin zieten herenegun, Okendo kultur etxean. GORKA RUBIO / FOKU.
joxerra senar
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kezkatuta azaldu zen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria sare sozialetan gazteleraz zabaldu zuen mezu batean. «Tamalez», ezarritako neurrien inguruan gizartean izan diren jarrera batzuk kritikatu zituen, eta «ardura hartzeko» dei zabala egin zuen: «Zer gertatzen ari zaigu, Jaurlaritzako Osasun sailburuak etengabe emandako mezu larrien eta egunero gertuko zein urrutiko egoera larria islatzen duen informazioaren aurrean, martxoaren 13tik ekainaren 18ra arteko garaia bizi izan ez bagenu bezala jokatzen badugu?», galdetu zuen. «Pertzepzio orokorra dago pandemia ez dela gure kontua. Uste dugu, gainera, azken unean PCR proba eginda aski dela!».

Orain arte hartu diren neurriak «zailak» izan direla onartuagatik, bide beretik jarraituz gero gehiago etorriko direla azpimarratu zuen. Nazioarteko adibideei gertutik erreparatzen ari zaizkiela dio mezuan, eta horien artean aipatu ditu Hego Korea, Alemania, Austria, Frantzia, Danimarka edo Belgika. «Bitxi» deritzo, kasu gehienetan antzeko erantzunak ematen ari baitira herrialdeak: maskara erabiltzera derrigortzea; urruntze fisikoa; aisialdi gune, saltoki eta kultur eremuetan neurriak hartzea; probak egitea...

Dena den, oraindik ezarri gabeko neurriak badirela uste du. Horietako bat izango litzateke gaueko ordu jakin batean etxeratzeko agindua ematea. Urkulluren arabera, herrialde horietako batzuetan, kontaktuak identifikatuz eta konfinamendua gordetzera behartuz alerta goiztiarra ematen duen aplikazioa erabiltzen dute, edo konfinamendua ezartzen dute gune jakinetan. Era berean, negozioei bezeroen kontaktuak izateko obligazioa ezartzen diete, ondoren jarraipena egiteko, kutsatzetik egonez gero; edo pertsona multzoak murrizten dituzte.

Urkulluren arabera, martxoaren 13tik ekainaren 18ra bizitako egoera «dramatikoa» izan da, bai osasun arloan, bai zaintza eremuetan. «Ikaragarriak izan dira ondorioak bizitzen galerari dagokionez, eta horietako asko bakardadean izan dira, senideen eta gertukoen aldamenean egon ezinik». Pandemiaren hasiera horretan material falta ere «dramatikoa» izan zela onartu du.

«Ahal den guztia»

Egun, pausoak eman dituzte osasun arloan materiala eurenganatzeko eta arreta hobetzeko, eta administrazioaren material guztia erosteko ardura Osakidetzari eman diote. Dena den, Urkulluk «arduraz» jokatzeko eskatu dio euskal gizarteari, atzera egiteko arriskuaz ohartarazita. «Denon artean ahal den guztia egin behar dugu. Denok!».

Uda honetako joerari begira, ostegunean jo zuten goia kasuek, oraingoz. Atzo, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuten ostiralean 492 positibo atzeman zituztela, ostegunean baino 46 kasu gutxiago. Era berean, Nafarroan COVID-19aren ondorioz pertsona bat zendu zen atzo. Jadanik 2.169 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik Euskal Herrian. Nafarroan bi lagun ospitaleratu zituzten atzo —Jaurlaritzak bihar eguneratuko du datu hori—.

Bizkaian, 268 positibo

Uneotan, kezka iturri nagusiak Bizkaia eta Nafarroa dira. Azken egunetako joerari eutsiz, 268 positibo atzeman zituzten atzo Bizkaian, eta intzidentzia tasa ehun mila biztanleko 155 positibokoa da. Nafarroan, 102 kasu detektatu zituzten, eta ehun mila biztanleko batez beste 145 positibo dituzte. Gipuzkoan, berriz, kasuek behera egin dute eta uneotan kasu gutxien duen lurraldea da: ostiralean 57 kasu detektatu zituzten, eta intzidentzia tasa 71 da. Araban, tasa 101 da, eta 61 atzeman dituzte.

Guztira, ostiralean 7.252 PCR egin zituzten Hegoaldean. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra Donostiako Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan egon zirenei PCR proba egin diete Okendo kultur etxean: 683 PCR egin zituzten ostiralean, eta hiruk eman zuten positibo. Atzo beste 603 lagunek zuten txanda hartua proba egiteko. Bizkaian, Galdakaoko osasun etxean, uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Muguru tabernan izan ziren 420 laguni egin zieten PCRa.

Araban, Osasun Sailak PCRak egiteko eskaera egin zien Gasteizko Kilimanjaro dantzalekuan eta Xixilu jatetxean zein Aguraingo Kokolo tabernan izandakoei. Alta, telefono zerbitzuak gainezka egin zuen, eta horren aurrean hainbat aukera utzi dituzte: astelehenetik ostiralera osasun etxean har daiteke txanda, eta beste bi telefono jarri dituzte: (0034) 945-00 79 00 eta (0034) 900-20 30 50.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.