Koronabirusa

Hirugarren «aizkorakada»

Hirugarren aldiz itxi dituzte tabernak Bilbon. «Ezjakintasunez» bizi dute egoera Alde Zaharreko tabernariek. Beldur dira ea ez ote diren gai izango berriro irekitzeko.

Tabernak hirugarren itxierarako prestatzen, atzo, Bilboko Plaza Barrian. BERRIA.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eremu gorrira igaro da gauerdian Bilbo, eta gorriak ikusten ari diraBizkaiko hiriburuko ostalariak ere. Hirugarrenez itxi behar izan dituzte tabernetako eta jatetxeetako ateak eta pertsianak. Azken eguna izan zuten atzo, eta itxialdirako prestaketa lanean zebiltzan asko Alde Zaharreko ostatuetan. Horietako bat da Plaza Barriko Zaharra taberna. Bertan egiten du lan Nieves Gomezek, eta sentimendu asko pilatzen zaizkio: haserrea, beldurra...«Ez digute behar den moduan lan egiten utzi. Kontrol izugarriak jasan behar izan ditugu, eta beste sektore askotan —metroetan, autobusetan, Corte Ingleseko beherapenetan...— ez da berdin gertatzen». Kudeaketa horrekin merkataritza txikiaren gainbehera bizkortuko dela uste du Gomezek: «Hirugarren aizkorakada da; ez dakigu honen ostean gutako zenbat izango garen gai berriz irekitzeko».

Neurri murriztaileak hartzearekin ados dago Gomez, baina uste du sektorerik zigortuenek diru laguntzak jaso behar dituztela. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik eza salatu du: «Frantzian eta beste herrialde askotan ere itxi dituzte tabernak, baina ez dira kexatzen, diru laguntzak jasotzen dituztelako. Guk, diru laguntzak jaso ez, eta, gainera, gastuak ordaintzen jarraitu behar dugu». Kolpe ekonomikoa datorrela badaki, baina sektore bakoitzean kolpe hori ezberdina izango dela azaldu du: «Ostalariek sufrituko dugu gehien, dirurik ez dagoenean ez baitugu janetik edo oinarrizko beharrizanetatik aurrezten, baizik eta aisialditik». Herritarren elkartasuna eta babesa jasotzen dituztela kontatu du:«Animo handia ematen digute, eta asko eskertzen dugu», baina, erizainek txaloen bitartez aldarrikatu zuten bezala, ez da nahikoa tabernarientzat:«Animoak ez dizkigu soldatak ordaintzen».

Ezjakintasuna, amesgaizto

Errondabide kultur elkarteak eta Xukela tabernak ere «ezjakintasunez» bizi dute itxiera. Xukelaren jabe Alejandro Corralesek dio egoera ezegonkor honek min handia ematen diela:«Ez dakigu zenbat iraungo duen. Batzuek esaten dute aste bat izango dela; beste batzuek, bi aste edo hilabete iraungo duela... ezjakintasun hori jasanezina da guretzat. Ez dakigu ordutegiak aldatu edo ez, baliabideak eskatu edo ez. Egoera honetan, ezin dugu ezer aurreikusi edo planik egin».«Etsita» dagoela aitortu du Corralek. «Jasan eta jasan. Kasuen beherakada tabernarion esku dagoela esaten dute, baina ez da horrela».

Urko Fernandez Errondabide elkarteko kidea eta tabernaria da, eta uste du sektoreak ahalegin handiak egin dituela segurtasuna eta osasuna bermatzeko: «Zerbitzu publiko askotan egin ez den esfortzu izugarria egin dugu, bai ekonomikoki, bai leku segurua izateko». Bilboko metroa jarri du horren adibide nagusitzat: «Guk hainbat produktu erosi behar izan ditugu lurra, mahaia eta beste dena desinfektatzeko. Metroan, berriz, ez dut inor sekula ikusi heldulekuak, eserlekuak, botoiak edo makinak desinfektatzen». Beste esparru askotan tabernetan baino jende gehiago pilatzen dela iruditzen zaio Fernandezi, baina, hala ere, ostalaritza oraindik «kriminalizatuta» dagoela salatu du. Egiten duten ahalegin hori ikusezina dela deritzo: «Tabernariok hartzen ditugun ardurak kalean betetzen ez direla ikusteak amorratu egiten gaitu».

Argazki orokorra eginez, itxi diren negozioek izaera jakin bat dutela uste du:«Egoera oso larria da: negozio familiar askok ez dute jatekorik izango, eta multinazionalen frankiziek aurrera jarraituko dute, orain arte bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.