«Jo, atxilotu, eta autoan sartzean ere kolpatu egin ninduten»

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

Azken astean hirutan sartu da Ertzaintza Donostiako Parte Zaharrera, eta horietatik bitan izan dira atxiloketak. Lehenak, joan den larunbatean. Horietako bat da Urko —ez du bere benetako izena eman nahi—. Trinitate plazan zegoen, lagunekin, eta, «ustekabean», Polizia sartu zen: «Komunikabideek diote kale zurrutean ginela, baina lagunekin geunden, hizketan. Bat-batean azaldu ziren, eta, ezer egin gabe, gure aurka jarri ziren».

 

Azaldu du Ertzaintza oldartu zitzaiela, kolpeengatik lurrera erori, eta segundo batzuk barru atxilotuta zegoela esan ziotela. «Borrekin hasi ziren jotzen, ni lurrera erori arte, eta, hala nengoela, jotzen segitu zuten. Atxilotu bitartean, jipoi batzuk eman zizkidaten, eta esan zidaten atxilotuta nengoela. Zorabiatuta nengoen, eta autoan ere beste jipoi bat jaso nuen». Autoan xaxatzen saiatu zirela kontatu du: «Ni urduritzeko, esaten zidaten lagunen aurrean oilarrarena egin nuela. Ezin nien erantzun, ordea; shock egoeran nengoen». Oraindik aurpegia ubelduz betea, eta puztuak ditu sudurra eta begiak.

Ospitalera eraman zuten atxilotu ostean: «Ospitalera eraman ninduten. Ez nuen nire aurpegia ikusi askatu ninduten arte. Medikuak esan zidan ez nuela ezer. Handitua nuela, eta kito. Baina momentu horretan aurpegiak min ematen zidan, eta sukar pixka bat nuen. Ez zidaten aurpegian ezer jartzen utzi, eta gau zaila pasatu nuen».

Dioenez, polizia etxean ere ez zuela jaso dio: «Ez ninduten jo, baina bortitz aritu ziren, nahiz eta nik esan nien lasai nengoela». Ahalik eta azkarrena irten nahi zuen, eta gomendatu zioten «bide errazena» epaiketa azkarra zela: sei hileko espetxe zigorra jarri diote autoritatearen aurkako atentatuagatik eta liskarrengatik. Esan diote, gainera, ez ibiltzeko horrelako «saltsetan».

Herenegungoa ikusita, «amorrua» sentitzen du: «Aurrekaririk gabeko pertsonak gara, eta ez gara biolentoak. Konparazio horiek min egiten digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.