EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Ohiturak kolektiboki aldatuz

Ulma taldean 559 'ahobizik' eta 96 'belarriprestek' hartu dute parte aurten Euskaraldian. Horrez gain, 34 arigune sortu dituzte etxe barruan. Ohiturak aldatu eta Euskaraldiaren ondoren ere mantentzea erraza ez den arren, gogotsu agertu dira bertako langileak ariketarekin jarraitzeko.

Ulma Packaging-eko ariguneko langileak, lanean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Oñati
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Lurra zipriztintzen duten letra koloretsuek atentzioa ematen dute Oñatiko Ulma Construction enpresaren bulegoetan sartzean. Letrek, bakarrik, ez daukate zentzurik, baina bata besteari kateatuz gero, esanahia hartzen dute, baita bulegoetan sumatzen den giro bereziak ere: Euskaraldia irakur daiteke harrerako lurrean. Ulmako langileek ere, azaroaren 20az geroztik, lurreko letren tankera hartu dute: ahobiziek edo belarriprestek bakarrik ez baitaukate zentzurik, baina taldean orain arte ikusi gabeko dinamika bat sortzeko gai izan dira urte honetan. Izan ere, 559 ahobizi eta 96 belarriprest elkartu dira aurten Ulma talde osoan, eta 34 arigune sortu dituzte.

Aurtengo Euskaraldiko berrikuntza nagusia dira ariguneak. Entitateetan euskaraz eroso aritzeko guneak sortzea dute helburu, eta, horretarako, arigunea osatzen duten pertsonak prest egongo dira euskaraz hitz egiteko edo, hitz egiteko gai izan ezean, entzuteko. Ariguneak sortzeko, hainbat talde jarri dira martxan enpresan: «Euskara batzordeak izan zuen ideia», azaldu du Aitor Uriarte langileak. Motibazio talde bat ere badago, fabriketan euskara bultzatzeko, eta badira, halaber, IKTkoak ere, «informatika arloan euskarari bultzada ematen saiatzen direnak». Azken horretan dihardu Uriartek, hain zuzen ere, baita Xabier Calvo eta Mikel Maiztegi lankideek ere. «Ariguneen ideia sortu zenean, lan sail bakoitzeko euskara ordezkariak zeukan bere taldean arigune posibleak identifikatzeko ardura», dio Calvok.

Euskara batzordeak jarraibideak ematen dituen arren, hiru taldeen artean eramaten dira ekintzak aurrera. Hasieran, ikusi zuten ariguneak hiru departamentutan sortzeko aukera, baina laugarrenean zalantzak izan zituzten. «Jendea Euskaraldian izena ematen hasi zenean, baina, ikusi genuen laugarren departamentu hori zela Euskaraldiko partaide gehien biltzen zituen saila, eta proposatu genuen bertan ere beste arigune bat sortzea». Calvok azaldu duenez, sail bakoitzean hiruzpalau pertsona baino ez ziren geratu izena eman gabe.

Ulma Packaging-en, berriz, produktuak paketatzen dira. Bertako langilea da Egoitz Urkia. Motibazio taldean hartzen du parte hark ere. «Euskaraldia antolatzeko biltzen hasi ginenean, ikusi genuen hemen ere ariguneak sortzeko baldintza guztiak betetzen genituela, eta aurrera egitea erabaki genuen». Taldeak egindako azterketa baten arabera, enpresako langileen %80 gai dira euskaraz ulertzeko, eta %59k hitz egiteko gaitasuna daukate. Hala ere, Urkiak uste du ariguneak beharrezkoak direla: «Hemen jende asko dago, eta batzuetan ez duzu jakiten norekin jo euskarara eta norekin ez. Askotan gaztelerara jotzen dugu besteak ere euskaraz ondo dakien arren, eta ariguneen lana da bistaratzea bertan gauden guztiok euskaraz hitz egin dezakegula eta asmoa daukagula euskaraz aritzeko».

Arigune horietako bateko kide da Endika Agirre. Ahobizi rola hautatu du, eta taldean ariketa erraz egiten ari direla azpimarratu du, egunerokoan euskaraz aritzen direlako haien artean. «Inplikazioa egon da taldean, eta hitzen bat gazteleraz irteten bazitzaigun, segituan aldatzen genuen euskarara. Ohartu gara arigune bat garela, eta seriotasun horrekin hartu dugu ariketa».

Maria Elola antolakuntza saileko langilearen kasua bestelakoa da: «Euskaraz ulertzeko ez daukat zailtasunik, baina hitz egitea, adibidez, gehiago kostatzen zait». Belarriprest txapa darama soinean. «Duela bi urteko Euskaraldian nabaritu nuen jendeak euskaraz egiten zidala, eta asko gustatu zitzaidan. Aurten ere gauza bera gertatzen ari zait».

Aurreko esperientziak izan zuen eragina nabarmendu du Aitor Uriartek: «Uste dut lehen Euskaraldia berritasun bat izan zela, eta jendeak ez zekien zer ahalegin dakarren. Baina ikusita duela bi urtekoa ondo joan zela, aurten beste prestasun bat daukate langileek». Calvo ere bat dator: «Aurreko Euskaraldian belarriprest gisa parte hartu zuten askok, eta aurten pertsona horiek ahobizi txapa aukeratu dute». Mikel Maiztegi lankideak aldaketa batzuen iraupena nabarmendu du: «Agian denak ez, baina ohitura aldaketa batzuk denboran zehar mantendu dira». Hala ere, ezin izan diete denei eutsi: «Egia da lehen Euskaraldiak eragina izan zuela, baina Euskaraldi hartan finkatutako ohitura batzuk galduz joan dira bi urte hauetan».

Izan ere, hizkuntza ohitura horiek aldatzearen zailtasunak azpimarratu ditu Uriartek: «Kosta egiten da batzuetan ohiturak aldatzea. Beti erdaraz egiten duzun pertsona batekin euskaraz hastea ez da erraza». Hala ere, guztiak bat datoz aurten izan den zailtasun garrantzitsuena aipatzeko orduan: pandemiaren ondorioz hartutako neurriek nabarmen oztopatu dute langileen arteko kontaktua, eta, ondorioz, zailagoa izan da hizkuntza ohituretan eragitea, elkarri eragitea alegia.

Ariketa ari da pixkanaka fruituak ematen, nolanahi ere, Maiztegik iragarri duenez: «Ni gaur harritu egin naiz: normalean euskara erabiltzen ez duen bati, beste batek euskaraz egin dio, eta elkarrizketak normal-normal jarraitu du aurrera». Calvok ere lehen pertsonan igarri du aldaketa: «Ni orain hilabete erdaraz ibiliko nintzen pertsonekin euskaraz nabil orain; eta ea horrela jarraitzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.