Ebazpena ere, «tokiz kanpo»

Launa urteko espetxe zigorra berretsi die Auzitegi Gorenak Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori. Haien ustez, «militantzia politikoa» egiteagatik zigortu nahi dituzte. Mobilizazioak iragarri dituzte.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado 2021eko artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren sententzia berretsi du, eta launa urteko espetxe zigorra ezarri die Galder Barbadori eta Aitor Zelaiari. Ankerkeriari Stop plataformak eman du epaiaren berri.

Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epailearen aginduz. «Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea» egotzi zieten bi gazteei, Ertzaintzak berak hilabete batzuk lehenago Duran (Arratzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergaien arduradun zirelakoan. Bi gazteek ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, urte hartako uztailean atera ziren arte, epaiketaren zain.

2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Orduan, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen bakoitzarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa, argudiatuta bi gazteen aurkako frogak «lausoak» zirela, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoela. Hamar urte igaroak ziren ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta hiru urte erakunde armatua desegin zenetik.

Bien kontra erabilitako frogen artean daude Ertzaintzak aurkitutako materialean zeuden hatz markak eta Aitor Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak. Naiz-ek epaiketaren ostean argitaratu zuenez, Ertzaintzak argudiatu zuen Zelaiak motxilan bridak, eskularruak, walkie-talkieak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeuzkanez, «kale borrokarako motxila bat» zela. Bertsio hori gezurtatu zuen Zelaiak epailearen aurrean. Azaldu zuen Ertzaintzak konfiskatutako materiala Hatortxu Rock jaialdian txanda bat egiteko erabili zuela, eta bere bertsioa baieztatu zuen lekuko batek.

Barbadok epaiketan aitortu zuen ezker abertzaleko «militantea» dela, eta mugimenduak egun duen estrategiarekin «bat egiten» duela. Atxiloketaren zergatia ukatu, eta erantsi zuen bere etxean soilik «militantzia politikoarekin lotutako materiala» aurkitu zutela.

Handik egun gutxira, ordea, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok gazteen aurka ebatzi zuen, «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik». Lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zioten epai hari; horri erantzun dio Gorenak orain.

Akusatuek adierazi dute oraingoz ez dutela mintzatu nahi, eta datorren astean egingo dutela analisi politikoa.

Joan den apiril amaieran jakin zen Gorenak aurki ebatzi behar zuela kasua, eta hainbat elkarretaratze egin zituen Ankerkeriari Stop plataformak akusatuei babesa adierazteko. Dinamikaren arabera, haien aurkako prozesua «fartsa bat» izan da; «bost urte beteko dituen amesgaiztoa». Are gehiago, azaldu zuten «normalizaziorako eta bakerako bide bat» egin nahian ari dela euskal gizartea, baina Espainiako Estatuak herritarrei jazartzeko «tresnak eta mekanismoak» erabiltzen jarraitzen duela.

«Militantziagatik zigortuak»

Zelaiak eta Barbadok 2021eko otsailean adierazi zioten BERRIAri «militante politikoak izateagatik» zigortu nahi zituztela. Barbadoren arabera, atestatuan «milaka orrialde» zeuden haien jarduera politikoari buruz, «eta oso gutxi aurkitutako zuloaren inguruan». Gainera, azpimarratu zuen euren kontrako auzia ez zela etorri «auzitegietatik», baizik eta Euskal Herrian bertan «kozinatu» zela: «Larriena da operazio honek izen-abizenak dituela, eta ez dela auzitegitik atera: Ertzaintza eta EAJ». Erakutsitako elkartasuna eta babesa eskertu zuten biek. «Ez gara kriminalak; militanteak gara, eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik. Makurtu nahi bagaituzte, oker dabiltza», adierazi zuen Barbadok orduan.

Barbadok berak iaz salatu zuen Guardia Zibilak kolaborazio eskaerak egin zizkiola. Sorturekin batera egindako agerraldian kontatu zuenez, kontrol batean gelditu zuten beste hiru lagunekin, eta agenteetako batek esan zion gauzak kontatzen bazizkion epaiketarekin lagunduko ziola, eta Bilbon kafe bat hartzera gonbidatu zuen. Hortik aurrera, jarraitu egin zuten zenbaitetan, eta telefonoz deitu ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.