Herri xehea antolatu, egunerokoa alda dadin

Alda mugimendu sortu berriak auzoetako kolektiboak eta erabiltzaile kolektiboak osatu nahi ditu, herri xehearen eguneroko arazo materialei erantzun bat emateko. AEBetatik eratorritako 'community organizing' teknikak erabiliko dituzte.

Urriaren 10ean egin zuten Aldaren biltzar nagusi eratzailea, Baionako gaztetxean. REMI RIVIERE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Herri xeheari tresna bat eskaintzea. Hara zer den Alda mugimenduaren xedea. Isolamendua nagusitu den eremuetan antolaketa kolektiboa sortu nahi dute, auzoetako kolektiboak eta erabiltzaile kolektiboak sortu, herri xeheak egunerokoan dituen arazo materialei erantzuteko.

Malika Peyrault (Akamarre, Nafarroa Beherea, 1987) eta Xebax Christy (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1979) izendatu zituzten Alda mugimenduaren presidente urriaren 10ean Baionan egin zuten biltzar nagusi eratzailean. ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioko kideak dira biak. Izatez, egitura horretan abiatu zuten Alda mugimendua ekarri duen gogoeta, 2016. urtean. Egiaztapen batetik abiatu ziren: herri xeheak arazo materialak ditu, baina usu bakarrik eta isolatuak dira horien aitzinean. «Deskonexio sozial bat bada». Garai batean langile auzoak biziarazten zituzten mugimendu egituratu handiak erori dira azken bi hamarkadetan, izan Eliza ala sindikatuak, eta elkarte mugimendua ere itzalean da. Zenbat eta bakartuago egon, «segurtasunik ezaren sentimendu handiagoa dute herritar horiek», eta horrek bozetan abstentzioa eta eskuin muturra indartzen ditu. «Ohartu gara gure mugimenduetan ez dugula inolako loturarik herri xehearekin: eskasia bat bada. Mugimendu militante orotan egiten den galdera da: nola iritsi jende horiengana?», azaldu du Christyk.

2013ko urrian Bretainian sortu zen Buruko Gorrien mugimenduak piztu zuen gogoeta fundazioan, eta 2018an abiatu zen Jaka Horien mugimenduak baieztatu zuen. «Langile klase horiez okupatzen ez garen bitartean, gure borroka ekologiko eta sozialetan beti izanen ditugu gure parean, gure aurka. Hor ikusi zen herri xehearekin eta haren baitan lan egiteko beharra», dio Christyk. Hiru eginkizun finkatu dituzte: herri xehe horren eguneroko arazoak konpontzea, komunitate bat eskaintzea eta jendearen bila banan-banan joatea. «Ezin dugu jendea noiz etorriko beha egon».

Saul Alinsky soziologo-militanteak zabaldutako community organizing kontzeptuan oinarritu dira. Bi oinarri aipatzen dituzte: atez ate jendearengana joatea eta haserreak bertikalizatzea. Christy: «Haserreak lehenik horizontalki adierazi ohi dira. Adibidez, bizitegi batean, beti bada harrabotsa, gazteak atarian egoten direlako. Zergatik daude atarian? Ez dute gelarik? Ez: lehen zentro sozial bat bazen, baina itxia izan zen. Ala bizitegiak gaizki isolatuak dira, eta horregatik entzuten da dena. Hori ez da gazteen erantzukizuna: gizarte alokatzailearen ala botere publikoen erantzukizuna da». Horrek eramaten ditu desberdin ikustera arazoa, eta, beraz, erantzuleak. Horri deritzote haserreen bertikalizazioa.

2018ko otsailean, Frantziako zenbait hiritan community organizing tekniken bidez zeramaten lana ezagutzera joan ziren. «Kontzientzia hartu genuen mugimendu berezitu bat behar zela, eta denbora beharko zela emaitzak lortzeko», azaldu du Christyk. Community organizing metodoak barneratzeko saio bat egin, eta aurtengo otsailean hogei bat kideren artean hasi dira lanean. Elkarrizketa kualitatiboak egin dituzte, pertsona identifikatuekin: gizarte langileak, eskoletako zuzendariak, auzoetako erreferenteak... Proiektua landu, ikasi eta osagarritasunak irudikatzeko. Christy: «Metodo batekin, antolaketa batekin eta praktika militante batzuekin gatoz; ez ditugu soluzioak eta proiektuak eginak prest. Jendearekin batera definituko dugu». Uztailean bost eguneko mintegi batean osatu zituzten taldearen ituna, estatutuak, antolaketan, xantierrak eta egutegia. Manu Robles Arangiz fundazioaren eta ELAren baitako baieztapen prozesuaren ondotik, larunbatean sortu ziren.

Kolektiboetan antolatua

Bi egitura nagusi izanen ditu Aldak: auzoetako kolektiboak eta erabiltzaile kolektiboak. «Helburua da herritarrak ahalduntzea. Ohar daitezela antolatuz arazoak eta erantzuleak identifikatu ditzaketela, ekintza batzuen bidez gauzak aldatu ditzaketela», azaldu du Peyraultek. Auzo mailako «kanpaina txikiak» bultzatu nahi dituzte, herritarrak ez daitezen «indargabe» sentitu. Erabiltzaileen kolektiboak logika berari erantzunen dio, baina, antolaketa geografikoa izan ordez, erabiltzen duten zerbitzu batean pairatzen duten injustizia bati erantzutea izanen da ideia. Urtarrilean hasiko dira zehazki lanean: Baionako bi auzo hautatuko dituzte bertan kolektiboak sortzeko, eta erabiltzaile kolektibo bat: printzipioz, gizarte laguntza andana kudeatzen duen CAF familien laguntza kutxako erabiltzaileena. Denborarekin, auzo gehiagotara eta Baionatik kanpora ateratzea lukete xede, baita erabiltzaile kolektibo gehiago sortzea ere.

Bestetik, zuzenbide arloa erabiliko dute, laguntza juridikoa emanez, izan kasu kolektiboei, edo kasu indibidual enblematikoei. Prestakuntzak ere emango dituzte, hainbat egiturak nola funtzionatzen duten ulertzeko.

Urtarrila bitarte, prestaketa lanean arituko dira. Baionako hamasei auzotako herritarrengana joko dute Eta aldatuko balitz? izeneko galdeketa batekin. Auzoen argazki bat atera nahi dute, analisia egin, gerora ezarriko dituzten lehentasunak identifikatzeko; eta, era berean, mugimendu sortu berria ezagutarazteko aukera bat ere izanen da. Mugimenduaren izen bereko aldizkari bat banatuko dute, 20.000 aletan, dohainik, urtean lau aldiz.

Mugimendu independentea

Antolaketa aldetik, Robles Arangiz fundazioaren eta ELAren babesa izanen dute, baina mugimendu independentea izanen da. Biltzar nagusiak izendatutako administrazio kontseiluak kudeatuko du elkartea urtarrilera arte. Baina urtarriletik aitzina berrituko dute, hunkitua den jendeak integratuz. Urteroko biltzar nagusi batek gidatuko du mugimendua, eta, horren alboan, lau hilabetean behin bildu den kontseilu estrategiko bat izanen du, kolektibo eta lan batzorde bakoitzeko arduradun batekin. Kolektiboek autonomia handia izatea nahiko dute. Hiru-lau urtean behin kongresua eginen dute, bide orriak zehazteko.

Komunikazio elebiduna izanen du mugimenduak, baina nagusiki frantsesez funtzionatuko du. «Ahalik eta elebitasun handiena nahi dugu komunikazioan, baina jendeak hasieratik pentsatu gabe 'Hau ez da niretzat, euskaldunentzat da'. Egunerokoan, frantsesa izanen da gure hizkuntza. Bestela ere, hori da hemen errealitate soziolinguistikoa», azaldu du Christyk. Malika Peyrault: «Guk nahiko genukeena da Alda zubi bat izatea euskara eta euskal kulturara heltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.