Ekainaren 5ean kalejira «aldarrikatzailea» egingo da eskola publikoaren alde

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «irakurketa ezkorra» egin du hezkuntza akordioaren inguruan, eta salatu dute ez dituztela lehentasuntzat

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen agerraldia, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi igaro da Eusko Legebiltzarrak hezkuntza akordioa onartu zuenetik, eta, ordutik, EAEko Hezkuntza Legearen egitasmoa ontzen ari da Eusko Jaurlaritza. Testu horrekiko kritiko agertu da Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea, eta haren inguruko «irakurketa ezkorra» egin du: «Akordioak ez du jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren lehentasuna izatearen beharra». Eskola publikoaren aldeko protestara deitu dute, eta, ekainaren 5ean Bastidan (Araba) izango den Euskal Eskola Publikoaren jaian, kalejira «aldarrikatzailea» egingo dute.

Hezkuntza akordioa ikastetxe publikoaren kontzeptua «birdefinitzen» saiatzen dela adierazi du plataformak, eta hala jarraitzeak «desoreka eta diskriminazio handiagoa» ekarriko duela uste dute: «Jabetza, titulartasuna eta kudeaketa pribatua duten ikastetxeak ezin dira publikotzat hartu: diru publikoa guztion zerbitzura jarri behar da». Plataformaren esanetan, bereizketa horrek lotura zuzena du hezkuntza sare pribatu itunpekoak Euskal Herrian duen pisuarekin, eta esan dute segregazio iturririk handiena izango direla aurrerantzean ere: «Benetako aukera berdintasuna ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera izatean datza».

Akordioak eskola publikoarentzako finantzaketa planik ez duela aurreikusten ere salatu du plataformak, eta inbertsio plana egitearen garrantzia azpimarratu dute. Besteak beste, ikastetxe publiko berriak sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, euskara indartzeko plana egiteko eta hezkuntza ez-formala doakoa izateko. «Horri eman behar zaio lehentasuna», nabarmendu dute. Horrez gain, eskola eta plaza publiko berriak ere sortu nahi dituzte.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran lortu beharreko hizkuntza mailaren formulazioa ere gaurkotu da akordioan, baina esan dute erabaki hori «oso kaltegarria» izan daitekeela euskararen ezagutzarako: «Euskara biziberritzeko proiektua aldarrikatzen dugu». Laikotasunari dagokionez, erlijio ikasgaiaren helburua «doktrinamendua» dela salatu dute.

Zenbait mobilizazio

«Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da», adierazi du plataformak. Hori lortzeko «lan mardula» egin beharko dutela aurreratu dute, baina horren alde ekiteko prest daude. Ekainaren 5erako kalejiraz gain, udazkenerako zenbait mobilizazio ere antolatuko dituztela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.