Euskara pantailetan. Ikus-entzunezkoak Uemako herrietan

Ikus-entzunezkoetan «sendotasun handiagoz» aritzeko eskatu du Uemak

Uemako lehendakariaren erranetan, EITBk eta RTVEk «ardura handia» dute. Online plataformen eta sare sozialen egitekoa nabarmendu du

Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria eta Garikoitz Goikoetxea Uemako teknikaria, atzo, Eusko Legebiltzarrari ikerketaren emaitzen berri ematen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gaztetxoen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkeztu zuen Uemak atzo Eusko Legebiltzarrean. Iraitz Lazkano lehendakariaren erranetan, «beharrezkoa eta urgentea» da ikus-entzunezkoen gaiari heltzea, egoera «abiada bizian aldatzen» ari baita. Hala, nabarmendu zuen «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola gai horri hizkuntza politikan, ikus-entzunezkoek gazteen «hizkuntza gaitasunean eta ohituretan» duten eragina ikusita.

Gazteengana iristeko gakoa fikzioa dela erran zuen Lazkanok, eta nabarmendu zuen arlo horretan «apustu sendoagoa» behar dela. Goazen telesailaren gisako gehiago behar direla erran zuen, gisa horretako edukiei esker posible delako «etxean euskaraz egiten ez duten gaztetxoengana iristea». Lazkanok adierazi zuen EITBk «ardura handia» duela gai horretan, baita RTVEk ere. «Gure udalerrietako milaka gaztetxok jotzen dute RTVEra, marrazki bizidunak ikustera, eta euskarak ez dauka presentziarik RTVEn», gehitu zuen.

Plataforma digitalek eta sare sozialek duten eginkizunaz ere mintzatu zen Lazkano. Plataformei dagokienez, adierazi zuen euskararen presentzia «mugatua» dela. «Gure gaztetxoetatik, zenbatek dakite Netflixen badauzkatela euskarazko edukiak?», galdetu zuen Lazkanok.

Sare sozialen eginkizunari dagokionez, Lazkanok adierazi zuen «bi mundu» direla gazteek egunerokoan erabiltzen duten hizkuntza eta sare sozialetan erabiltzen dutena. Hortaz, Lazkanok erran zuen «euskal sortzaileen aldeko apustua» egin behar dela. Egun dauden bi gabezia nabarmendu zituen: batetik, «euskarazko erreferenteen falta», eta, bertzetik, euskaraz edukiak egiten dituzten sortzaileen «ikusgaitasun falta». Egoera ikusita, Lazkanok ezinbertzekotzat jo zuen galdera honi erantzutea: «Hizkuntza komunitate gisa, herri gisa, zein izango da gure apustua ikus-entzunezkoen arlo honetan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.