Koronabirusa

Jaurlaritzak babes bitartekoak erosi ditu langile publikoentzat

Langile publikoen %65 itzuli dira lanera, eta Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du. Hamaika pertsonak eman dute positibo Hegoaldean

Jaurlaritzako langile publiko batzuk maiatzaren 11n hasi ziren lanean. R.B / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Jaurlaritzako langile publikoentzat eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak erosi dituzte, «presazko prozedura bidez». Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Nekane Murga Osasun sailburuak atzoko gobernu bileraren ostean eman zuten erosketa horien berri, Gasteizen. 30.000 euro bideratu dituzte horretara, eta azaldu zuen prebentzioa jarri dutela oinarrian: «Helburua da higienerako eta babesteko materiala ematea langileei, beren lanpostuaren arrisku balorazioaren arabera».

Jaurlaritzako lehen langile publikoak maiatzaren 11n itzuli ziren aurrez aurreko lanean, eta asmoa zen lanera «era mailakatuan eta pixkanaka» itzultzea. «Zerbitzu zuzendaritza bakoitzak eta erakunde autonomoetako langileen kudeaketa organoek beren antolamendu eta babes neurri bereziak zehaztu dituzte, langileek egiten duten lan motaren arabera», azaldu zuen Erkorekak. Langileen %65 itzuli dira lanera, haren hitzetan, baina oraindik ere indarrean daude segurtasun neurriak, hala nola sarbideetan kontrolak egitea pilaketarik egon ez dadin eta bi metroko segurtasun distantzia mantentzea. «Jaurlaritzak balorazio positiboa egiten du deskonfinamendu prozesuak funtzio publikoaren alorrean izan duen bilakaeraz; ez da gorabehera berezirik atzeman».

Hamaika positibo

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken 24 orduetan hamaika pertsonak eman dute positibo COVID-19a atzemateko PCR proban: Bizkaian seik eta Nafarroan bostek. Herenegun erregistratutako kasuak baino hiru gehiago dira. Hildakoei dagokienez, beste zazpi gaixo hil dira koronabirusaren eraginez. Herenegun ere zazpi izan ziren hildakoak. Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Osasun Ministerioko datuak ere ez ziren bat etorri atzo; hildakorik ez zen, ministerioaren arabera. Doitzen ari dira datuak.

Eguneko datuak eman, eta birusaren bilakaeraren gaineko azterketak ere izan zituen gogoan atzoko agerraldian Murgak. Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak seroprebalentzia ikerketa hasi zuen apirilaren amaieran, eta, lehen fasean jasotako emaitzen arabera, Hegoaldeko herritarren %4,4k izan dute COVID-19a; hain zuzen, 127.000 herritarrek. «Emaitza horiek atarikoak dira, eta osatu egin behar dira, hiru fasetan diseinatuta baitago ikerketa; beraz, egunotan bigarren zatiari ekin diote, eta espero da emaitzak ekainaren hasieran jakinaraztea», azaldu zuen. Haren ustez, «garrantzitsua» da horrelako ikerketak egiten jarraitzea, pertsonen immunitatearen gaineko informazioa eskain dezaketelako, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila ere ikerketa serologikoak egiten ari dela jakinarazi zuen Murgak, sintomak dituztenei eta ez dituztenei. Lehenbizi, «funtsezkoak diren kolektiboei» ari dira egiten probak: osagileei, udaltzainei, suhiltzaileei eta arrantzaleei, esate baterako. «Herritarren eta kolektibo horien lankidetzak Euskadiko immunitatearen mapa hobeto ezagutzeko aukera ematen digu; lankidetza eta konpromiso hori da COVID-19aren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko modua». Murgak eskerrak eman zizkien ikerketan parte hartu duten herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.