Koronabirusa

Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati - Irati Urdalleta Lete
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Zahar etxeetara ere itzuli da birusa. Hainbat gizarte eremutan izan dira kutsatzeak udan, baina bazirudien menia zegoela aurreko hilabeteetan gogor astindu zuen sektore horretan. Azken orduetan, baina, jakinarazi dute Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dutela COVID-19aren proban. Prebentziorako neurri gisa egiten diren PCR proben bitartez atzeman dituzte, eta, egoiliarrek ez ezik, hainbat langilek ere positibo eman dute. Kutsaturik dauden egoiliar guztiak asintomatikoak dira, eta Birjinetxe zentrora eraman dituzte; COVID-19 gaitzarekin kutsaturikoak artatzeko zentroa da hori. Positibo eman duten langileak, berriz, bakartu egin dituzte.

Zahar etxeko langile batek positibo eman ostean piztu ziren alarma guztiak. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu du «erantzun azkar bat» emateko prozesua martxan jarri zutela positiboaren berri izan bezain laster, eta PCR testak egin zizkieten zahar etxeko 74 egoiliarrei eta 150 langileri. Aldundiak ez du jakinarazi egoitza horretako zenbat langile dauden kutsaturik, baina, orotara, Bizkaiko zahar egoitzetan lanean aritzen diren 28 langilek eman dute positibo, eta 55 bakarturik daude.

Gasteizen, berriz, itxi egin dute Bizia eguneko zentroa, langile batek COVID-19aren proban positibo eman duela eta. Aldundiak jakinarazi duenez, itxita egongo da 24 erabiltzaileei eta langile guztiei proba egin arte. Mutrikuko (Gipuzkoa) zahar etxea ere ixtea erabaki dute, «prebentzioz», herri horretako datu epidemiologikoak aztertuta. Arrazoi bera dela eta, Elgoibarko (Gipuzkoa) eguneko zentroak ere itxita jarraituko du. Agerraldien ondorioz itxi zituzten Zarauzko, Orioko eta Eibarko (Gipuzkoa) eguneko zentroak, berriz, gaur irekiko dituztela iragarri dute.

Gainera, Gipuzkoako adineko zentroetako egoiliarrek —Elgoibarko eta Mutrikuko zentroetakoek izan ezik— kanpora ateratzeko aukera izango dute gaurtik. Gehienez ordu eta erdiko paseoak emango dituzte, FFP2 maskara jantzita, aire librean eta zentrotik hurbil. Bakarrik, langileen laguntzarekin nahiz gertuko pertsonekin eman ahal izango dituzte paseo horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.