Foro Sozialak «etsigarritzat» jo du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena

Kritikatu du aurreproiektuak biktimen «birbiktimizazioan» sakontzen duela. Moncloari eskatu dio inbestidurako blokearekin akordioak lortzeko

Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak aurkeztutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuak kritika ugari jaso ditu aurreko astean publiko egin zutenetik. Haiei batu zaie Foro Sozial Iraunkorra ere. «Etsigarritzat» jo du gobernuaren proposamena, eta inbestidurako gehiengoa baliatzeko eskatu dio, Espainiako Kongresuan testua hobetzeko: «Gizarte heldu eta demokratiko batek ezin du egia osoa jakiteko beldurrik izan».

Talde parlamentarioek azken egunetan egindako adierazpenek erakusten dute badaudela aurreproiektua aldatzeko baldintzak, Foro Sozialaren arabera. Hala, alderdiei eskatu die «giza eskubideen urraketen biktimen arteko diskriminaziorik ezaren nazioarteko zuzenbidean» eta «biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean» oinarritutako akordio baten alde egiteko negoziatzeko garaian.

1968ko Sekretu Ofizialen Legearen erreforma da estatuaren eta hark garatutako gerra zikinaren zenbait biktimaren kasuetan egia azaltzeko «bide egingarri bakarrenetakoa». Foro Sozialaren esanetan, ordea, gobernuaren aurreproiektuak ez die behar duten erantzuna ematen ez GALen ez torturaren biktimei.

Aurreproiektuak 50 urtera arteko epeak ezartzen ditu sekretuak argitaratzeko, eta haiek beste hamabost urtez ezkutatzeko aukera ematen dio Ministroen Kontseiluari. Foro Sozialak uste du egungo legeak baino «denbora kortse handiagoa» ezarriko lukeela horrek, biktimen «birbiktimizazioan» sakonduta: «'Hirugarren mailako biktimen' sentimenduan sakonduz, inpunitatea bermatzeaz gain».

Kontrara, adierazi du erreformak erraztu egin beharko lukeela EAEko Polizia Abusuen Biktimen Legearen Balorazio Batzordearen lana, baita Nafarroan prestatzen ari diren molde bereko legearen inguruko jarduna ere.

Beraz, eskatu du aurreproiektuak hartutako bidea baztertu eta Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan lortutako akordioa abiapuntu gisa hartzeko. Orduko hartan, Navarra Suma ez beste guztiek bat egin zuten Espainiako Gobernuari eskatzeko Sekretu Ofizialen Legea aldatu zezala, Mikel Zabalzaren heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

«Beste kortserik» gabe

Ez da Foro Sozial Iraunkorrak halako eskaera bat egiten duen lehen aldia. Iazko irailean gutun bat bidali zien Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro Felix Bolañosi eta inbestidurako blokea osatzen duten alderdietako kideei. Testu hartan, politikariei eskatu zien hausnarketa bat egiteko eta erreformari «nazioarteko parametroen ikuspegitik» heltzeko. Horrekin batera, exijitu zuen «artxibo ofizialetarako sarbidea behar baino gehiago luzatzen duen beste kortserik» ez ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.