Nafarroan hamar milioi euroren zuzenketak hitzartu dituzte taldeek

Navarra Suma ez beste alderdiek hitzartu dute euretako bakoitzak aurkeztutako zuzenketak babestea. Barkosek azpimarratu du akordioak «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» ekarriko duela

Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu), Ramon Alzorriz (PSN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai), parlamentuan, urrian. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Tramitea bera baino ez da falta, baina partidaren emaitza erabakita dago. Iragan ostegunean, Navarra Sumak 2021eko Nafarroako aurrekontu proiektuari eginiko osoko zuzenketa atzera bota zuten; eta ostiralean, zatikako zuzenketak aurkeztu zituzten beste taldeek. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 10 milioi euroren zuzenketak onartzea hitzartu dute; diru sail horiek aurretik Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin adostutako 9 milioi euroren sailei erantsiko zaizkie. Atzo, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak nabarmendu zuen akordioak «egonkortasun ekonomikoa eta politikoa» emango diola Nafarroari.

Bost alderdiek ordezkaritzaren arabera banatu dute dirua, eta konpromisoa hartu dute gainerako taldeen proposamenak onartzeko. Guztira 239 zuzenketa egin dituzte: horietatik 40 euren artean hitzartutako diru sailak dira; gainerako 199 zuzenketak, berriz, talde bakoitzak aurkeztu ditu.

Ustekabeko gertakariei aurre egiteko kontingentzia funtsetik hartuko dira hamar milioi euro horiek. PSNren proposamenek 3,5 milioi euroren diru sailak jaso dituzte: batik bat, Erriberako udal azpiegiturak eta zerbitzu publikoak hobetzeko obrak dira, eta hainbat gizarte talderen laguntzak ere bai. Geroa Bairen diru sailek, berriz, hiru milioi euro jasoko dituzte; horietatik 2,5 milioi Nafarroako hainbat udal azpiegiturak hobetzeko izango dira.

EH Bilduk, berriz, gogoratu du gobernuarekin duela bi aste lortutako akordioan bederatzi milioiren sailak jaso zirela: inbertsioak osasun etxeetan eta hezkuntzan, kontratazioak irakaskuntzan, laguntzak kulturgintzarako... Diru horri, beste 1,9 milioi erantsi dizkiote orain. Tartean,euskarazko komunikabideak sustatzeko edo helduen alfabetatzerako beste 200.000 euro izango dute. Hartara, Euskarabideak bederatzi milioi euroko aurrekontua kudeatuko du. Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren zuzenketak laguntza sozialetara, lankidetzara, memoria historikora eta LGTBI+ eremura bideratuko dira.

Hilaren 23an, azken bozketa

Datozen egunetako jaiegunen ostean, negoziazioari ekingo diote abenduaren 14an. Bost egunez bozkatuko dituzte zuzenketak, hilaren 18ra arte; akordioa ikusita, tramite huts bat baino ez luke izan behar. Hori gauzatuta, asmoa da hilaren 23ko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzea aurrekontuen azken bertsioa.

Akordioak, era berean, agerian utzi du beste behin Navarra Sumaren bakardadea. Eskuin koalizioa esku hutsik geratu da birritan. Lehenik, PSNri aurrekontuetan abstentzioa eskaini zion EH Bildu baztertzearen truke. Horrek porrot egin ostean, ostegunean haren osoko zuzenketak ere huts egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.