Diputatu izateko lehian 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrian

Lasserre eta Bru berriz aurkeztuko dira. EH Bai hiru hautesbarrutietan izanen da

Herritar bat bozkatzen, iragan apirilean, Frantziako presidentetzarako bozetan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Asanbleako diputatu izateko bozak ekainaren 12an eta 19an iraganen dira, eta hautagaitzak aurkeztu dituzte jada. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan 32 hautagai izanen dira. 4. hautesbarrutian, bederatzi hautagai izanen dira —tartean Biarnokoak ere—, 5. hautesbarrutian 11, eta, seigarrenean, berriz, hamabi.

EH Bai koalizio ezkertiar eta abertzaleak hautagaiak izanen ditu hiru hautesbarrutietan; baita NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzak ere. Azken kargualdian egon diren hiru diputatuetarik bi berriz aurkeztuko dira: Florence Lasserre eta Vincent Bru. Gehiengoa osatzen duen LREM Errepublika Martxan alderdikoak dira biak, eta Ensemble eskuinaren eta zentro-eskuinaren arteko batasunaren izenean aurkeztuko dira.

Barnealdea eta Biarnoko zati bat hartzen ditu 4. hautesbarrutiak, eta hauek dira hartan aurkeztuko diren hautagai nagusiak: Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai), Julien Lassalle (Resistons)—orain arte diputatu izan den Jean Lassalleren anaia da— , Annick Trounday (Ensemble), Iñaki Echaniz (NUPES), eta Sylviane Lopez (Batasun Nazionala).

5. hautesbarrutiak Baiona eta Angelu (Lapurdi) hartzen ditu, baita Bidaxunerria ere. Sandra Pereira-Ostanel izanen daNUPESen izenean, eta Mathilde Hary EH Bairenean; Florence Lasserre orain arteko diputatua Ensemble aliantzaren izenean aurkeztuko da. Pascal Lesellier (Batasun Nazionala), eta Annick Pillot (Errekonkista) izanen dira eskuin muturrean.

6. hautesbarrutian —Hego Lapurditik Baigura aldera—, Tom Dubois-Robin (NUPES) eta Peio Dufau (EH Bai) izanen dira ezkerrean, besteak beste. Zentroko hiru hautagai izanen dira, tartean Vincent Bru orain arteko diputatua (Ensemble). Fabrice Sebastien Bach (Errepublikanoak) ere hautagai izanen da.

Bestalde, EH Baik jakinarazi du Garbiñe Eraso RPS Eskualde eta Herri Solidarioen izenean aurkeztuko dela, atzerrian bizi diren frantziarren 5. hautesbarrutian; Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohia izanen dute parean. «Lurraldeen aldeko diskurtsoa entzunarazi nahi dugu, tokiko hizkuntzak eta preso politikoak sostengatuz», adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.