Estrasburgok Espainia berriz zigortu du presoen eskubideak urratzeagatik

Ebatzi du lau euskal presoren «segurtasun juridikoa» urratu dela, Konstituzionalak ez zituelako haiek jarritako babes helegiteak onartu. Ez du Frantziako zigorrak Espainian kontuan hartzearen alde egin

Espainiako Auzitegi Konstituzionala, artxiboko irudi batean. JUANJO MARTIN / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du Gorka Martinez Ahedo, Alvaro Arri Pascual, Ion Gonzalez Gonzalez eta Jon Mirena San Pedro Blanco euskal presoek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes errekurtsoak ez onartzeagatik. Auzitegiaren esanetan, lau presoek «gutxienez segurtasun juridikoaren falta sufritu dute». Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartzeko eskaerei ez die arrazoirik eman, ordea.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, helegitea atzera botatzeko arrazoi gisa, argudiatu zuen euskal presoek ez zutela agortu bide judizial osoa: hau da, Espainiako Auzitegi Gorenean kasua berriz aztertzeko beharrezko helegiterik ez zutela aurkeztu. Ebazpenaren arabera, ordea, errekurtsoak ez onartzeak urratu egiten du presoek auzitegietara jotzeko duten eskubidea: Europako Hitzarmeneko 6.1 artikulua, zehazki. Hau dio artikulu horrek: «Pertsona orok eskubidea du bere kasua bidezko moduan, publikoki eta zentzuzko epe batean entzuna izateko, auzitegi independente eta inpartzial baten eskutik».

Bi urtean hirugarrenez

Bi urteko epean hirugarrenez eman du Estrasburgok Espainiako Estatuaren aurkako ebazpen bat arrazoi berberengatik. Lehena, Santiago Arrospide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiaren kasuetan; eta bigarrena, Ismael Berasategi eta Rufino Arriaga presoen kasuetan.

Aurreko ebazpenetan egin bezala, ordea, Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi du Frantzian eginiko zigor urteak ez direla kontuan hartu behar Espainian, helegitea aurkeztu zuten presoek eskatutakoari kontra eginez. Hala, ukatu egin du Espainiak Europako Hitzarmeneko 5.1. eta 7. artikuluak urratu izana. Pertsonen askatasunari eta segurtasunari egiten dio erreferentzia lehenak, eta delitua egindako momentuan indarrean zegoen legediaren pean zigortua izateko eskubideari bigarrenak.

Lau euskal preso horiek 1998 eta 2009 artean zigortu zituzten, ETAko kide izatea eta 1989 eta 1993 artean Frantzian hainbat delitu egitea egotzita. 2014an eta 2015ean eskatu zuten Frantzian betetako zigor urteak Espainian betetzen ari ziren espetxealdietan kontuan hartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko martxoaren 13an emaniko ebazpenean oinarrituta. Gorenak Europako Batasuneko bi estatutan betetako zigorrak batzearen alde egin zuen, Europar Kontseiluak 2008an hartutako erabakia dela medio.

Urtebete geroago, ordea, Gorenak berak irizpidea aldatu zuen. «Ez dago eskatzaileek Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzeko arrazoirik», adierazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, urte hartan. Estrasburgok ez du halako epaien aurkako ebazpenik eman ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.