Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Krisia PPn

Alonso ahaztuta, botoa Iturgaizen inguruan biltzera deitu du PPk

Amaia Fernandezek dio lehendakarigaiak alderdikideen «leialtasuna» izango duela. «Zentralismoa nagusitu da», salatu du Canok

Amaia Fernandez, Alonsok dimisioaren berri emateko agerraldian. D, AGUILAR / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Alfonso Alonsok PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidente karguan dimisioa eman eta biharamunera, alderdiaren egoeraz, norabideaz, Jaurlaritzarako lehendakarigaiaz eta PPren Madrilgo zuzendaritzak Alonsorekiko eta EAEko alderdikideekiko izandako jarreraz gogoeta egiteko eguna izan zen atzokoa. Hala ere, mezu bat nagusitu zen: Carlos Iturgaiz PPk aurkeztuko duen lehendakarigaia babesteko tenorea da.

Hala esan zuen, esaterako, Amaia Fernandez PPren EAEko idazkari nagusi eta, behin-behinean, presidenteak. Espainiako telebista publikoan eginiko elkarrizketa batean, esan zuen Iturgaizek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdikideen «leialtasuna, maitasuna eta babesa» izango duela, eta alderdiak «ilusioz» bizi duela Ciudadanosekin eginiko koalizioa, «konstituzionalismoa babesten dutenen proiektu transbertsala» osatuko dutelako.

Gisa berean hitz egin zuen Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko presidenteak. Zabaldu denez, Gonzalez izan da azken asteetan Alonsori kontra egin diotenetako bat, eta, atzo, dei egin zuen botoa Iturgaizen inguruan biltzera, «parlamentura iristeko eta nazionalismoari aurre egiteko alternatiba bakarra» delako: «Garrantzitsua da behingoagatik jakitea batuta egon behar dugula». Hain justu, Pablo Casado PPko presidentearen esanetan, PPk eta Ciudadanosek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako eginiko aliantza «pauso garrantzitsua» da formula hori beste lurralde batzuetara eramateko.

«Hanka sartu du»

Dimisioa eman ondoren ere, Madrildik kritikak heldu zaizkio Alonsori; «hanka sartu zuen gauza batzuetan eta hanka sartu du orain, alde eginda», esan zuen Cayetana Alvarez de Toledo PPren Espainiako Kongresuko bozeramaileak. Hain zuzen, Alvarez de Toledori egin zizkion kritikak Juan Carlos Cano PPren Gipuzkoako batzarkideak, Alonso babestuta: «Hautagaiak inposatzen dizkigute, alderdian esku hartzen dute eta euskal herritarrek euskal herritarrentzat eginiko proiektua deuseztatzen dute. Lurralde berezien Espainia PPren proiektutik ezabatu da. Cayetana eta zentralismoa nagusitu dira».

PPz harago, Ciudadanosekiko aliantzak, Iturgaizen izendapenak, Voxekiko jarrerak eta Alonsoren dimisioak zeresana eman die beste indar politiko batzuei ere. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, gobernuak «interesa» dauka ikusteko koalizioak zer proposatzen duen autogobernuaren eta kontzertu ekonomikoaren arloetan: «Pertsonen nortasunaz harago, ikusi beharko da zein den hauteskunde programaren edukia».

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzarako lehendakarigaiak Iturgaizen jarrera arbuiatu du, argudiatuta euskal herritarren gehiengoak «ateak itxi» dizkiola eskuin muturrari, baina Iturgaizek ireki egin dizkiola: «Ez dirudi datozen urteetan PPk Euskadin politika egin nahiko duenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.