PSE-EEko militantziak izango du azken hitza, Mendiaren arabera

Elorzak azaldu du sozialistek, beste behin koalizio gobernuan sartuz gero, «protagonismo handiagoa» behar dutela. EAJk ziurtatu du ez dela urrats handirik egin negoziazioetan

Idoia Mendia, iragan uztailaren 21ean, PSE-EEk bozen emaitzak aztertzeko egindako biltzarrean. LUIS TEJIDO / EFE.
joxerra senar
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Datorren astean hilabete beteko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, eta, emaitzak ikusita, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa egintzat ematen zen. Oraindik orain denbora asko falta zaie, eta bi alderdien artean lasaitasuna islatzen da, baina elkarrizketetan ez da urrats handirik egin. Bitartean, Odon Elorza diputatu sozialistak eztabaida piztu du egunotan, eta aldarrikatu du sozialistek «protagonismo handiagoa» behar luketela hurrengo koalizio gobernuan. Atzo bertan, Radio Euskadin, mezu hori eman zuen Elorzak. Kazetariek horri buruz galdetuta, Idoia Mendiak erantzun zuen jeltzaleekin lanean jarraitzen dutela, eta ados jartzea lortuz gero «azken hitza» beti militantziak izango duela.

Hori besterik ez zuen erantzun Mendiak, baina Elorzak barne eztabaida eragin du. Izan ere, Elorzak planteatzen du gobernu barruan egotearen helburua ezin dela izan soilik gobernuari egonkortasuna ematea. «PSE-EEk aztertu behar du proiektu aurrerakoi bat hobeto defenditzen ote den gobernu barrutik edo kanpotik». Haren ustez, sozialisten funtzioa egonkortasuna ematea soilik bada, kanpoan geratu beharko lukete; aldiz, berriro ere gobernuan jarraitzeko hautua egiten bada, «sail garrantzitsuagoak» kudeatu beharko lituzkete, eta «protagonismo handiagoa» izan.

Abstentzioaren eraginez, boto kopuruan behera egin zuten jeltzaleek eta sozialistek, baina jarleku kopuruan gora egin dute, eta gehiengoa sendotu: EAJk 31 eserleku ditu, eta PSE-EEk, hamar; aurreko legealdian baino bat gehiago. Elorzaren ustez, EAJk emaitza «bikainak» izan ditu, eta EH Bilduk, 21 jarlekurekin, «oso onak».

PSE-EEren kasuan, alderdiaren ildoari buruzko zalantzak planteatu ditu. Hala, auzitan jarri du hauteskundeen biharamunean aldarrikatzea emaitza onak izan zirela eta koalizio gobernuan jarraitu behar zela. Elorzaren aburuz, «automatismoak ez dira onak», eta barne gogoeta proposatu du: «Kontuan hartu behar genuke, adibidez, benetan emaitza onak izan baditugu, EAJren alternatiba izateko helburua ez dugula bete. Nire ustez, ez gara alternatiba, baina EH Bilduk boto kopuruan bikoiztu egiten gaitu, botoen %28 baititu, eta guk, %14. EAJk, berriz, %38».

Elorzak gaineratu du jarrera hori ulergarriago litzatekeela baldin eta kanpotik gobernuari egonkortasuna emango balitzaio eta funtsezko gaiez negoziatuko balitz. «Uste dut gainbehera islatzen dela EAJrekin akordioa bilatze horretan». Hala, haren ustez, sail garrantzitsuagoak hartu beharko lituzkete sozialistek, aurreko legealdian aurrekontuaren %4 baino ez baitzuten kontrolatu. «Gehiago kudeatzen ahalegindu behar dugu, ardura gehiagorekin, protagonismo handiagoarekin, lehendakariordetzaren batekin, baina hori dena Idoia Mendiaren eskuetan dago», esan du elkarrizketan.

Erabakirik hartu gabe

Urmael batean botatzen den harriaren modura, Elorzaren hitzek lortu dute eztabaidaren uhina zabaltzea. Maria Jesus San Jose jarduneko Lan eta Justizia sailburuaren arabera, PSE-EEk oraindik ez du erabakirik hartu gobernu barruan sartzeari buruz. Ez da kezkatuta azaldu. «Bere erritmoa dauka erabakiak». San Joseren hitzetan, lehenik ikusi behar da zer egiten den, eta, ondoren, zeintzuk diren helburuak. Ondoren ikusiko da zertarako eta norekin. Hori da bidea».

EAJ lasai dago. Jose Antonio Suso EAJren Araba Buru Batzarreko presidentearen arabera, ez da aurrerapauso nabarmenik eman, baina espero du abuztuan prozesua egitea: «Orain programaren ildoa eztabaidatzen ari gara, eta, hortik aurrera, gainerakoa erabakiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.