Gasteizko Udalak laguntza bat itzultzeko eskatuko die Etxerat-i eta Sareri

EAEko Auzitegi Nagusiak epai batean esan du egitasmo eta helburu «alderdikoiak» dituztela elkarteek. Ruiz gero eta «larriago» dago

Etxerat-eko kideak, 2017an, Gasteizen, urruntzearen aurka. JUANAN RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gasteizko Udalak 2017an deialdi ofizial baten bidez emandako diru laguntza bueltatzeko eskatuko die Etxerat eta Sare elkarteei, EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia bat atera ondoren. Zehazki, bosna mila euro eman zizkien, Bizikidetza eta Dibertsitate Batzordearen deialdi batean. PPk ekarpena egin izana salatu zuen, baina beste udal talde guztiek baztertu egin zuten Sare eta Etxerat ez laguntzeko egindako eskaera.

Auzitegietan bukatu zuen aferak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak joan den hilaren 12an argitaratu zuen epaia: udalari agindu dio berreskura dezala bi elkarte horiei emandako diru laguntza, bion egitasmoak eta helburuak «alderdikoiak» direla ebatzi baitu.

Etxerat-ek BERRIAri adierazi dio bere kasuan ez dagoela horrelako aurrekaririk. Informazioa bildu eta udalarekin harremanetan jartzeko asmoa agertu du.

Gasteizko PP gustura azaldu da ebazpenarekin, eta Gorka Urtaran alkateari galdegin dio eskatzeko 2016an eta 2018an ere Sareri eta Etxerat-i emandako diru laguntzak itzultzeko, ez 2017koa soilik. PPren arabera, 18.500 eurokoa izan zen udalaren diru laguntza hiru urteotan. «ETAko presoen» babeseko taldeei dirua «oparitu» izana gaitzetsi du PPk.

Bestalde, Patxi Ruiz euskal presoak gose grebaren 17. eguna bete zuen atzo, Murtzia II (Espainia) kartzelan. Erizaindegian dago, bakartuta. AEMk prentsa ohar batean esan du haren osasun egoera gero eta «larriagoa» dela.

Ruizen egoeraren aurka eta amnistiaren alde, atzo EAJren beste lau batzokitan pintaketak egin zituzten zenbait ezezagunek, Bizkaian: Arteakoan eta Bilboko hirutan. EAJren BBBk EH Bilduri eskatu dio «eraso hauetatik aldentzeko, publikoki eta argi eta garbi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.