jon olano
ANALISIA

Hirschmann eta erabaki eskubidea

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bizirik balego, joan den astean 106 urte beteko zituzkeen Albert O. Hirschmann ekonomistak. Haren obra oparoaren artean bada liburu bat, lehen aldiz argitaratu zenetik 30 urte beteko dituena aurten: The Rhetoric of Reaction: Perversity, Futility, Jeopardy (Erreakzioaren erretorika: maltzurtasuna, hutsaltasuna, arriskua).

Tesia sinplea da: aldaketa sozialen aurka egiten duten indarrek hiru erretorika nagusi erabiltzen dituzte aldaketa horien aurkako argudioak emateko. Bat, maltzurtasuna: ekintza edo aldaketa jakin batek ondorio maltzurrak eragingo dituela, bilatzen denaren kontrakoa lortuta; bi, hutsaltasunarena: eman nahi den pausoak ez du ezertarako balio, ordena sozialaren egiturazko ezaugarri batzuk aldatu nahi dituelarik, hutsalak edo ez-eraginkorrak izatera kondenatuta daudelako; eta hiru, arriskua: ezarri nahi diren aldaketek arriskuan jarriko dituztela aurrez lortutakoak, edota erreforma baten balizko kostua handiegia dela lehenagoko lorpenak arriskuan jartzeko.

Ekonomialari alemaniarrak hiru erreakzio historikotan antzeman zituen diskurtso horiek: lehena, Frantziako Iraultzan eta, oro har, eskubide zibilen eta legearekiko berdintasunaren aldeko mugimenduaren aurrean; bigarrena, sufragio unibertsalaren aurkako mugimenduan; eta hirugarrena, ongizate estatuaren kritikoen eta hura ahultzearen aldekoen artean.

Diskurtsook, Hirschmannen beraren hitzetan, horiekin parekatu daitezkeen kontrako argudioak sortzen dituzte aldaketa soziala sustatzen duten indarren artean. Alegia: ekintza jakin bat ez egiteak edo bultzatzeak eragingo dituela ondorio maltzurrak; martxan dauden indar historikoek bultzatzen dutela aldaketa eta, beraz, hutsala dela horiei erresistentzia jartzea; eta, azkenik, lehengo eta oraingo aldaketek elkar elikatzen dutela, aurrekoak arriskuan jarri beharrean.

Hirschmannen ereduak askotariko garai, gai eta testuinguruetarako balio du, eta ohikoa da euskal politikagintzan ere horrelako argudioak entzutea. Eta, eremu horretan, segur aski autogobernuaren garapenari eta erabakitzeko eskubidearen aitortzari buruzko erreakzioak ezkontzen dira ondoen.

Azken orduetako mezuei erreparatu besterik ez dago. Unionismoan, ondorio maltzurren itzulpena elkarbizitzari egingo litzaiokeen ustezko kaltea izan da sarri; adibide baterako,Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak joan den igandean bertan El Diario Vasco-n aditzera eman zuena: «[EAJn] konturatu behar dira Kataluniako ispiluak esaten digunaz; alderdi nazionalistak beren obsesioekin tematzen direnean, kale itsuetan sartzen garela eta gizartea tentsionatu besterik ez dutela egiten». Are gehiago: «Erabakitzeko eskubideak arazoak baino ez lituzke eragingo». Erretorika bera konpartitu zuen atzo bertan Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak: estatus berriaren oinarri eta printzipioek «zentzugabekeriaren, oinazearen eta konfrontazioaren bide katalanera» daramate.

Horientzat, Katalunia litzateke hutsaltasunaren (eta arriskuaren) adierazle garbiena: erabakitzeko eskubidea legeztatzeko saioak alferrikakoak dira erabakitzeko eskubidea ez delako «inoiz» onartuko —Anduezak elkarrizketa berean esan zuenez—, eta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak frogatzen duenez, mezua argia da: kontuz orain arte lortutako autogobernu maila ez galtzearekin. Eta horixe da Jaurlaritzako eta EAJko sektore nagusiak zipriztindu dituen beldurraren kontakizuna, gaur egungo praktika politikoa gidatzen ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.