Zaldibar Argitu plataformak «erantzukizunak» eskatu ditu

Protestak izan ziren atzo legebiltzarraren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zaldibar Argitu herri plataformak elkarretaratzea egin zuen, atzo, Eusko Legebiltzarraren eraikinaren kanpoaldean, eta «erantzukizunak» eskatu zituen. Dozena bat lagun bildu ziren Alberto, Joaquin, Osasuna, Erantzukizunak leloa idatzita zuen pankartaren atzean. Joan den otsailaren 6an luizi bat gertatu zen Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM zabortegian, eta ordutik desagertuta daude Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak.

Iruña-Veleia «argitzearen» aldekoek ere elkarretaratzea egin zuten. Grafitoak faltsuak direla ebatzi zuen epaileak joan den ekainaren 10ean, eta ez daude ados epaiarekin. Horregatik, talde horretako zenbait kidek gose greba hasi zuten Gasteizen, uztailaren 23an. Parlamentuaren kanpoaldean elkartu ziren atzo, legebiltzarkide berriei «hiru eskaera zehatz» egiteko: grafitoak «datatu» ditzatela; talde independente batek grafitoak agertu ziren lekuen ondoan «kata kontrolatu batzuk» egin ditzala, ea antzekorik agertzen den; eta grafitoak babesteko «konpromiso irmoa» ere eskatu diete, «suntsi ez ditzaten». Talde horretakoek eskaera erregistratu dute ganberan, nahiz eta haien asmoa zen legebiltzarkide bakoitzari eskaera eskura ematea.

Beste aldarrikapen batzuk egin zituzten gainera, Eusko Legebiltzarraren XII. legegintzaldiaren hasiera egunean. Joan den uztailaren 12ko bozetan abstentzioa %48 izan zenez, jende multzo batek protesta egin zuen, eta nabarmendu ganberako 37 eserleku «lapurtuak» izan direla —75 jarleku ditu ganberak—. Eta beste pertsona batzuek protesta egin zuten COVID-19arengatik zaharren egoitzetan adinekoek dituzten baldintzak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.