Patxi Ruizek gose grebari eusten dio, Murtzia II kartzelako erizaindegian

Ez dago aldaketarik presoaren osasun egoeran. Nafarroako Parlamentuak istiluak gaitzetsi ditu

Patxi Ruiz euskal presoaren egoera salatzeko eta hari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, herenegun, Ugaon (Bizkaia). BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Patxi Ruiz euskal presoak gose grebaren hamabosgarren eguna bete zuen atzo, Murtzia II-ko (Espainia) kartzelako erizaindegian. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean esan zuen haren osasun egoeran ez dagoela «aldaketa azpimarragarririk». Protestako lehen hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen Ruizek. Egunotan egindako osasun azterketen emaitzen arabera, egonkor dago, «betiere larritasunaren barruan», AEMk dioenez.

Atzo ere izan ziren euskal presoaren aldeko mobilizazioak Euskal Herrian: Bilbon eta Ondarroan (Bizkaia), manifestazioak. Gaur ere egingo dituzte martxak Bilbon, eta Hondarribian eta Ordizian (Gipuzkoa), baita Katalunian ere: Vilanova i la Geltrun.

Ezezagun batzuek Donostiako beste batzoki batean pintaketak egin dituzte: Antiguakoan. «Patxi Ruiz gose greban» eta «amnistia osoa» idatzi dituzte, zehazki. «Badirudi batzuentzat hau dela normaltasun berria», esan du Donostiako EAJk, txio batean.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, berriz, joan den larunbatean Iruñean manifestazio baten ondoren izandako «indarkeriazko istiluak» gaitzetsi ditu, adierazpen instituzional batean. Navarra Suma koalizioak aurkeztu zuen idatzia, atzo, eta harekin bat egin zuten PSNk eta Geroa Baik. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adierazpeneko puntu batzuk onartu zituzten, eta EH Bilduk, batere ez.

Bozeramaileen Batzordeak onartutako idatziak dio «ezker abertzaleko talde batzuek manifestazio eta elkarretaratze ilegalen ostean» eragin zituztela liskarrak. Adierazpenean errefusatu egin dute ekinbideetan Ruiz «ETAko kriminalaren aldeko babesa» agertu izana —Tomas Caballero Iruñeko zinegotzia hiltzea egotzita zigortu zuten—, eta ETAren ibilbidea ere deitoratu dute.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioak adierazi zuen bere taldeak «bide baketsuen eta demokratikoen» alde egiten duela, eta «zilegi» dela euskal presoen eskubideak aldarrikatzea ere, «are gehiago gaurko osasun krisian». Ruizek baztertu egin zuen «liskar» baten ondorioz Espainiako Polizia oldartu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.