«Gogorrago jokatzea» erabaki dute 'bakegileek', Euskal Herrian eta harago

Desobedientzia zibileko egitasmo «masiboa eta determinatua» antolatu dute abenduaren 19rako, euskal presoen alde

Bakegileen ekintza irailaren 19an, Baionako suprefeturan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Mobilizazio ziklo «determinatu eta iraunkor bat» bultzatzea erabaki dute bakegileek. Batzar berezia egin zuten larunbatean, Baionan, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren urteurrena kari, irailaren 19ko mobilizazio egunaren biharamunean «egin beharreko ekinaldi berriak» elkarrekin zehazteko. 60 pertsona bildu ziren, horien artean erakundeetako ordezkari eta hautetsiak.

«Beti erran izan dugu, eta erakutsi dugu, presoen auzia guztiz lotua dela biktimenarekin, edozein dela ere. Istorio bereko bi adierazpen krudel dira, elkarbizitzara ekarri behar direnak», adierazi dute bakegileek, ohar batean. Baina uste dute gaur egun «presoen dosierraren blokeoak» bakearen eta elkarbizitzaren bidea «oztopatzen» duela. ETAren jarduera armatuaren bukaeraren, «erabateko eta baldintzarik gabeko» armagabetzearen, eta desegitea ekarri duen hamar urteko aldebakarreko bidearen ondotik, «estatuek ez dute erronkei aurre egiteko erantzunik ematen», haien hitzetan. «Botere publikoak prozesuan sartzeko garaia da. Batzuen eta besteen urratsek emango dute modua aurrera egiteko».

Larunbateko batzarrean bildu zirenen ustez, gaur egungo mobilizazio dinamika «ez da aski» Parisen «entzuna» izateko. Hala, tailerretan bildu eta lanean aritu ziren «gure interpelazio eremua zabaltzeko, ekimen diplomatiko, pedagogiko eta mobilizazio modu berrien bidez». Ondorioa honako hau da: «gogorrago» jokatzea erabaki dute. «Ez bakarrik Euskal Herrian, baita harago ere, Euskal Herrian konpondu nahi dugun gaia unibertsala baita. Ekintza diplomatiko, pedagogiko eta politikoek iraun behar badute, badirudi mobilizazio modu berriak martxan ezarri behar direla».

Egun osoa eta gehiago

Hurrengo hilabeteetan mobilizazio zikloa «handituz» joanen dela iragarri dute bakegileek, «euskal presoek pairatzen duten blokeo politikoa eta salbuespenezko neurriak bukatu arte». Abenduaren 19an izanen da lehena, Luhusoko (Lapurdi) operazioaren 4. urteurrenean. Euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko egitasmo batera deitu dute. Egitasmo hori «masiboa eta determinatua» izango dela erran dute, eta bakegileen dinamika hasieratik animatzen duten ezaugarriak izanen dituela: filosofia baketsua, pertsonen errespetua eta pluraltasuna.

Herritarrei deia egin diete parte hartzeko: «Ehunka boluntario beharko ditugu desobedientziako ekintza indartsu horretan parte hartzeko, egun osoa eskaintzeko prest egongo direnak, eta gehiago ere bai». Urtarrilaren 9rako beste mobilizazio bat dute aurreikusia. Orduei eta beharrezkoak izanen diren ekipamenduei buruzko xehetasunak emanen dituzte laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.