«Gure aurkako operazioak oinarri politikoak zituen, ez juridikoak»

Otegirentzat, 'Bateragune auzitik' hamar urte igaro diren honetan, «ezker independentista indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago». Uste du «garaipen politikoa ere» ari dela «garatzen»

Iñigo Iruin, Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, atzo, Donostian, EH Bilduren egoitzan, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia baloratzeko egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Bateragune auzian 2012an ezker independentistaren zenbait buruzagiren aurka ezarri zituen zigorrak baliogabetu zituen herenegun Espainiako Auzitegi Gorenak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2018ko azaroan kaleratutako epaiari men eginez. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren eta duela zortzi urte zigortuetako bat izan zenaren ustez, bere garaian egin zuten azterketa «berresten» du Gorenak ebatzitakoak, bai juridikoki, bai politikoki. «Gure aurkako operazioak ez zuen oinarri juridikorik; oinarri politikoak zituen. Gure kontrakoa estatu operazio bat izan zen». 2009ko urrian atxilotu zuten Otegi —ia sei urte eta erdi igaro zituen kartzelan—, eta, orduz geroztik hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, «irakurketa bat» egiten du: «Ezker independentista indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago».

Gorenak ebatzitakoari buruzko «balorazio politikoa» egin zuen atzo Otegik, EH Bilduren egoitzan, Donostian, eta alboan izan ditu auzi hartan atxilotu eta zigortu zituztenetako bi: Rafa Diez eta Miren Zabaleta. Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez dira besteak. Diezek ia sei urte eta erdi pasatu zituen preso —ETAko buruzagi izatea leporatu zieten hari eta Otegiri—, eta beste hirurek, sei urte —ETAko partaide izatea egotzita—.

Otegirentzat, estatu operazio bat izan zen, eta azpimarratu zuen zer «helburu» zituen. «Uste dugu frogatuta gelditu dela helburu horiek zituela». Operazioaren xedeetako bat zen, ezker independentistako buruetako baten ustez, orduan «ezker abertzalea markatzen ari zen estrategia aldaketa eragoztea. Beraz, bakearen aurkako operazio bat zen». Bigarren «helburua» zen estrategia horren aldeko «apustua» egin zuten «militante batzuk neutralizatzea, kartzelatzea, eta zirkulaziotik kanpo uztea». Hirugarrena, «ezker abertzalean zatiketa» eragitea. Eta laugarrena, Otegiren esanetan, «proiektu independentista eta ezkerrekoa deuseztatzea eta egiturarik gabe uztea».

Hamar urte pasatuta, pentsatzen du «balantzea» egiteko garaia dela. Testuingurua zehaztuz, gogoratu zuen duela hamar urte Patxi Lopez (PSE-EE) zela Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, «aprobetxatuz», besteak beste, «ezker abertzalea legez kanporatuta zegoela». Nafarroan, Yolanda Barcina (UPN) zen presidente. 2020an egoera zein den azaldu zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Proiektu abertzale subiranista eta ezkerrekoa lehen indar munizipalista da Hego Euskal Herrian». Iruditzen zaio proiektu hori «guztiz egituratuta» dagoela, eta «indarrak batzen» ari dela. Eta uste du Euskal Herriko zazpi probintzietan ari dela hori gertatzen. Horregatik guztiagatik uste du «garaipen juridikoa» gertatu dela, bai, baina, Otegirentzat, «garaipen politikoa» ere «garatzen ari da» Euskal Herri osoan.

Berriro atzera eginda, adierazi zuen «asko» sufritu zutela, «ordaindu» zutela «prezio bat», baina egindakoaz «oso harro» daudela. Bide batez, Madril «interpelatu» zuen, galdera bat plazaratuz: «Noiz egingo du [Espainiako] estatuak apustu bide baketsu eta demokratikoen alde?».

Itxaso Zalduaren kasua adibidetzat jarrita, salatu zuen «frogak eraikita» kartzelatzen dela Espainian, eta «deportatuak, errefuxiatuak eta preso politiko guztiak» izan zituen gogoan.

Galdetu zioten zer iruditzen zaion erabakia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta ia hiru astera etorri izana —jardun publikoan aritzeko, 2021eko otsailera arte zegoen inhabilitatuta—. Erantzun zuen, umorez, «kirol legez» hartu duela. baina hori«beste datu bat» dela «nola funtzionatzen duten» ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.