EH Bilduk «eskua luzatuta» du 2023ko aurrekontuak negoziatzeko

Nafarroako Gobernuko ordezkariak gaur bilduko dira lehen aldiz koalizio abertzaleko kideekin

EH Bilduko Laura Aznal eta Bakartxo Ruiz, atzo, Iruñeko egoitzan. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Legealdiko azken aurrekontuak aurrera ateratzeko, EH Bildurekin lortu beharko du akordioa Nafarroako Gobernuak, aurreko hiru urteetan bezala. Astelehenean, Javier Esparza Navarra Sumako lehendakariak adierazi zuen koalizio abertzalearekin hautsi ezean ez duela negoziatuko. Jarrera horrek EH Bildu bihurtu du beste behin solaskide nagusi. Posizio horren jakitun, atzo, Laura Aznal EH Bilduko hautagaiak eta Bakartxo Ruiz eledunak iragarri zuten «eskua luzatuta» daukatela. Gaur bilduko da gobernua EH Bildurekin lehen aldiz, eta, hastear diren elkarrizketari begira, Aznalek aurreratu zuen «intentsitate handikoa» izango dela.

Bilkura horren aurrean, euren jarrera azaldu eta datorrenari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin zuen EH Bilduk. Aznalek eta Ruizek gobernuari eskatu zioten azken urteetan erakutsi duen jarrera berarekin jokatzeko: «Egoeraren araberako erantzukizunez jokatu behar du».

Iragan astean Nafarroako Gobernuak onartu zuen 5.216 milioi euroko gastu muga. Uneotan, gobernu barruan, departamentu bakoitzak gehienez gastatu eta inbertitu beharreko muga zehazteko lanketan ari dira. Elma Saizen arabera, urriaren erdialderako prest eduki nahiko lukete aurrekontuaren aurreproiektua.

Hauteskundeak ate joka izanik eta egungo testuinguru ekonomikoan, EH Bilduk gobernuari ohartarazi dio «exijenteak» izango direla eta zerbitzu publikoak sendotzea izango dutela ardatz: «Hain egoera zailari aurre egiteko neurriak izan beharko dituzte, baina baita egiturazko neurriak ere».

Negoziazioko gaiak

Hizpide izango dituzten gaien artean, honako hauek aipatu ditu: osasun arloko lehen arreta indartzea, itxaron zerrenden epea murriztea, garraio arloan enpresa publiko bat sortzea, 0-3 urteko haur eskolen egoera hobetzea eta eskubide sozialak, batik bat errenta bermatuaren inguruan. Beharrezkotzat jotzen dute pobrezia energetikoaren inguruko laguntzak ematea, hizkuntz eskubideetan aurrera egitea, eta aldaketa klimatikoaren aurkako eta trantsizio energetikoaren inguruko neurriak hartzea.

Aznal kezkatuta azaldu da, hainbat gai ez baitira bete aurtengo aurrekontuaren inguruko akordioan. Adibidez, estatuarekin hitzarmen ekonomikoaren eta eskumenen negoziazioen egutegia eta sozietate zergako kenkarien azterketaren ingurukoa. Zerga arloan, «anbizioz» negoziatzeko gertu agertu da Ruiz: «Egiturazko neurriak hartu behar dira datozen urteetarako diru sarrerak bermatzeko».

Bileraren atarian, Navarra Sumak uko egin dio gobernuarekin negoziatzeri. Jarrera hori ikusirik, Bakartxo Ruizek salatu zuen eskuineko koalizioak «ikuspegi alderdikoia» duela: «Bere helburu bakarra da egoera politikoa baldintzatzea. Orain arte ez dute lortu, eta ez dirudi lortuko dutenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.