Ion Orzaiz.
BOZ GORA

«Berdin dio: gu gara kaosa ere»

2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Gu ala kaosa», aldarrikatu du hautagaiak agertoki gainean, eta behean bildutako jendetzak berehala erantzun dio: «Kaosa, kaosa!». Hori entzunda, hitza hartu du berriz politikariak: «Berdin dio: gu gara kaosa ere». Hermano Lobo aldizkari satirikoak 1975ean argitaratu zuen zinta gogoangarri hura, eta, handik lau urtera, UPN jaio zen, txiste horren mamia hobekien gorpuztu duen alderdietako bat.

Sortu zenetik, Javier Esparzaren alderdiak establishment-a ordezkatu du. Eliteen interesak babestu eta «nafar» nortasunaz jantzi ditu. Gu hori izan da. Era berean, ordea, alderdia trebea izan da garroak zabaltzen eta aliantzak sektore ia guztietan josten. Horren adibide izan ziren UPN-PSN koalizioak, urte luzez. Gu eta kaosa, biak.

Hauteskunde kanpaina honetan, mezu argi bat eman du EH Bilduk: «Gure botoak balioko du eskuinari atea ixteko». Mezu politiko zehaztugabeen eta anbiguotasun kalkulatuen garaian, eskertzekoa da mota horretako adierazpen garbi bat. Baina partida amaitu aurretik kartak agerian uzteak badu arriskurik ere; besteak beste, arerioek informazio hori baliatzea, abantaila hartzeko.

Iruñeko Udalean, adibidez, PSNk iragarri du ez diola EH Bilduri alkatetza emanen, eta Esporrinek duela lau urte eginiko jokaldia errepikatuko duela. Sozialistak —eta akaso beste talde aurrerakoi batzuk ere— saiatuko dira EH Bildu ataka estuan jartzen: PSNren alde egin ezean, eskuinak irabaziko du berriz. Gu ala kaosa, berriro. UPNko Cristina Ibarrolak berak erantzun zion dilemari: «PSNk esandakoa betetzen badu, ni izanen naiz alkate». Falta izan zitzaion eranstea: «Berdin dio: gu gara kaosa ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.