Udal eta foru hauteskundeak. Gogoeta eguna

Gogoeta eguna, paseoa eta txakurra

Euskal alderdiak ez daude ados gogoeta egunaren inguruan. Batzuek ez lukete begi txarrez ikusiko hauteskunde legearen anakronismo hori aldatzea; beste batzuek eutsi egin nahi diote «atseden egun» horri.

2012ko urria; Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia lagunartean, taberna baten terrazan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Mendi buelta batean, hondartzako paseoan, familiarekin bermuta hartzen edo txakurrarekin jolasean. Argazki horietako bat edo beste ikusi ahal izan dute gaur boto emaileek, eta, hautagaiek botoa zuzenean eskatuko ez dieten arren, irudi horiek komunikaziorako baliatuko dituzte alderdiek. Lerro hauek laguntzen dituen irudietako batek gogoeta egunaren osagai arruntenak islatzen dituzte: paseoa eta txakurra. Laura Mintegi lehendakarigaia dago goialdean (EH Bildu), 2012ko urrian, lagunartean, terraza batean. Mariano Rajoy (PP) da behekoa, 2015eko abenduan, Espainiako Gobernuko presidente izateko moduko emaitzarik eman ez zion hauteskunde eguna iritsi aurretik.

Gogoeta eguna oso tradizio espainiarra da, ez alferrik. Espainiako hauteskunde legeak botoa eskatzeko ezarritako beto egunean ezin zaie hura zuzenean eskatu hautesleei, baina kontua da hauteskunde eguneko bezpera hori ere kanpainan txertatzen dutela alderdiek, azkenera arte hautagaien bertuteak helarazi nahian, dela txakur bati laztan batzuk eginez, dela natura maitatzeko gaitasuna iradokita.

Haatik, aspaldikoa da hausnarketa egunaren egokitasunaren eztabaida. Gure inguruko herrialdeetan ez da batere ohikoa hauteskunde egunaren bezperako egun berezi hori egotea. Izan ere, frankismoak bideratutako sistemaren berezitasuna dela onartua dago; tradizio anglosaxoiko herrialdeetan ez dago, kasurako. Batzuen ustez, arau horrek boto emaileak adin txikikotzat (-edo) jotzen ditu politikoki heldu gisa baino gehiago. Hala eta guztiz ere, maiatzaren 28ko hautagai nagusiak ez daude ados: batzuek begi onez ikusiko lukete arau aldaketa bat aztertzen hastea; beste batzuek, berriz, «eskertu» egiten dute «jaiegun» hori kanpainaren amaieran.

Manifestazioak eta justizia

Horrela dio hauteskundeak arautzeko LOREG legeak: «Hauteskunde kanpaina, edonola ere, bozkatzeko egunaren bezperako 00:00 orduetan bukatzen da». 53. artikuluan gehitzen du ezin dela «hauteskunde propaganda zabaldu», ezta «kanpainako ekitaldirik egin» ere hura amaitu eta gero. Horrek esan nahi du hautetsontziak zabaldu baino 33 ordu inguru lehenago amaitzen dela kanpaina praktikan, eta 24 orduko debekua ezartzen dela botoa eskatzeari dagokionez.

Alderdien militanteek ere ezin dute hauteskunde ekitaldirik egin tarte horretan, LOREGen arabera. Arazoa da hauteskunde ekitaldiak eta bestelakoak desberdintzea ez dela erraza izaten, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jurisprudentzia ezarri du, hainbat manifestazio eta elkarretaratze tarteko, salaketak iritsi zaizkiolako sarritan. Ez dira gutxi epaitegiek eta hauteskunde batzordeak berak debekatu dituzten manifestazioak, hausnarketa egunaren aitzakian. Konstituzionalak, ordea, garbi esan du biltzeko eta manifestatzeko eskubidea «lehenetsi» behar dela, «salbu eta administrazioak behar bezain argi» erakutsi badu bilkura baten helburua «botoak eskuratzea» dela.

BERRIAk egindako kontsultak islatu du maiatzaren 28ko hautagai nagusi gehienek ez dutela presa handirik gogoeta eguna kentzea aztertzeko. Ez dago agendan, alegia. Espainiako hauteskunde sistemaren berezitasun horrek egun bat ematen die alderdiei eta hautagaiei, hauteskunde gaua ondo prestatzeko, esaterako.

Sare sozialen garaian hausnarketa egun bat egiteak are gehiago galdu du oinarria, gainera. Inkesten berri emateko Twitter eta beste sareak baliatzea klasiko bat bihurtu da. Fruten prezioen jokoen antzekoek zain-zain izaten dituzte erabiltzaileak eta hedabideak. Marrubi gorriaren, ur tanta urdinaren, alberjinia morearen eta beste fruta batzuen salneurriek finkatzen dituzte balizko eserlekuak. Aste honetan, baita gogoeta egunean ere, Australiako The Adelaide Review egunkariak Bartzelonako udal hauteskundeen galdeketak kaleratuko ditu, Gabinet d'Estudis Socials i Opinio Publicak eginak. Internet sarearen ozeanoari hesiak jarri ahal dizkio Espainiako hauteskunde legeak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.