Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina amaiera

Arrazoi anitz, baina eskaera bera: botoa

EAJk eta Elkarrekin Podemosek Bilbon itxi dute kanpaina; PSE-EEk eta PPk, berriz, Gasteizen. EH Bilduk Donostian eman du azken bultzada

EAJren hautagai nabarmenenak, Ortuzarrekin eta Urkullurekin batera. Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeetako kanpainarenak egin du. Bi aste gorabeheratsuren ostean, hautagaiek hiriburuetatik egin zuten atzo eurenak motibatzeko eta zalantzatiak konbentzitzeko azken saiakera. Proposamenak baino gehiago, igandean aurkari izango direnen kontrako kritikak nagusitu dira, norberaren aldeko botoa lortu ezean, bestearen kontrakoa mobilizatzeko asmoz.

EAJ

Bilboko Areatza hautatu du EAJk udal eta foru hauteskundeetarako kanpainari amaiera emateko. Han bildu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako eta hiru lurraldeetako hiriburuetako hautagaiak, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren abaroan. Ortuzar izan da alderdikideei «azken ahalegina» egiteko deia egin duena: «Oraindik asko dira zalantzan egon daitezkeenak, eta hurbil izan ditzakegu».

Ortuzarrek eta Urkulluk aurkari politikoak ere izan dituzte hizpide. Lehenak salatu du Madrildik «kanpaina egin» diotela EH Bilduri, eta koalizio subiranista «pozarren» aritu dela hala. Lehendakariak, berriz, «populismoari» aurre egiteko beharra adierazi du, «benetako politika» defendatuz: «Herritarren ongizatea defendatzen duen politika aldarrikatzen dut, gaur eta beti. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalea. Kate bat gara; kate indartsua».

Bide beretik, EH Bildu agintera ez iristeko «berme» gisa aurkeztu du Gipuzkoako ahaldungai Eider Mendozak EAJ: «Bilduk Gipuzkoan ez gobernatzeko dagoen berme bakarra gara; botoa ez emateak erakundeen ateetan jarriko lituzke». Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta jeltzaleen alkategaiak, berriz, «Bilbo hobetzera dedikatu» direnen aldeko botoa eskatu du, eta hiria «guztientzat» gobernatzeko konpromisoa adierazi, «EAJ ereduarekin».

EH BILDU

Gipuzkoan eta Donostian boto gehien lortzen duen zerrenda izatea du helburu EH Bilduk, eta hala aldarrikatu du hiri hartako Bulebarrean eginiko ekitaldian. «Aukera bakarra dago eskuinen politikak aldatzeko. EH Bildu da aukera bakarra eskuinei irabazteko», adierazi du koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. Hala, «Euskal Herriko esparru subiranista eta aurrerakoiaren» botoa «metatzeko» deia egin du, argudiatutabeste politika publiko batzuk garatzeko aukera bakarra eurak gobernuetara iristea dela.

«Taupada abertzalea, taupada ezkertiarra, taupada feminista» bildu nahi ditu Gipuzkoako ahaldungai Maddalen Iriartek. Koalizioaren hautagaiak lurraldeak aldaketarekin hartu dezakeen rola ere nabarmendu du, Gipuzkoa «Euskal Herriaren abangoardia» bilakatuko delakoan: «Aldaketa eta transformazioen lidergoa hartzen duen lurraldea».

Atzemandako arazoak erronka bilakatzeko «anbizioaz» hitz egin du, berriz, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaiak. Horietako bat izango da etxebizitzarena. Izagirrek EAEko eta Espainiako etxebizitza legeak aplikatzeko asmoa azaldu du, eta gogoratu du EAJk beste bide bat jorratu duela: «Hiri honetako alkateak ez ditu aplikatu nahi izan, eta, gainera, lege horien aurka bozkatu du bere alderdiak». Hala, nabarmendu du egungo egoeraren eragileak ez direla izan hura «konponbidean jarriko dutenak».

PSE-EE

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren hitzetan, sozialistek irabaziko dituzte igandeko bozak. Gasteizen egindako azken ekitaldian adierazi du. Hark EAJren eta EH Bilduren arteko akordio bat ez osatzeko «bermetzat» jo du PSE-EE, eta bi talde horiei egotzi die «ea zein nazionalistago izan» lehian aritzea: «Orain, elkarren kontra ari dira, baina batu egiten dira komeni zaienean». Hala, gogoratu du EAJ izan zela EH Bildu 2011n Gipuzkoako Foru Aldundira iristea ahalbidetu zuena. Era berean, EAJri txarretsi dio Patxi Lopezen gobernua kritikatu izana, goraipatuta agintaldi hartan Rafa Bengoa zela Osasun sailburua; «eta euren gidaritzapean, Gotzone Sagardui».

Hautagaien artean, berriz, Cristina Gonzalez Arabako ahaldungaia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkategaia izan dira hitza hartu dutenak. Lehenak adierazi du gertatzen dena gertatzen dela sozialisten aldeko botoak ez duela «zakarrontzian» amaituko, datorren legealdian ere «baliagarriak» izango direlakoan. Etxebarriak, berriz, adierazi du «egonkortasuna, gertutasuna eta akordioak» eskaintzen dizkiela PSE-EEk Gasteizko herritarrei: «Garrantzitsua da jendeak kudeatzeko gaitasunari eta justizia sozialari balioa ematea; zerbitzu publikoak defendatzen dituzten pertsonak».

ELKARREKIN PODEMOS

Bilboko Atxuri auzoan amaitu du kanpaina Elkarrekin Podemos koalizioak; «komunitatea eraikitzen duen» leku batean, Eneritz Madariaga Bizkaiko ahaldungaiak adierazi duenez. Hura arduratu da Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk, Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioaren azken ekitaldiko lehen hitzaldia egiteaz, eta txaloak boto bilakatzeko beharra azaldu du, EAJk eta PSE-EEk osatutako «tandem konformista» atzean uzteko: «Aldaketaren alde egiten baduzu, Euskadi eraldatu egingo da». Izan ere, haren esanetan, Elkarrekin Podemosen aldeko botoa Osakidetzaren, zaintzaren eta, oro har, zerbitzu publikoak «indartzearen» aldeko botoa da.

Hala adierazi du Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko eledun Miren Gorrotxategik ere, Publikotasunaren indarra leloan azpimarra eginda. «Pandemia garaiak argi adierazi digu publikotasunak berdindu egiten gaituela, eta gizarte bezala kohesionatu», adierazi du. Era berean, salatu du kanpainan «desagertu» egin dela hezkuntzaren inguruko eztabaida.

Gasteizko alkategai Garbiñe Ruizek, berriz, udal politikan koalizioak eskain dezakeenaz hitz egin du. Haren hitzetan, «erronka handi bat» da udaletan indar egitea, eta uste du «gakoa» izango direla astelehenetik aurrera: «Gakoa gara eraldaketarako, behetik datorren aldaketarako». Izan ere, Gasteizen kasuan, beharrezkotzat jo du EAJ alkatetzatik kentzea: «Berriz agintzen badu, arazo bat izango dugu».

PP

Araba izan da historikoki PPk emaitza onenak lortu dituen eremua, eta Gasteizen egin du indar azken egunean. Arabako ahaldungai Iñaki Oiartzabalek «siglen eta ideologien gainetik» jarduteko eskatu die herritarrei: «Aldaketa baliagarri eta zentzuzko bat nahi duten arabarren gehiengoari dei egiten diet, igandean PPri babes argi bat eman diezaioten». Popularren Gasteizko alkategai Ainhoa Domaikak, berriz, zalantzan daudenen zein EAJrekin eta PSE-EErekin «etsita» daudenen botoa eskatu du. Hura, gainera, igandean «ezusteko bat» emateko prest agertu da: «Irabaztera eta gobernatzera goaz. Gasteizen aldaketa gogoa dago, eta aldaketa posible da».

Bozak estatu mailako eztabaida politikoaren barruan kokatu ditu EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek, argudiatuta bozek urte bukaeran Espainiako Gobernua aldatzeko «inflexio puntu bat» izan behar dutela. Hala, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen kontra egin du, haren eredua «iruzurrarena» dela esanez. EAJrena, berriz, «ustelkeriarena» da, PPko buruaren hitzetan. Biek ala biek, ordea, EH Bildu indartzen dutela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.