"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, October 08, 2006

Sisifo


Maiz ikusten dut neure burua Sisifo bezain itsu, harritzarra etengabe mendi pikoaren gailurrerantz bultzatzen, jakinaren gainean laster dela hura berriro ere gurpil zoroan ibarrerantz, jira-bira eternalean. Zer egin ote diegu jainkoei irakasleok punizio hau jasotzeko!
Goizero ikusten ditut ikasleak atetik sartzen euskararen ezagutzaren tenplu oparora, eguerdiro ikusten ditut atetik irteten erabileraren eremu idorrera. Ezagutzak erabileraren ogi izan behar du eta erabilerak ezagutzaren ardo; bi idiak uztartzen ez baditugu, gurdia irauli eta harritzarra berriro amilduko da per secula seculorum.


Idatzi ostekoa


Irakasle gelara begiradatxo bat eman eta bertan ere Sisifo: irakasle guztiak behin eta berriro antzeko gauzak programatzen, itsu samar, “bakoitzak berea, jainkoaren legea” delakoan.

2 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Harria goiko puntatik berriro amildu baino lehen beti geratzen da txintxarren bat berton. Begitu tontorrera eta ikusiko duzu zelan gero eta harritxo-pila handiagoa dagoen. Gehiegi begiratzen dugu beherantz.

4:38 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Arrazoi duzu, betiko itoginak harria zulatu egiten ei du. Hala bedi!

5:51 AM

 

Post a Comment

<< Home