"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, November 12, 2006

Itsasgora eta itsasbehera


Irakasle-batza izan genuen lehengoan. Bertan, ohikoa den moduan, aurreko urteko memoria eta aurrera begirako egitasmoak izan genituen aztergai. Hamaika gai interesgarri, hamaika ideia eztabaidagarri. Apurka-apurka zuenganatuko ditut han botatako batzuk (mezu bat baino gehiago igorri beharko dizuet, ziur aski).

Lehenengo eta behin, matrikulazio datuak aztertu genituen. Grafikoak ikusi, eta han genituen begi-bistan estatistiketako olatuak: marea gora, marea behera. Itsasbehera leuna hasia denaren susmoa hartu genion gehienok. Eta orduan norbaitek “ekonomistak ote gara?” bota zuen. Ez zen ez galdera inozoa, hura.

Gure euskaltegiko matrikulazioa hein handi batean lan-presioaren araberakoa da. Esan nahi da, proportzio handi batean, ikasleak lanean tituluren bat eskatzen dietelako matrikulatzen direla. Lana ekonomia eta euskara lotuta... “ekonomistak ote gara?” ez zen galdera inozoa ez.

Kontua da olatuen gainean edo azpian ibiltze horrek ontzia norabait eraman edo azkenean hondoratu egingo duen. Beste modu batean adierazita lan-presioak ala euskararen “prestigioak” izan behar duen matrikulazioaren akuilu.

“Euskarak gero eta prestigio handiagoa dauka” bota zuen, braust, Politikokizuzen irakasleak “Gero eta ume gehiago matrikulatzen dira D ereduan eta hori pozgarria da” Eta arrazoi zuen (baina arrazoi erdia bakarrik aitortuko diogu).

Egia da euskarak ikaskuntza-objektu gisa prestigioa irabazi duela ( honek ñabardura asko izan litzakeen arren) baina erabilera-objektu gisa apenas irabazi duen deus gure inguruan: hor daude kale-neurketak... eta honen froga argi bat: gure ikasleen portzentaia handi batek titulua lortzeko ikasten du (motibazio instrumentala du, motibazio emozional negatiboa sarritan; eta gainera behin titulua aterata, lanean ez du euskara erabiltzen). Berea al da errua?

Har dezagun kasu topiko bat, Osakidetza, langileari 2. hizkuntz eskakizuna ateratzeko eskatzen dio (lan-presioa) + ( euskara irakaskuntza-objektu ) baina titulua ateratakoan, kitto!, hor bukatzen da zikloa. Nekez bihurtuko da euskara erabilera-objektu ospitale barruan. Ikusten... arrazoi erdia bakarrik zuen Politikozuzen irakasleak.

Zeren zain daude erakundeak lan-presioan oinarritutako politika eraldatu eta ikaskuntza/erabilera-objektu bihurtuz euskararen prestigio soziala sustatzeko? “Esan erraz egiten da” “Hiztun kopuru handiagoa, masa kritikoa deritzona behar da” diote berehala Politikozuzen eta Soziolinguisto irakasleek. Arrazoi izango dute, akaso (arrazoi laurden bakarrik aitortuko diegu, halere).

.”Masa kritikoa behar da”... Euskara ikasten hasi berriak diren batzuek pentsatzen dute dakiten apurrarekin ez duela merezi hitz egiten hastea, gehiago ikasten dutenean (ezagutza-masa kritikoa) hasiko direla hitz egiten (erabilera) baina irakasleok badakigu hasiera hasieratik dakitena erabiltzen ez badute jai dutela, ez dutela sekulan hitz egingo. Eskualde batzuetan ezin gara “masa kritikoa” izatearen zain egon, daukagunarekin hasi behar dugu maila apalean bada ere.
“Esan erraz egiten da” zioen besteak, baina ez da esate kontua, egite kontua baizik. Har dezagun Bizkaiko eskualde klabe bat: ezkerraldea edo Bilbo adibidez, zenbat diru bideratzen da euskararen irakaskuntzara? Eta erabilerara? Zenbat irakasle daude? Eta zenbat hizkuntza teknikari? (nabaria desoreka)

Baina hau guztia esan ostean estatistikak eta estatistikak aterako dizkigute eta gu han itsasoari begira, uzkur, estatistikaren marea gora, marea behera, gure ontzitxoa hondoratzearen beldur, gure hizkuntzak eskolan zein kalean goranzko bide jarraitua behar duelakoan.

/ A! Eta filmetan esaten den bezala, hemen kontatutakoa benetako gertaeretan oinarritua egonagatik, pertsonaia guztiak fikziozkoak dira, zorionez/ (jarraituko du)

4 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Kontu interesgarriari oratu diozu gaurkoan. Nire ustez adar bitatik gainera: normalizazioa eta euskaltegiak batetik, eta Bilbo-Ezkerraldea bestetik. Lehenengoan aspaldi esan nuena ekarriko dut berriro. Euskaltegiok normalizazio prozesuaren agenteetariko bat gara. Horretaz konturatzea ez da gutxi(pozten naiz zuenean horrela izan bada), baina mekanismo sozial ugari ipini behar dira martxan, gure ikasleria gainditzen dutenak, eta, inportantea nire ustez, euskara-irakasleok beste paper baten "ere" jartzen gaituztenak: euskaldun eta euskaltzale arduratuak. Ez da kasua izango, baina sarritan entzun dut "erabilera bultzatu behar da" soilik ikasleengan pentsatuta.

Bilbo eta Ezkerraldearenean egia esan duzu, irakaskuntzarako baliabide ugari, baina egundoko desoreka normalizaziorako beste atalekin. Ez da hemen bakarrik gertatuko, baina, nire ustez, EHko populazio bilgune handienean normalizazio prozesuak ez badu alor guztietan aurrera egiten, lurralde guztian igarriko da, Bilbo ingurua EH guztian eragiten duen ardatz urbanoa delako. Irlandakoen moduko "Gaeltacht"ak sortzeko bidean jarriko gara bestela, nire ustez. Hori bai, inguru honetan bide gogorra daukagu aurretik.
Ez dakit neu ere Politikozuzen ez ote naizen ibili, espero dut Usteoker behintzat ez ibiltzea.

11:55 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Arrazoi duzu askotan erabiltzen dugu inpertsonala... "erabilera bultzatu behar da" eta honetan ni neu pekatari handiena, gainera.
Euskara hiritartzearena,berriz, ezinbestekoa da. Denbora luzea ari gara galtzen, aspalditik eskatzen du Bilbo inguruak plan estrategiko berezitu bat, areago jakinda gaur egungo politiken eragina erabileran hutsala izan dela. Betikoa egiten badugu, betikoa jasoko dugu eta hori ez da nahikoa. Gaur egungo politikari jarraiki zenbat urte beharko dugu Txurdinagako, Sestaoko edo Zorrotzako kale-neurketak portzentaia duin bat eman dezan?
Ez da presa kontua gainera, ezen baliteke honela jarraituz gero inoiz ere ez ematea.
Baliabideen giltza dutenak noiz konturatuko dira hiria konkistatu behar duela euskarak eta berau bere biziraupenerako klabea dela? Eta konturatuta badaude, zergatik ez dituzte inertziak behingoz astintzen eta plan berezi bat atontzen? Zeren zain daude?
Metropolian euskara eskolan, euskaltegietan, unibertsitatean eta mundu akademikoan, oro har, gordeta dugu eta atera egin behar da hortik, lehenbailehen. Euskara jalgi hadi hirira!

1:43 PM

 
Anonymous Anonymous(e)k dio...

Zeharka, baina beste kontutxo bat ere ekarri duzu, matrikulazioarena. Zuk diozun modura, itsasbehera leuna etorri dela dirudi. Hala ere, zentrimetro batzuetako jaitsiera batekin larritzen hasi gara. Ekonomistak ez gara izango, baina prest(atuta) gaude fluktuazio handiagoei aurre egiteko? (gorantz nahiz beherantz)

2:38 PM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Gu geu behintzat ez, duela urte batzuk ezarritako dimentsionamentua dugu uztarri. "Dimentsionamentua" polita hitza, alajaina.
Bada beste hitz polit bat "amortizazioa". Zera esan nahi du: honengatik edo horrengatik baten batek bere plaza uzten badu, plaza hori ez dela berriro betetzen (beharrik izanez gero, ordukakoak jartzen dituzte).
Hirugarren hitz polita "ordukakoak". Zera esan nahi du: plantilakoek beste lan egin arren, gutxiago kobratzen duten irakasleak eta beren lanpostua kolokan dutenak, gainera.
Horiexek: "dimentsionamendua", "amortizazioa" eta "ordukakoak" dira gure sarean matrikulazioaren gorabeherei egokitzeko bideak.
Panorama polita, "liberalismo ekonomikoaren" profetaren batek diseinatutakoa dirudi, barren!

1:12 AM

 

Post a Comment

<< Home