Amestu dezagun, zergatik ez?

4 etapa faltan, Mikel Landa murgiarra Giroko bigarren postuan sailkatua da azken 10 urtetako itzuli handietako txirrindulari onenarengandik 4 minutura. 59km-ko erlojupekoan jasan zuen denbora galera berbera, alegia. Ezbairik gabe, Landa da Giroko txirrindulari indartsuena maldan gora. Contadorri jarraitzeko gai den bakarra, eta Contador bera uzteko gai izan den bakarra ere bai. Edizio honetako bi etapa dolomitikoen irabazle, non eta Madonna di Campligion eta Aprican, Mortirolo handia pasa ondotik gainera. Mendiko bi etapa jarraian lehen postuan, tamaina honetako azken balentria 2008an izan zen, Sella italiarraren eskutik.

Abraham Olanok errepidea utzi zuenetik ez du euskal txirrindularitzak hain gertu izan italiar lasterketan lehen postua. 14 urte pasa dira anoetarrak hain zuzen podiumean 2. postuan amaitu zuenetik. Edizio hartan gainera, Unai Osa ere podiumean lagun izan zuen, 2 euskaldun podiumean! Aldiz, Miguel Indurain nafarra da azken irabazlea, orain 22 urte alajainetan! Denbora pasa da, beraz, euskal txirrindularitza zaleagoa honelako situazio batean ez ginelarik. Euskal txirrindularitzak merezi zuen horrelako bat, eta aprobetxa ditzagun azken egunak gure gozamenerako. Sinistu beharko dugu, posible bait da. Zergatik ez?

Orain bi aste egindako pronostikoak huts egin dit. Bejondeiola gainera! Lehenengo astean Contador, Porte eta Aruren arteko lehia estua zirudienak azken bien gainbehera ekarri du ondorengo bi astetan. Lehena, buruz ahul eta lehiakortasunari antzu, iada etxean da. Bigarrena aldiz, Astanako capo izatetik Landaren luxuzko gregario izatera pasa da egunak aurrera joan hala. Errepideak jarri du norbera bere lekuan. Landak orain arte lagundu dion bezala amen egin eta esku bat botako ote dio orain italiarrak euskaldunari lehen kaxaren konkistan? Zergatik ez da ba murgiarra saiatuko?

Izan ere, amets egiteko 3 etapa geratzen dira. 3 etapa menditsu, batik bat ostiralekoa, Cervinian amaitzen dena. 5.000 metroko desnibel positiboa duen aurtengo bigarren etapa erregina. Landak lehena irabazi du, Aprican, zergatik ez Cervinian? Egia esan, mendiko etapa hauetan ez dut Contador beste inor ikusten bere pedal kolpearekin, bera jarraitzeko gai, eta hori asko esatea da.

Etapa garaipenekin “konformatu” daiteke, edo lehen postuaren bila joan. Ibilbideak ez dauka aitzakiarik, zangoek ere ez. Lasterketako talderik indartsuena dauka. Aruk lagundu diezaioke. Contadorrek indarrak Tourrerako gorde nahiko ditu. Badirudi taldeak ezin diola asko lagundu. Dena da posible. Dena. Eta Giroan are gehiago. Begiak itxi eta amets egin dezagun, umeak Disneylandiara doazenean bezala. Zergatik ez?

 

Argazkiak: steephill.tv, cyclingweekly.co.uk