Bejondeizula, Eduardo!

2016_Eduardo_SepulvedaBeharbada oraindik denboraldi hasieran gaudelako, Argentinan eta Australian jokatu diren probei ez diet aurrerago jokatzen direnei adinako arretarik eskaintzen. Hala ere, jakina, egunkariko orriak zabaltzean edo sarean sartzean, emaitzak bilatzen ditut, eta bereziki poztu naiz Sepulvedaren etapa garaipenarekin Argentinako San Luisko Tourrean -bigarren bukatu du sailkapen nagusian Dayer Quintanaren atzetik-. Izan ere, ondo gogoan dut iazko Frantziako Tourreko nire kinielan sartu nuela argentinarra, eta itxaropena banuen hirugarren asteari begira puntu zakua betetzen lagunduko zidala. Baina…Erdiak erdi ustel. Ez zen haraino iritsi, ordea.

Izan ere, uztailaren 18an sailkapen nagusiko 19. postuan zegoela, ditxosozko katea apurtu, eta bere taldeko autoaren zain zegoela bizikleta aldatu eta aurrera egiteko, etsipenaren etsipenez, Sepulvedak beste talde bateko auto baten barruan metro gutxi batzuk egin zituen Bretagne bere taldeko autora behingoz iristeko. Jakina, bereak egin zuen eta antolakuntzak kaleratu zuen. Seme-alabei eta bilobei kontatzeko moduko pasartea, zalantzarik gabe. Zenbat malko ez ote zituen isuriko arratsalde-iluntze hartan…

Esan ohi da bizitzan garrantzitsuena izaten dela erortzen garenean altxatzea berriro ere, eta Sepulveda, bistan da, zutik jarri da bere sorterrian. Nekez lortuko du Argentinako futbolari ahalguztidunen artean txoko bat egitea, baina batek daki. Tourrean etapa garaipena lortuko balu, agian Messi jainkoak txoko bat egin beharko dio bere herrialdeko hedabideetan. Denbora badu, gaztea baita: ekainean 25 urte beteko ditu. Maradonari barrilete kosmikoa esaten zioten eta Sepulvedari ere goitizena jarriko diote azkar-azkar bere herrialdeko kazetariek dir-dir egiten badu. Fortuneo-Vital Concept taldeko -aurreko Bretagne- izen nagusienetakoa izango da 2016an, ondo bidean. Hori bai, Eduardo, kontuz autoekin…

Argazkia: cyclingnews