Mikel Landaren ordua

Ate joka dugu jada urteko lehenengo hiru asteko itzulia. Harbideetako klasikoak gogoangarriak izan baziren, erabat bestelakoak suertatu ziren Ardenetakoak, eta agian horregatik, zaletuak gosez dira, Italiako Giroa noiz hasiko zain.

Lasterketa arrosak duen berezko xarmaz gain, gainera, aurten euskal zaleak badu beste pizgarri bat. Eta ez euskal zaleak bakarrik; Mikel Landaren azken urteko bilakaerak ikusmin handia sortu du txirrindularitza munduan, eta aurten Sky taldearen koloreekin lehiatzeak ikusmin hori areagotzea eragin du.

Mikel Landa

Denboraldi hasiera ez zen lasaia izan talde britainiarrarentzat arabarri dagokionez. Apustu handia egin zuen Mikel Landaren fitxaketarekin: taldean lider berri bat sartzeak suposatzen duen ahalegin ekonomikoak zuzenean Sky-ren harri bitxietako bat bilakatu zuen Landa. Eta beste gauza batzuen artean, Tim Kerrison taldeko kirol errendimendu burua bere zerbitzuetara jartzea suposatzen zuen horrek.

Murgiarraren 2015eko emaitza eta erakustaldiei erreparatuta, argi zegoen Kerrisoni bere eskuetan nazioarteko tropeleko makineriarik onentsuenetakoa jarri ziotela. Baina erronkarik handiena ez zuen hori seguru asko, baizik eta egungo txirrindularitzaren muturreko disziplina metodikoen garai honetan, eta Sky guzti horien buru, horren disziplinatua ez den lider bat bere lan-kulturara erakarri eta abiapuntu horretatik aurrera bere kirol-emaitzak hobetzea.

Apustu horri erabat bide honetik ez zihoanaren itxura hartu zitzaion, kanpotik so eginda behintzat. Valentziako Itzulian gertatu behar zuen debuta Andaluziako Itzulira atzeratu zen. Horren ostean, Tirreno-Adriatikora. Aurreneko bietan erlojupekorako lan saioak luzatzearen beharra eta osasun arazoak argudiatu zituzten bai taldeak zein txirrindulariak. Baina bi itsasoen lasterketan ere ez zuen parte hartzerik izan, bertan negu gorriegia izango zutela iritzita.

Azkenik ordea, arabarraren debuta iritsi zen. Martxoa amaitzen ari zela izan zen, denboraldiko helburu handia duen Giroa baino hilabete t’erdi lehenago. Gutxitxo aukeran, baina aste horiexek nola iragan diren kontuan hartuta, aski seguru asko. Coppi-Bartali astean egindako debut itxaropentsuari Euskal Herriko Itzuliko etapa eta Trentinoko Giroko garaipen sonatuak gehitu zizkion. Eta emaitzak emaitza, motorra prest daukanaren sentsazioa, lehiaketa programa urria bigarren maila batera pasatzeraino.

Mikel Landa
Guzti honek Sky-k arabarrarekin izan zitzakeen zalantzen aurreneko koska gainditu duela erakusten du. Garaipenaren espiral positibo horretan sartua dela dirudi gainera. Baina bada bigarren “oztopo” bat, Giroak berak proban jarriko duena: Mikel Landaren ibilkera eta lasterketako jarrera. Aurrez aipatu den izaera metodikoak, entrenamenduez gain, lasterketetan lehiatzeko moduan du bere islada. Hori izan da hain zuzen Sky-ri egotzi izan zaion arazoetako bat: itzuli handietan bere ibilera kalkulatua aplikatzeko modua erakusten duen bitartean, egun bakarreko lasterketatan ez dauka egoera ezberdinei aurre egiteko malgutasun nahikorik.

Bada, Mikel Landa lehiatzeko modu erabat neurtuaren kultura horren parte ez dela dirudi, azkeneko urte beteari erreparatzen bazaio behintzat. Alde batetik, hein batean talde-jerarkiak kolokan jarri zituelako iaz Astanan. Aurten alde horretatik behintzat Giroan ez du arazorik izango. Baina bestalde, arabarrak berak onartzen duen erasorako gosea, batzutan bere emaitzen hobespena arriskuan jartzeraino, ez ditu seguru asko Dave Brailsford, Kerrison eta gertukoak lasai izango.

Azken urtebetean oso txirrindulari gutxiri ikus dakiokeen erraztasuna ikusi izan zaio Landari aldapan gora. Alderaketak mahai gainean berehala jartzen badira ere, zuzenak ote diren denborak bakarrik argituko du. Baina baieztapen horietatik haratago, Landa berezi eta agian beste garai bateko bilakatzen duten bi ezaugarriak aurreko parrafoan azaldutakoak dira, zuzenean erlazionaturik daudenak gainera: norberak lasterketaren ekimena hartzeko gaitasun hori, batzutan taldearen erabakiei bizkarra emanez, eta ekimen horretan behar besteko arriskuak hartzeko ausardia. Zoritxarrez gaur egun salbuespen dira halako jarrerak, eta horrexegatik sortzen du berak halako ikusmina.

Guzti honek ez du esan nahi, inondik inora ere, Giroan Mikel Landak bere legea ezartzeko erraztasunik izango duen. Are gehiago, faborito nagusitzat hartzea, datu objetiboei erreperatuta, gehiegi litzateke. Azken urteotako seme kuttuna izango baitute italiarrek beren lasterketa kuttunean. Gorputzaldirik onenean egotearen zantzurik eman ez duen arren, nazioarteko tropelean bere porrota garestien saltzen duenik bada, hori Vincenzo Nibali da. Gainera, talderik indartsuena bere alboan izango du. Eta siziliarraz gain, lasterketaren bilakaeran zeresana izango duen gizon asko izango da Apeldoorn-eko irteeran. Giroa edo Vuelta irabaztea zer den badakitenak (Ryder Hesjedal, Alejandro Valverde eta aspaldian goi-mailatik urrun dabilen Damiano Cunego), hiru asteko lasterketetan podiuma zapaldua dutenak (Rigoberto Uran, Rafal Majka eta Jean-Christophe Peraud), bere aukeraren zain denbora luzea daramatenak (Domenico Pozzovivo), eta horren luzaroan esperoan egon ez arren kontuan hartu beharrekoak (Esteban Chaves, Tom Dumoulin edo Ilnur Zakkarin).

Erronka handia da beraz Mikel Landak zain Italian. Bere arerioen aurkako borroka eta estilo baten aldarrikapena izango ditu jokoan. Eta nahi lukeen bezain ibilbide gogorra izango ez duen arren, sariak merezi du, merezi duenez.