Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 8 Marzo, 2018 Digitalizazioa

Gipuzkoa Encounterrek mundu digitaleko 3.000 zale baino gehiago bilduko ditu, parte-hartzaileak eta bisitariak batuta

Rdp_GipuzkoaEncounter12_3marzo2018_1

Informatika-gaien eta teknologia berrien zaleen topaketa Tolosan burutuko da martxoaren 9 eta 11 bitartean. Ostiraletik igandera 400 ordenagailu-postuk, 600 parte-hartzailek eta 2.000-3.000 bisitari inguruk hartuko dute Usabal kiroldegia, jarduera-programa zabalaz gozatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak lurraldearen ongizatea eta lehiakortasuna hobetze aldera lan egiten duen ekimen honen garrantzia teknologikoa azpimarratu du. Tolosako alkate Olatz Peonek ere hitzordua ospatzearen onurak nabarmendu ditu, prestakuntza-eskaintza zabala eta bilkurak udalerriarentzat dakartzan etekinak kasu

Euskaltel Konekta Fundazioko zuzendari eta Euskalteleko harreman instituzionalen arduradun Nerea Lupardok Gipuzkoako bilkuraren 12 urteko ibilbide arrakastatsua nabarmendu du, baita teknologia jendarteratzeko helburua, konektibitate azkarra eta genero-eten digitalaren aurkako borroka aipatu ere. Zentzu horretan, BIC Gipuzkoako Teknologia zuzendari Pablo Martínezek aditzera eman duenez, Gipuzkoa Encounterren eskainiko diren tailerren artean, bereziki neskatoei zuzendutako ekintzak egongo dira

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoa Encounter Tolosan burutuko da hamabigarren urtez martxoaren 9 eta 11 bitartean. 400 ordenagailu-postu, 600 parte-hartzaile eta 2.000-3.000 bisitari inguru bilduko dira Usabal kiroldegian, ostiraletik igandera bitartean, jarduera-egitarau zabalaz gozatzeko. Besteak beste, hardware, software libre eta bideo-joko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute partaideek, baita doako eremuan egongo den errealitate mistoko aplikazioak erabili ere. Errealitate birtuala eta mundu erreala uztartzen ditu teknologia horrek, eta azken berrikuntzak probatu ahal izango dira Tolosako bilkuran. Gipuzkoa Encounterren nondik norakoak gaur goizean Tabakaleran burututako prentsaurrekoan azaldu dituzte erakunde antolatzaile eta babesleetako ordezkariek.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak Gipuzkoa Encounter “jakintzak partekatu eta zabaltzeko leihoa” dela adierazi du, baita “gizarteko lehen mailako erronka den digitalizazioari erantzuten dion ekimena” dela ere. Lasak teknologia-hitzorduaren osasun ezin hobea nabarmendu du, berriro ere errekorra hautsi baitute parte-hartzaileek 400 ordenagailu-postuak 15 segundotan betez. Horrez gain, Foru Aldundiak teknologiarekin eta startup-en sorrerarekin duen konpromisoa berretsi du. Azkenik, partyaren garrantzia azpimarratu du, “jakintza partekatzeaz, ikasteaz eta ondo pasatzeaz gain lurraldearen ongizatea eta lehiakortasuna hobetzen baitu”.

 

Tolosako alkate Olatz Peon ere pozik agertu da partyak bere udalerriari dakarzkion onurekin. Teknologia berrien munduan murgiltzeko asmoz etorriko diren 2.000 eta 3.000 bisitari inguru espero dituzte Usabalen; izan ere, publikoarentzat irekitako zonan, Opengunean, doako tailer eta hitzaldiak izango dira ikasle, herritar eta enpresentzat, baita azken berrikuntza teknologikoak probatzeko aukera ere. Ordenagailuen festak herriko sektoreentzat etekin ekonomikoa ere badakarrela jakinarazi du alkateak, parte-hartzaile bakoitzak 250 euro inguru gastatzen baititu herrian.

 

Euskaltel Konekta fundazioko zuzendari eta Euskalteleko harreman instituzionalen arduradun Nerea Lupardok bost kontzeptutan laburbildu du Gipuzkoa Encounter. Batetik, 12 urteko ibilbide arrakastatsua nabarmendu du, eta ekimen honek hasieratik izan duen “teknologia jendarteratzeko” helburua. Bestetik, konektibitateaz mintzatu da, segundoko 10 gigako konexio-abiadurak Europako topaketa teknologiko azkarrenen artean kokatzen baitu Gipuzkoako hitzordua. Prestakuntza-eskaintzaren kalitatea ere azpimarratu du, interesa duten guztiek aukera izango baitute alderdi teknikoenetan sakontzeko edota eguneroko gailu teknologikoez ikasteko. Azkenik, mahai gainean jarri du Lupardok Gipuzkoa Encounterrek genero aldetik dagoen eten digitalari aurre egiteko hartu duen konpromisoa. Emakumeek informatikarekin eta teknologia berriekin loturiko lanbide eta ikasketetan bigarren mailako papera dutela adierazi du Euskalteleko arduradunak. “Teknologian ez dago ez generorik ez geografiarik, eta gure xedea berau hedatzea da”, gaineratu du.

 

Emakumeen gaiaren harira, BIC Gipuzkoako Teknologia arloko zuzendari Pablo Martinezek aditzera eman du bereziki neskei zuzendutako tailerrak eskainiko dituela Camp Tecnológico enpresak Tolosako topaketan. Gaztetxoenen artean teknologiarekiko bokazioa suspertzea izango dute helburu ekimen horiek. Bestalde, berriro ere bilkura honetan parte hartzeko eta hitzaldi zein tailerrak eskaintzeko aukera eskertu du Martinezek.

 

Azkenik, Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaile eta Euskaltel Konekta fundazioko gerente Sabino San Vicenteren hitzetan, parte-hartzaileen artean ezagutzak partekatzeko xedearekin sortu ziren euskal partyak, Araba Encounter eta Euskal Encounter barne. Eta, bigarren maila batean, “jakintza horiek bilguneetatik atera eta gizarteratzea” dute helburu ekimen hauek. Aurtengo Gipuzkoa Encounterren berritasunen artean daude crawler-ak edo irrati-kontrolez maneiatzen diren 4×4 kotxeak, baita errealitate mistoko demoak ere. “Teknologia berrietan topa daitezkeen garapen aurreratuenetarikoak” probatzeko aukera izango dela aipatu du San Vicentek. Ordenagailu bidez sortutako errealitatea ikusi, sentitu eta ukitzeko aukera ematen dute errealitate mistoko instalazioek, eta Gipuzkoa Encounterren ala deltako simulagailua testatu ahal izango da, baita objektu birtualekin elkarrekintza ahalbidetuko duen jokoa ere

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak