Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 13 Azaroa, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Puntako teknologia, % 100 Euskal Herrikoa, makinen “odola” analizatzeko

Atten2-k denbora errealean monitorizatzen ditu makina kritikoen nekea eta akatsak, haien fluidoak analizatuz

 

Atten2-k denbora errealean monitorizatzen ditu makina kritikoen nekea eta akatsak, haien fluidoak analizatuz

 

Lubrifikatzaileen arloko munduko teknologiarik aurreratuena du Atten2 konpainiak. 2002an sortu zen spin off hori, Teknikerren eskutik. Irudika ditzagun, fabrika bateko ekoizpen-prozesuan, makina kritiko baten barrutik dabiltzan fluidoak, eta konpara ditzagun giza gorputzean ibiltzen den odolarekin, zeina analizatuta zenbait arazo edo anomalia detektatzen baitira.

 

Bada, horretantxe aritzen da, hain justu ere, enpresa hori. Fluidoen monitorizazio-sistema sofistikatu bat du, akatsak eta higadurak detektatzen dituena aerosorgailu batean edo lurrunezko turbina batean —adibidez—, eta aldez aurretik iragartzen dituena zenbait arazo, gerora denbora- eta diru-galera handiak eragin ditzaketenak.

 

Zer testuingurutan sortu zen ideia hori?

2002an jaio zen, Tekniker teknologia-zentroaren ekimen bati esker. Europako lubrifikatzaile-laborategi nagusietako bat zuen zentro horrek eta, urte luzeak eman ondoren informazioa biltzen eta ezagutza sortzen, jabetu ziren digitalizazioa ezinbestekoa izango zela etorkizunean. Urte batzuk geroago ikusita, profetikoa ere izan zen burutazio hura; izan ere, teoria hutsa zen sasoi hartan gaur egungo IoT (Internet of Things, Gauzen Internet).

 

Lehiakortasuna galtzeaz edo kostuen igoera izugarriaz ari garela, horretaz ere ari gara, edo? Alegia, makina bat hondatzen baldin bada, egoera txarrean geratzen da enpresa, hura konpontzearen kostuagatik eta, batez ere, enpresarien argotean “lortzen ez den irabazia” deritzonagatik…

Halaxe da, bai. Industriaz —oro har— ari garela, zenbait kostu-mota datozkigu burura; besteak beste, mantentze-lanei dagokiena. Hori dela-eta, makinen funtzionamenduaren ikuspegi oso zehatza eduki behar da, prozesu jakin bati errendimendu erabatekoan jardunarazteko. Horregatik garatzen dira analisi- eta diagnostiko-estrategiak, eta, horrenbestez, gaur egun online egin daiteke hori guztia, hots, gure makinen egoera denbora errealean monitorizatzen duten zenbait sentsore instalatuta. Makinen funtzionamenduaren gaineko informazio zehatza ematen dute sentsore horiek, eta ekoizpen-prozesuak haien egoerari nola eragiten dien adierazten.

 

Azalduko al diguzu nola egiten den diagnostiko hori?

Labur adierazita, hau egiten dugu: makinatik igarotzen den fluidoaren kondizioak neurtzen ditugu, gizaki baten gorputzeko odol-fluxua neurtzen ari bagina bezala. Hortik jasotzen dugun informazioa erabiliz, fluxu horren eta hark dituen partikulen kalitatea aztertzen dugu, kamera baten bidez. Normalean, makinen higadurak sortuak izaten dira partikula horiek; horregatik, argitu behar da zer abiaduratan gertatzen den hori, eta zergatik.

 

Matxuren iragarpena eta prebentzioa ere aipatu dituzu… Zer denbora-epez ari gara?

Makina-motaren araberakoa izaten da hori, baina zenbait arazo urte batzuk lehenago iragartzea badago. Aspaldi honetan, makinak konpontzea edo piezak aldatzea da joera nagusia; guk, berriz, hau proposatzen diogu merkatuari: eragiketak nabarmen hobetzea, ingeniaritzaz baliatuz. Kontua ez da pieza bat aldatzea bakarrik, baizik eta jakitea nola hobetu daitekeen jarduera produktiboagoak izateko.

 

Zer sektoretarako dira egokiak diagnostiko-mota horiek?

Jakina, gu lantzen ari garen aktiboen eragin handia duten prozesuez ari gara. Hor ditugu, adibidez, energia sortzen duten enpresak (turbina handiak, aerosorgailu handiak), non oso handia baita aktibo horren kostua edo harekin lotura duten ekoizpen-prozesuena. Izan ere, nahikoa da makina bakar batek huts egitea kate osoa geldiarazteko. Ingurune horietarako da egokia teknologia-mota hori; dena dela, hori behar bezala aplikatzeko, digitalizazioaren kultura berenganatu behar dute enpresek.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak