Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 22 Marzo, 2019 Digitalizazioa Ekintzailetza Bind40 Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Errealitate birtuala eta errealitate areagotua prestakuntzara eta informaziora bideratuak, Solid Virtual enpresaren eskutik

Solid Virtual enpresak garatutako errealitate birtualeko produktu bat.

 

Euskal konpainia honek uste du teknologia horiek funtsezkoak izango direla etorkizunean gizaki-makina arteko komunikazioetan

 

 

Solid Virtual euskal startup-ak errealitate birtualarekin eta errealitate areagotuarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu 2016tik. Nahiz eta hasieran higiezinen sektorera bideratuta zegoen, orain dela bi urte 4.0 Industriara begira jarri zen, BIND 4.0 programan parte hartu ondoren. Enpresako Negozio Garapen saileko arduradun Sergio Ponzek dioenez, Solid Virtual-eko plantillan dauden hamalau langileen ametsa da euren proiektu eta garapenak Santurtzitik mundura zabaltzea.

 

Nola sortu zen Solid Virtual?

Solid Virtual Garayar taldearen barruan sortu zen. Talde horrek aktibo turistikoen sektoreko zerbitzu profesionalak eta inbertsio eta kudeaketa zerbitzuak eskaintzen ditu. Ohartu ziren higiezinen mundua zaharkituta zegoela etxebizitza berriak plano gainean saltzeko erabiltzen ziren formulekin, eta erabaki zuten tresna berri bat sortzea 3Dko irudi bidez erakusteko nolakoa izango den etxe bat eraiki ondoren eta errazagoa egiteko horrela bezeroei erosketa prozesua. Gizakia ohituta dago hiru dimentsiotan lan egiten. Baina planoak bi dimentsiotakoak dira eta horrek zalantzak sortzen dizkigu etxebizitza bat erostean, alegia, gure bizitzako erosketa handiena egitean. Fede handia behar da inbertsio bat egiteko jakinik urtebete edo bi urte beharko ditugula inbertsio horren emaitza ikusteko; horregatik, 3D tresnak oso baliagarriak dira etxebizitza nolakoa izango den irudikatzeko. Horrela sortu zen 2016an Solid Virtual abiarazteko eta errealitate birtuala eta errealitate areagotua erabiltzen hasteko ideia.

 

Zergatik erabaki zenuten zuen zerbitzuak industria mundura zabaltzea?

Bagenekien gure negozio-eremuak dibertsifikatu behar genituela eta horregatik hasi ginen beste sektore batzuk aztertzen. Ikusi genuen 4.0 Industriaren arloan gauza asko egin daitezkeela informazioa bistaratzeko edo langileei prestakuntza emateko, eta industriara jauzi egitea erabaki genuen.

 

4.0 industriaren arloko zein proiektu garatu duzue?

Zorionez, duela bi urte BIND 4.0 programan parte hartzeko hautatuak izan ginen. BIND 4.0 industria sektoreko startup-ak azeleratzen dituen programa publiko-pribatu bat da, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duena, non startup-ok proiektuak garatzen baititugu euskal enpresa trakziogileentzat. Bi kontratu sinatu genituen, bata errealitate areagotuaren arlokoa eta bestea, errealitate birtualekoa.

 

Errealitate areagotuaren arloko kontratuaren helburua zen Apple-ren iOS sistema eragilerako aplikazio bat, beraizik pentsatua zegoena Mercedes-Benz enpresako hornitzaileen piezen kalitatea baliozkotzen duten langileei laguntzeko. Proiektu horretan bi teknologia konbinatu genituen, batetik, ikusmen artifiziala pieza errekonozitzeko eta, bestetik, errealitate areagotua, piezari geruza bat gainjartzeko bere informazio errealarekin, eta horrela egiaztatzeko behar bezala fabrikatu dela. Aplikazio horri esker, erabiltzaileak ez du pieza zehatz baten neurriak bilatzen ibili beharrik; gailu mugikorraren kamera piezarantz zuzentzean, aplikazioak pieza errekonozituko du ikusmen artifizialari esker, eta langileari esango dio zein neurri izan behar dituen, denbora aurrezten duelarik.

 

Bigarren proiektua Fagor enpresarentzat izan zen. Langileen prestakuntzara bideratutako simulazio bat egin genuen injekzio-molde batzuk nola iraultzen ziren irudikatzeko. Errealitate birtualak abantaila asko dauzka prestakuntzarako beste tresna batzuekin alderatuta, eta oso eraginkorra da informazioa atxikitzeko eta ezagutzak transmititzeko. Gainera, prestakuntza hori ingurune kontrolatu batean egin daiteke, arriskurik gabe eta makina errealak erabili gabe edo produkzioa gelditu beharrik gabe.

 

Enpresei interesatzen al zaizkie errealitate birtualaren eta errealitate areagotuaren arloko konponbideak?

Azken urteotan ikusi dut gauzak hoberantz aldatu direla, enpresak hasi direlako jabetzen horrelako teknologiek izan ditzaketen abantailez. Gure bezeroek badakite teknologia horiek baliagarriak direla eta konpainia asko dagoeneko hasi dira halakoak aplikatzen. Euskal enpresa handi gehienak aztertzen ari dira zer egin dezaketen horrelako teknologiekin, edo dagoeneko egin dute zerbait.

 

Zeintzuk dira errealitate birtualaren eta errealitate areagotuaren erronka teknologikoak?

Gaur egun, errealitate birtuala ikusmenera eta entzumenera bideratua dago. Orain gainerako zentzumenak landu behar ditu, eta, egia esan, dagoeneko lantzen hasita dago: ukimena, dastamena eta usaimena.  Teknologia horien aparraldia etorriko da kontsumitzailearengana iristen direnean, eta une hori gero eta hurbilago dago, zeren jadanik merkatuan baitaude Oculus Go eta Oculus Quest bezalako bisoreak, prezio eta prestazio onekoak, erabilerrazagoak, arinagoak eta harigabeak. Errealitate birtuala pixkanaka ari da eboluzionatzen, baina badoa aurrera. Errealitate areagotuak ere arazo berberak ditu, baina lau aldiz handiagoak. Gaur egun existitzen diren bisoreak oso handiak dira eta irudiaren kalitatea ez da ona. HoloLens 2 eta Magic Leap gailuen merkaturatzeak jauzi handi bat suposatu lezake, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Hala ere, gauza asko egin daitezke eskura dugun hardwarearekin.

 

Etorkizunean norantz bideratu daitezke teknologia horiek enpresa munduan?

Uste dut errealitate areagotua erabiliko dugula makinekin elkarreragiteko eta informazioa eskuratzeko. 1.0 Weba estatikoa zen eta 2.0k aukera eman zigun webarekin elkarreragiteko. 3.0 Webean informazioa espazialki kokatuta egongo da eta gailu konektatuekin eskuratu ahal izango da, adibidez, errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko bisoreekin. Makinekin elkarreragiteko modua guztiz aldatuko da. Etorkizunean ez ditugu erabiliko saguak edo ukimenezko pantailak. Ahotsezko aginduekin komunikatuko gara, Siri, Alexa, Cortana edo Google Assistant bezalako laguntzaileekin. Teknologia horiei esker makinekiko elkarreragina naturalagoa izango da, eta informaziora sartzeko “input” gisa erabiliko ditugu errealitate birtuala (beste mundu batera joan nahi badugu) eta errealitate areagotua (mundu honetan gelditu nahi badugu).

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak